Estatus berezia matxinoen eremuan soilik ezartzea nahi du Kievek

Errusiazaleek Luhansk eta Donetsk eskualdeen «osotasuna» aldarrikatu dute
Emakume bat, Ukrainako soldadu talde baten ondotik igarotzen, atzo, Sloviansk hirian, Donetsk eskualdean.
Emakume bat, Ukrainako soldadu talde baten ondotik igarotzen, atzo, Sloviansk hirian, Donetsk eskualdean. R. PILIPEY / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 10
Ukrainako ekialdeko estatus bereziaren inguruko desadostasunek bake prozesua atzeratzea ekar dezakete. Izan ere, Minsken sinatutako protokoloaren hamabi puntuetatik eztabaida handiena boterearen deszentralizazioarenak sortu du, interpretazio askotarako ematen baitu. Akordioaren arabera, Ukrainak eskualde horien autogobernua arautuko duen legea onartu behar du. Horretarako, bi aldeek negoziazioak hasi behar dituzte. Ez dira elkarrizketa errazak izango. Kievek orain proposatu du eskumenak soilik matxinoek kontrolatzen duten eremuari ematea, eskualde osoari eman beharrean. Haatik, matxinoek Luhansk eta Donetsk eskualdeen «osotasuna» aldarrikatu dute. Eskualde bakoitzaren herena kontrolatzen dute. Horrez gain, beste herrialdeekin akordioak egiteko eskumenak nahi dituzte.

Errusiazaleek ez ezik, Ukrainako oposizioak ere gogor kritikatu du Petro Poroxenko presidentea puntu horren inguruan. Julia Timoxenko Batkivstxina alderdiko buruak eta lehen ministro ohiak Donetskeko eta Luhanskeko Herri Errepublikak aitortzea leporatu dio. Haren ustetan, matxinoen agintariek protokoloa sinatuta Kievek zilegitasuna eman die haien eskakizunei.

Jevhen Perebinis Atzerri Ministerioaren bozeramaileak defendatu egin du Poroxenko. Hark esan duenez, ez dituzte matxinoen eskizunak aitortu, kargua jarri gabe sinatu baitzuten errusiazaleen buruek. «Protokoloa sinatzeak ez du esan nahi talde horien zilegitasuna aitortzea. Ukrainaren lurralde batasuna du oinarri».

Su-etena errespetatu dute bi aldeek oro har, egunero borroken berri eman duten arren. Atzo, beste behin, elkarri leporatu zioten akordioa hautsi izana. Ukrainako armadak esan du zaintza postuen aurka su egin dutela matxinoek. Armadaren arabera, ostiraletik, menia indarrean sartu zenetik, bost soldadu hil eta beste 33 zauritu dituzte. Halaber, matxinoen 89 eraso zenbatu dituzte.

Handia da aldeen arteko mesfidantza, eta horrek are hauskorragoa egiten du menia. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek salatu du Kievek tropak bildu dituela Debatseve hiri inguruan, Donetsk eskualdean. «Frogen arabera, ondoriozta daiteke borrokarako kontingente bat prestatzen ari direla. Hitzak ekintzekin berretsi behar ditu Ukrainako Gobernuak».

Bestalde, EB Europako Batasunak onartu egin du Errusiaren aurkako zigorrak gogortzea. Halere, zigor horiek ez dira berehala sartuko indarrean. Gaur bilduko dira 28 herrialdeak onartutako neurriak noiz ezarriko dituzten erabakitzeko. Ezartzen badituzte. Izan ere, desadostasunak daude kideen artean, eta batzuek denbora gehiago eskatu dute Ukraina ekialdean hasitako bake prozesuaren bilakaera ikusteko. Dena den, zigorrak onartuta daude, eta, beraz, ezeztatzeko, kideek aho batez adostu beharko dute berriro. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak «ekintzak ikusi» nahi ditu. «Protokoloa bakarrik ez da nahikoa. Menia egonkortzen bada, zigorrak kentzeari buruz hitz egin dezakegu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna