Gerra Libanora hedatzeko saialdia egin dute jihadistek Arsali erasota

Libanoko ipar-ekialdean borroka gogorrak izan dira armadaren eta Siriako matxinoen artean
Libanoko soldaduak, Arsal herritik gertu.
Libanoko soldaduak, Arsal herritik gertu. WAEL HAMZEH / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 5
Siria eta Libano arteko muga menditsua jihadisten eta Libanoko armadaren arteko borrokalekua izan da hirugarren egunez. Arsal Libanoko ipar-ekialdeko herri inguruan piztu ziren borrokak larunbatean, segurtasun indarrek Al-Nusra Fronteko ustezko buruzagi Ahmad Jooma atxilotu, eta Siriako matxinoek herria hartzeko erasoari ekin ziotenean. Borroken ondorioz, milaka lagunek ihes egin dute eremu horretatik; horietako asko Siriako iheslariak dira. Armadak dio azken orduetan hainbat gune estrategiko berreskuratu dituela. Siriako eta Irakeko mugak gatazkaren ondorioz lausotu egin dira, eta gerra beste herrialde batera zabaltzeko saialdia egin dute Siriako matxinoek.

Gutxienez sei zibil hil dituzte borroketan. Armadako iturrien arabera, jaurtigai batek jota hil dira hiru haur. Beste bi, lagun jihadistek Arsalgo polizia etxeari eginiko erasoan, eta beste bat, frankotiratzaile batek tiro eginda. Beirutek aitortu du gutxienez hamalau militar hil dituztela, koronel bat tartean. Beste hogeita bi soldadu galduta daude. Militarrek «dozenaka terrorista» hil dituzte.

Musulman sunitak bizi dira nagusiki Arsalen, baina inguruko herrietan xiitak dira gehiengoa. Siriako mugatik hamazazpi bat kilometrora dago herria. Inguru horretan tirabirak izan ohi dira milizia islamisten eta armadaren artean. Baina egunotakoa da Siriako gerra zibilari lotutako gertakaririk larriena.

Txinpartarik txikienak ere sute handia eragin dezake Libanon, eta lehentasuna bihurtu da gobernuarentzat Siriatik iritsitako talde islamisten mehatxua lehenbailehen itzaltzea. Bide horretan, larrialdian jarri du herrialdea, tropa guztiak mobilizatu eta abiazioa eta eliteko komandoak bidali ditu borroka eremura.

Jean Kahwagi armadako buruzagiak baztertu egin du Al-Nusra Frontearekin lotutako atxiloketa izatea borroken arrazoia. «Eraso terrorista hauek ez dira halabeharrezkoak. Aspaldi prestatu zituzten, eta unerik egokienaren zain egon dira». Atzo arratsaldean armadak su-etena eman zuen bi buruzagi sunitek matxinoekin hitz egin zezaten; hala argitaratu du Libanoko Daily Star egunkariak iturri militarrak aipatuta. Halere, edizio hau ixteko orduan menia ezarri gabe zegoen artean. Gobernuak nahi du Musulmanen Adituen Batzordeko bi kide matxinoekin biltzea, gatibu hartutako soldaduak askatzeko.

Hala eta guztiz ere, Tamman Salam lehen ministroak argi utzi nahi izan du ez diela amore emango matxinoen eskaerei. «Ez dugu akordio politikorik egingo muturreko islamistekin. Irtenbide bakarra miliziek Libanotik alde egitea da».

Hezbollah mugimendu xiitak babesa erakutsi dio armadari: «Libano ez da Mosul», adierazi du alderdiko buruzagi Mohammad Yazbekek, muturreko islamista sunitek hartutako Irak iparraldeko hiriari erreferentzia eginez. Alderdiko kideei dei egin die armadari laguntzeko. «Ez dugu utziko gure meskitak eta elizak suntsitzea». Milizia horien aurka borrokatu da alderdi xiita Siriako gerra zibilean.

Libanotik oso gertu, Siriako Al-Qalamun eskualdean, muturreko hainbat talde islamista batu eta Al-Qalamun Ekialdeko Armada Beltza koalizioa sortu dute. Interneten zabaldutako bideo batean, Estatu Islamikoa (EI) taldearen jarrera kritikatu dute, «proiektu islamikoa usteldu» duelakoan. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, Deir ez-Zor eskualdetik EIk kanporatutakoek osatu dute koalizioa.

Kurduak, borrokan bat

Orain arte Irakeko peshmerga indar kurduak izan dira EIko borrokalariak geldiaraztea lortu duten bakarrak. Islamisten erasoaldiaren ondotik kurduek aldarrikatutako lurralde historikoak bereganatu dituzte. Herenegun, ordea, orain arteko kolperik latzena jaso zuten. EIk, matxino sunitek lagunduta, kurduen esku aspaldi egon diren hainbat hiri hartu zituen. Islamistek Sinjar hiria, inguruko herri txikiagoak eta petrolio eremuak dituzte orain kontrolpean. Milaka lagunek etxea utzi behar izan dute erasoaldiaren ondotik. Hainbat hedabidek zabaldutakoen arabera, islamistek kurduen menpeko Irakeko urtegirik handiena hartu dute. Kurduek gezurtatu egin dute hori, urtegiaren irudiak erakutsiz.

Masud Barzani Kurdistango Eskualde Autonomoko presidenteak azaldu du, babes jarrera utzi, eta erasoari ekingo diotela galdutako eremua berreskuratzeko. Nuri al-Maliki Irakeko lehen ministroak hitzeman die armadaren abiazioak lagundu egingo diela. Siriako mugatik gertuko hainbat herri berreskuratu dituzte jada peshmergek.

Kurdu guztiei dei egin diete islamisten aurkako borrokara batzeko. «Kurduek, iparraldekoaek, hegoaldekoek, ekialdekoek zein mendebaldekoek, Sinjar herriaren erasoaren aurka egin behar dute», azaldu du PKK Kurdistango Langileen Alderdiak.

Ez dira beti onak izan Siriako eta Irakeko buruzagi kurduen arteko harremanak. Halere, Siriako kurduek muga gurutzatu dute EIren aurka Iraken borrokatzeko, PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiak jakinarazi duenez. Siriako kurduak islamisten aurka borrokatu dira Siriako gerra zibilean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna