Giza hondamendiaz ohartarazi dute Ukraina ekialdeko Luhansk hirian

Armada prestatzen ari da Donetsk eta Luhansk hirietan sartzeko.

250.000 lagun inguru Luhansketik atera ezinik geratu dira
Emakume bat bere etxearen egoera aztertzen, Ukraina ekialdean.
Emakume bat bere etxearen egoera aztertzen, Ukraina ekialdean. IGOR KOVALENCO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 6
Ukrainako armadak matxinoen kontrolpeko lurraldeetan aurrera egin ahala, gotortutako Luhansk eta Donetsk hirietako biztanleen egoera okerrera doa. Giza korridoreak ireki zituen Kievek bi hiri horietan eta Horlivkan(Donetsk eskualdean), eta herritarrei eskatu zien eremutik alde egiteko. Luhansk hiriburua hustu egin da, baina 250.000 lagun inguruk ezin izan dute hiria utzi. Ia milioi erdi biztanle zituen gatazka piztu aurretik. Hiriko agintariek diote «giza hondamendia» ari dela gertatzen.

Hirian geratu diren gehienak edadetuak eta umeak dituzten familiak dira. «Egoeraren gatibu dira. Ez dute hiritik ihes egiteko dirurik edo ez dute nora jo», azaldu du udalak ohar baten bidez.

«Luhanskek ez du argindarrik. Egoera kritikoa da. Argindarrik gabe, giza hondamendia gertatzen ari da», diote agintariek. Igandetik daude eskualdeko herritarrak argindarrik eta urik gabe. Petrolio eskasiaren ondorioz, gainera, zabor bilketa zerbitzua bertan behera utzi dute, eta «hondamendi ekologikoaren amildegian» dago hiria. Egunotako beroak zibilen baldintzak okertu dituzte.

Egunero izaten dira Ukraina ekialdeko Donetsk eta Luhansk hiriburuetan armadaren eta matxinoen arteko borrokak. Izan ere, armada prestatzen ari da bi hirietan sartzeko. Hala adierazi du militarren bozeramaile Andrei Lisenkok. «Armada hirien inguruetan dago. Horrek ez du esan nahi erasoa hasi denik». Donetskeko kanpoaldean borroka gogorren berri eman zuten atzo. Apirilean Kievek erasoaldia hasi zuenetik gutxienez 1.100 soldadu eta zibil hil dira.

Iheslariak, Errusian

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatari Vincent Cochetelek adierazi du Ukrainako armadak menpean hartu duela matxinoek hartutako lurraldearen %75, eta, ondorioz, 20.000 bat lagun etxera itzuli direla. Dena den, asko falta dira itzultzeko; Sloviansk hiriko 120.000 biztanleetatik %70 ez dira itzuli. Uztailaren 5ean berreskuratu zuen hiria armadak.

Cochetek ohartarazi du hiri horietan zibilen azpiegitura asko suntsituta daudela. Hainbat lekutan, etxebizitzen %60 hondatuegi daude bizitzeko.

Iheslari gehienek Errusiara jo dute. Moskuk dioenez, 730.000 iheslarik gurutzatu dute Ukrainako muga. UNHCRk kopuru hori berretsi du. «Sinesgarria da datu hori. Muga gurutzatu dutenak ez dira turistak, Ukraina ekialdeko egoeratik ihesi iritsi dira Errusiara».

Haatik, soilik 168.000 lagunek eskatu dute babesa. Oro har, errefuxiatuek ez dute izenik eman nahi izaten, etxera itzultzean erasoak sufrituko dituzten beldur. Bestalde, Cochetelen arabera, gutxiengo etnikoek ere ez dute babes eskaera egin nahi izaten, ez baitira agintariez fio. Halaber, beste 117.000 iheslari daude Ukrainan bertan.

Ukrainako 400 soldadu inguruk armak utzi eta Errusiako muga gurutzatu zuten astelehenean. Asteak zeramatzaten bakarturik, matxinoen eremuaren eta Errusiako mugaren artean harrapatuta. Munizioa eta elikagaiak bukatzean hartu zuten erabakia. Ria Novosti albiste agentziak dio beste 4.000 soldadu egon daitezkeela egoera horretan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna