Jordi Pujolek onartu du 30 urtez dirua legez kanpo gorde duela, atzerrian

Ogasuna eta auzitegien aurrean azalpenak emateko prest agertu da Pujol.

Ez du zehaztu aitaren partetik jasotako herentziaren kopurua

Adrian Garcia -

2014ko uztailak 26
«Okerrarengatik» barkamena eskatu du Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiak. Hark eta haren familiak «egunotan» erregularizatu dute 30 urtez legez kanpo atzerrian gordetako dirua. Hedabideetara zabaldutako oharrean adierazi du haren aita Florenci Pujol i Brugaten partetik 1980an jasotako herentziaren kudeaketak haren emazte Marta Ferrusola eta haren zazpi seme-alabak «kutsatu» dituela. Herentzia zenbatekoa zen ez du zehaztu. 2012an salbuespen gisa atzerriko gordailuak erregularizatzeko irekitako epea baliatu du Pujolen familiak.

Senideak errugabetu nahi izan ditu Pujolek. Haren aitak atzerriko dibisen salerosketan dirua egin zuen, hainbat hedabideek zabaldu dutenez. Lortutako irabaziak Ferrusola errainaren eta haren zazpi seme-alaben izenean jarri zituen, uste baitzuen Pujolen politikagintzan jarduteko erabakia «etorkizunik gabekoa» zela, azaldu du presidente ohiak. Beldurra ematen zion aitari zer gerta zekiokeen Pujol bezalako politikari «konprometitu» bati.

1980ko irailean zendu zen Pujolen aita, Pujol Generalitateko presidente izendatu eta bost hilabetera. Seme-alaba ia guztiak adingabeak zirenez, presidente ohia egin zen legez diruaren arduradun.

Pujolek oharrean dio haren «kontzientziak eta karguak» herentzia legezko testamentutik «baztertzera» eraman zituela. Orduan familiaren «konfiantza osoko» pertsona baten esku utzi zuen herentziaren kudeaketa eta erregularizazioa. Ez zuten, ordea, erregularizatu. Behin testamentua pertsona horren esku utzita, Pujolek ez zuen «xehetasun txikienik ere» jakin nahi izan auziaren inguruan.

Seme-alabak adin nagusitasuna lortzean, pertsona horrek kudeaketa seme-alabetako baten esku utzi zuen. «Orduan nire familia kutsatu zuen nire jatorriko okerrak».

Orain bi urte hasi ziren hedabideak Pujol sendiaren baliabide ekonomikoen inguruko informazioak zabaltzen, eta, hori dela eta, oharra argitaratzeko beharra ikusi du.

«Zoritxarrez», nabarmendu du Pujolek, azken 30 urteotan ez du «momentu egokirik aurkitu» diru hori erregularizatzeko. Pujolek «min handiarekin» onartu ditu eginak, batez ere haren familiari eta harengan sinetsi dutenei «huts egiteagatik».

Presidente ohiak dio bera dela «arduradun bakarra», eta prest agertu da Ogasunaren, eta, beharrezkoa balitz, auzitegien aurrean erantzuteko, horrela «iradokizun eta iruzkinak amaitzeko».

Hedabideek familiaren baliabide ekonomikoen inguruan argitaratu dute azkenaldian. El Mundo egunkariak orain dela gutxi argitaratu du 3,4 milioi euro sartu zituztela 2010ean Andorrako banku batean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna