Ohea bete berotasun

Etxegabeengan hotzaldiak duen eragina arindu eta haiek aintzat hartuak izateko aterpea eskaintzen dute zentro batzuek. Gaua eroso pasatzeko paradaz eta jakiez harago, bizikidetzan sakondu dezakete.

Oihan Vitoria.
Donostia
2015eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Arropa garbia, lotarako tokia, egongela, sukaldea eta dutxa. Akaso inori gutxiegi irudi dakioke. Dena dela, badira biziki eskertzen dutenak ere: etxegabeak. Neguaren gordina gertu-gertutik ezagutzen dute. Badakite zer den kalean lo egitea, jateko dirurik ez izatea edota higienerako aukerak mugatuta edukitzea. Ezin hobeki ikasi dute, orobat, kanpoko hotza eta barruko beroa bereizten. Beste erremediorik ez dute izan; alde ederra dagoela frogatzea egokitu baitzaie. Lehen pertsonan. Azalean. Justuki, horri buelta emateko eta hotzak etxebizitzarik gabe bizi direnengan daukan eragina murrizteko aterpea eskaintzen dute zenbait zentrok. Donostian, esaterako, bada horretarako aukerarik: etxerik gabeei harrera egiteko lau zentro daude; Caritasek kudeatzen ditu bi, eta udalak, beste bi.

Hotzaldi aterpetxea da horietako bat. Berrogei ohe ditu. 2005az geroztik martxan bada ere, itxuraz, mamiz eta asmoz erabat berrituta zabaldu zituen berriro ateak joan den abenduan, Ategorrieta etorbidean. Etxerik gabeek eta baliabiderik ez dutenek hartzen dute han aterpe; %70 dira immigranteak. Azken urteotan, ordea, dezente aldatu da soslaia. Lehen, familia eta lagun hausturengatik baliabiderik gabe geratutako jendea joaten zen aterpera. Apurka-apurka, krisialdiak gogor jotakoen bizitoki ere bilakatu da. Orain, beharrean arituak dira gehienak; kualifikatuak dira asko eta asko.

Horregatik hedatu dute zerbitzua urte osora; negu sasoira bakarrik mugatu gabe. Gauak epel igarotzeaz harago, gosaltzeko, hitzak gurutzatzeko eta aintzat hartuak sentitzeko abagunea badute. Gaur-gaurkoz, Caritaseko 70 boluntario ari dira egiteko horretan.

Baina Hotzaldi aterpetxea hori baino «askoz gehiago» da, Jose Antonio Lizarraldek nabarmendu duenez; Gipuzkoako Caritaseko etxerik gabeentzako departamentuko arduraduna da. Azaldu du elkarteko kudeatzaileak bideak irekitzen saiatzen direla, ikastaroak prestatuz, sozializazioan lagunduz, aukera berriak arakatzen lagunduz... «Azken finean, aterpea zubi bat da, hara heltzen direnak noizbait beren kabuz bizitzeko gai izan daitezen, laguntza jaso ondotik. Baliabide eraginkorrak ematea dagokigu guri».

Alabaina, tentuz jardutea premiazkoa dela ohartarazi du: «Hezitzailea ezin da artatzen ari den pertsonaren pentsamenduaren jabe bihurtu. Inola ere». Lizarraldek deritzo, horrez gain, «norberaren gaitasunen, ausardien eta baliabideen» araberakoa izan behar duela profesionalen esku hartzeak, banakako jarraipen zehatz eta irmoa egitea ezinbesteko jota.

Donostiako Udalak ere baditu etxegabeen arretarako bi zentro, urte osoan zabalik direnak: batak, Abegi etxeak, berrogei ohe dauzka, eta besteak, 32. Hotzaldiei aurre egiteko zerbitzu aringarri gisa abiarazi zituzten biak duela hainbat urte. Denborarekin, alabaina, ohartu dira gaua pasatzearekin ez zela aski. Premiak bultzaturik ere hartu dute erabakia: Donostian, 80 bat pertsona bizi dira karrikan. «Izan hotza edo izan beroa, ostatu bat eskaintzea da lehentasuna.Pertsonak dira, eta, urtaroa dena delakoa izanda ere, guk hala tratatzea merezi dute, errespetuarekin, edonor irits baitaiteke egoera latz horretara», adierazi du Iñigo Estonba Donostiako Udaleko gizarteratze zerbitzuko buruak.

Orain ere udalak badauka protokolo bat zehaztuta, hotz handia egiten duenerako: tenperatura 0tik beherakoa denean, hiru gela egokitzen dituzte Abegi etxean, premia dutenek han egin dezaten lo, mugarik gabe; beste gunean, zortzi ohe gehiago jartzen dituzte halakoetan. Asteartean ipini zuten martxan protokoloa, 2015ean lehenbizikoz: hamasei etxegabe agertu ziren; herenegun, berriz, 26. Beharren arabera, «baliabide gehiago» jartzea aurreikusten du udalak, eta Estonbak iragarri duenez, litekeena da aste osoan zehar zabalik egotea bi zentro horiek.

Lizarraldek argitu du, hala ere, Caritasek neguan ez duela zerbitzu gehiago abiarazten. «Gertatzen dena da etxegabeak presenteago bihurtzen direla hotza egiten duenean». Baina, berotasun fisikoa bakarrik ez, zentroetara joaten direnen arteko harremanak bultzatzen ere saiatzen dira, Lizarralderen hitzetan. Atzo, esate baterako, ehun pertsona baino gehiago bildu ziren, bazkaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.