Euskara, ikerketarako ere bai

Iker Gazte ikerlari euskaldunen nazioarteko biltzarra egingo du UEUk maiatzaren 13tik 15era, euskarazko ikerkuntza sustatzeko; 120 ikerketa aurkeztuko dituzte.
Ikertzaile bat lanean, Zamudioko (Bizkaia) laborategi batean.
Ikertzaile bat lanean, Zamudioko (Bizkaia) laborategi batean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2015eko martxoak 19
Maiatzaren 13tik 15era antolatuko du UEU Udako Euskal Unibertsitateak (Bizkaia) ikertzaile euskaldunen nazioarteko I. biltzarra, Durangon, Iker Gazte izenpean. «Ikertzaile euskaldunen ikusgarritasuna areagotzea, haien arteko ezagutza sustatzea eta euskarazko zientzia produkzioa bultzatzea»; horiexek helburuak. Izena emateko epea zabalik dago, eta matrikulazioa martxoaren 31 baino lehen egiten dutenek merkeago lortzeko aukera izango dute.

Iñaki Alegria (Donostia, 1958) da UEUko zuzendaria. Haren aurretik, Karmele Artetxe (Zamudio, Bizkaia, 1976) aritu zen ardura horretan. Biak ala biak pozik eta ilusioz beterik agertu dira biltzarraren proiektua dela eta. Ez da harritzeko: komunikazio akademikoak jasotzeko epea amaituta, 135 bildu dituzte, Euskal Herriko bazter guztietatik eta atzerritik bidaliak, jakintza arlo askotakoak, doktore tesiak, tesinak, burututako ikerlanak zein garatzeko bidean dauden egitasmoak. Horietatik 120 aukeratu dituzte biltzarrean aurkezteko. Arrakasta, beraz, ziurtatuta dago.

«Aspalditik detektatu dugu ikertzaile euskaldun asko daudela, Euskal Herrian eta munduan zehar, oso prestakuntza onarekin, baina sakabanatuta eta bakartuta egiten dute lan», azaldu du Alegriak. «Ez dute elkar ezagutzen, eta, gazteak izanik, hedabideetan eta esparru akademikoan ez dira oso ezagunak. Komunitate horretako kideak harrema- netan jarri nahi ditugu, etorkizunean jakintza arloen arteko proiektuak atera daitezen».

Inoiz baino gehiago

Une onean dago euskarazko ikerkuntza; inoiz baino ikertzaile gehiago ari dira beren lanak euskaraz garatzen, zientziaren alor guztietan, gainera. Baina hazkunde horrek izan ditu ajeak. Artetxek ondo ezagutzen du gaia: komunitate zientifiko euskaldunaren bilakaera gaitzat hartu zuen bere doktore tesirako: «Gero eta ikertzaile eta irakasle euskaldun gehiago dagoen arren, euskarazko produkzio zientifikoa ez da erritmo berean hazi. Azken urteotan, gainera, geldialdi moduko batean gaude».

Horretarako arrazoiak asko dira, eta horietako bat lehen aipatutako harreman falta hori da, baina gehiago daude. «Adibidez, beste hizkuntza batzuetan egindako produkzioa lehenesten da, jendeak badakielako zer egin behar duen ibilbide akademiko arrakastatsua lortzeko», esan du Artetxek. «Inoiz baino ikertzaile euskaldun gehiago dago, baina produktibitatea areagotzeko presioa ere inoiz baino handiagoa da. Eta produktibitatea ingelesez lortzen da», gaineratu du Alegriak.

Bestalde, euskara jakintza arlo guztietara hedatu bada ere, ez da guztietan berdin garatu. «Tradizionalki, gizarte eta giza zientzietan aritu gara euskaraz», azaldu du Artetxek. «Egindako ahaleginari esker, zientzia eta teknologiaren esparruetara ere zabaldu da, baina horiek dute produkzio txikiena. Azalpena ere badu: errazagoa da Euskal Herriko historia euskaraz jorratzea, nanopartikula baten inguruko ikerketa euskaraz argitaratzea baino, loturak errazago egiten direlako». Beste arrazoi bat jarri du Alegriak mahai gainean: «Euskarazko produkzio zientifikoa kontsumitzen duen jende multzoa giza zientzietan eta, batez ere, hizkuntzan fokalizatuta dago». Horregatik, harrigarri bezain pozgarri izan zaie ikustea Iker Gazte biltzarrerako ekarpen gehien jaso duen atala ingeniaritza eta arkitekturarena izan dela.

Hiru atal

IkerGazte biltzar zientifikoa Durangoko Landako gunean egingo dute, eta hiru atal nagusi izango ditu: hitzaldi orokorrak, parte hartzaile guztien interesekoak eta euskarazko ikerketaz modu orokorrean jardungo dutenak; ahozko aurkezpen eta posterrak, ikerlariek bidalitako ekarpenekin osatuak; eta mintegiak, jakintza arloen arteko harremanak lantzeko tresna gisa antolatuak.

Hitzaldi orokorrei dagokienez, eta atal hori oraindik erabat itxita ez dagoen arren, itzal handiko ikertzaileak arituko dira ikertzaile gazteei euren esperientziaren berri ematen. Horien artean izango da Paul Myers AEB Ameriketako Estatu Batuetako zientzialaria, genetikan aditua eta komunitate zientifikoan ospe handia lortu duen blog baten kudeatzailea, eta Itziar Laka euskal neurolinguista ezaguna.

Ikertzaileen ekarpenak bost jakintza arlotan sailkatuko dituzte: giza zientziak, gizarte zientziak eta zuzenbidea, zientzia zehatzak eta natur zientziak, ingeniaritza eta arkitektura eta, azkenik, osasunari lotutakoak. 30 adituk osatu dituzte arlo bakoitzeko komunikazio akademikoak aztertu eta aukeratu dituzten batzorde zientifikoak. Komunikazio guztiak argitaratu egingo dira.

Azkenik, mintegiak ere izango dira. Horien asmoa da «jakintza arlo desberdinetako jendea harremanetan jartzea», Alegriaren esanetan. Nolabait, UEUk ikastaroak Iruñeko Larraona ikastetxean antolatzen zitueneko espiritua berreskuratu nahi dute; orduan, diziplina askotako ikasle eta irakasleak elkarrekin aritzen ziren, elkarren berri izaten zuten, eta hortik egitasmo interesgarriak sortzeko aukera zegoen.

Martxoaren 31ra arte, matrikularen prezioa 185 euro izango da. Barnean ditu lo egiteko lekua, afari bat, bi bazkari eta antolatuko dituzten kultur ekitaldi osagarrietan parte hartzeko aukera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna