Hainbat soldadu siriar hil dira Estatu Islamikoaren aurkako borroketan

NBEren misio behatzaileko 43 'kasko urdin' preso hartu dituzte jihadistek Golango Gainetan
NBEren soldadu bat, Golango gainetan.
NBEren soldadu bat, Golango gainetan. ATEF SAFADI / EFE

Samara Velte -

2014ko abuztuak 29
Siriako ipar-ekialdean IS Estatu Islamikoaren aurka borrokan dabil egunotan Baxar al-Assaden armada. Taqbako aireportu militarra da istiluen gune nagusia: ISko militanteek igandean kendu zieten gobernuko soldaduei; armadak berreskuratzeko operazioa hasi zuen, eta batailak atzo arte iraun zuen. Azkenean, gobernuko soldaduek miliziano sunitak erretiratzera behartu zituztela argitaratu zuen Sanak, Siriako berri agentzia ofizialak.

Hala ere, bataila horren inguruan gertatutako sarraski baten berri ere eman du Giza Eskubideen Siriako Behatokiak. Egoitza Erresuma Batuan daukan erakunde horrek dioenez, jihadistek «dozenaka» soldadu hil dituzte egunotan: ISk aireportu militarraren gaineko kontrola hartu zuenean, 1.400 soldadu zeuden bertan, eta 700 inguruk ihes egitea lortu zuten. Horietatik ia berrehun desertuan harrapatu ei dituzte jihadistek, eta bertan hil.

Bestalde, Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi du «talde armatu batek» preso hartu dituela 43 kasko urdin Golango gainetan, Siriaren eta Israelen arteko mugan. Behaketa misioko beste 81 kideri, berriz, eskualde horretan mugitzea galarazi diete. Denera, sei herrialdetako 1.223 soldaduk osatzen dute misioa.

NBEk herenegun ere ohartarazi zuen IS «basakeriak» egiten ari zela Sirian. Alepo eta Raqqa probintzien inguruan «torturak, desagerpenak eta jendaurreko hilketak» egitea egotzi zion, baita «osasun arloko langileei, erlijiosoei eta kazetariei sistematikoki eraso» egitea ere. Dena den, Siriako armadari ere hartu zion kargu, gai kimikoak dituzten bonbak jaurtitzeagatik. Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera, atzo ISren egoitza bat bonbardatu zuen armadak Deir ez-Zor probintzian, milizia sunitako «buruzagiak eta lider erlijiosoak» barruan zeudela.

Istiluen hedadura

IS 2012an hasi zen hedabideetako tituluetan agertzen: Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoa (ISIS) izenarekin, Siriako Gobernuaren aurkako matxino gisa aurkeztu zuten. Bi urte geroago —aurtengo urtearen hasieran—, Irakera hedatu zuen bere jarduna, eta hilabete eskasean lur eremu zabala eskuratu du. «Iraken askoz hobeto antolatuta eta finantzatuta dago, baliabide eta ekipamendu militar ugari eskuratu dituelako», dio NBEren txostenak. «Eremu zabalak hartu ditu kontrolpean iparraldeko eta ekialdeko probintzietan, baita petrolio ugari daukatenetan ere». Hainbat tokitan muturreko suniten eta Saddam Husseinen gobernuko soldadu ohien babesa jaso du. Kalifa-herria aldarrikatu zuenetik, «motibazio ideologiko eta esperientzia handiagoko militante atzerritarrak» ere erakarri ditu, NBEren diagnosiaren arabera.

François Hollande Frantziako presidentearen ustez, ez da aski ISren aurka borrokan ari diren taldeei laguntza militarra ematea: horregatik, nazioarteko konferentzia bat eskatu du Ekialde Hurbileko erakundeekin lankidetza mota guztiak aztertzeko: «Giza laguntza, segurtasun auziak eta baita arlo militarra ere». Irakeko Gobernua osatu ostean egingo lukete bilera hori. Siriako Gobernuarekin, ordea, ez du lan egin nahi: «Duela urtebete esan nuen nazioarteak esku hartu behar zuela Sirian. Baxar al-Assadek ezin du terrorismoaren aurkako borrokan aliatua izan». Hollanderen ustez, garaiz esku ez hartzeagatik hedatu dira miliziak.

Alemaniako Parlamentuak datorren astelehenean bozkatuko du Iraken menpeko Kurdistan autonomoko peshmerga kurduei laguntza militarra eman edo ez. Europako Batasunak estatu bakoitzaren esku utzi du erabakia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna