Aldundiak bere legelariekin segituko du 'Bidegi auzian', inputaturik defendatu gabe

Luix Barinagarrementeriak zeraman akusazioa, baina aldundiak erabaki du bertako abokatuek hartzea ardura.Inputatuei ez die babes emango

Arlabango tunelean egin gabeko lanak ordaindu zituztela, hori da kereilaren oinarrietako bat. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2015eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Aldaketa batzuk hasi dira Bidegi auzian. Gipuzkoako Diputazioan gobernua aldatuta, akusazioa daraman abokatua aldatzea erabaki dute: Luix Barinagarrementeriak ez du jarraituko lan horretan; aldundiko bertako legelariek izango dute ardura. «Neutraltasuna» bermatu nahi duela adierazi du diputazioak. Antton Ibargutxik hartuko du akusazioaren ardura;Defentsa eta Aholkularitza Juridikoko zerbitzuburua da. Inputatuek ez dute edukiko aldundiaren abokaturik, nahiz eta hori zabaldu zen atzo, tramiteetan egindako hanka-sartze baten ondorioz. Finean, aldaketa bakarra egingo du aldundiak, beraz: abokatu pribatuak ez, baizik aldundiak berak dauzkanak erabili. Defentsa lana aldunditik kanpoko abokatuek egingo diete inputatuta daudenei.

Instrukzio fasean, proba kaligrafiko bat egin zuten atzo bi inputatuk: Silvia Armenteros administratzaileak eta Mirari Azurmendi arduradun teknikoak. Azterketa horrekin, ziurtatu nahi dute haiek egindakoak direla susmopean jarritako dokumentuak.

Inputatuta daudenez, defentsarako abokatua izendatu dute Azurmendik eta Armenterosek. Hor gertatu da akatsa. Hasieran, inputatuek epaileari adierazi zioten Antton Ibargutxi izango zutela defendatzaile, eta epaileak bide eman zion haren izendapenari. Kontua da Ibargutxi diputazioko legelaria dela —ardura postuak ditu, gainera—. Egoera berezia zekarren Ibargutxi defentsako abokatu izateak: aldundia akusatzaile den auzi batean bertako legelari buru batek inputatuen defendatzaile jardungo lukeelako.

Auziak aurrera segituko du

Ez da halakorik gertatuko, ordea. Diputazioko iturriek azaldu dutenez, «hanka-sartzea» izan zen Ibargutxiren izena defentsako abokatu gisa jartzea. Izatez, atzo bertan zuzendu zuten huts hori bi inputatuek. Proba kaligrafikoa egitera joan zirenean, aldunditik kanpoko abokatu bat eraman zuten, eta epaileari adierazi zioten hura izango dutela defendatzaile.

Aldundiak beste erabaki bat hartuko du gaurko gobernu bileran: akusazioaren ardura diputazioko bertako legelariek hartuko dute. Orain arte, Luix Barinagarrementeria aritu da zeregin horretan —abokatu pribatua da; besteak beste, EH Bilduk ararteko izateko proposatu zuen—. Aldundiak dio hobe dela erakundeko legelariek hartzea gaiaren ardura, «prozesu legala berme guztiekin eta neutraltasun politikoa ziurtatuz gauzatu dadin». Hain zuzen ere, Ibargutxi abokatuak izango du akusazioren ordezkaritza lana.

Diputazioak berretsi du auziarekin aurrera jarraitzeko asmoa daukala, eutsi egingo diola pertsonazioari, «borondate politiko irmoa duelako prozesuak beharrezko berme juridiko guztiak eduki ditzan». Markel Olano ahaldun nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak lekuko modura deklaratuko dute urrian epaitegian —Olano ahaldun nagusi zen garai hartan, eta Goia, Bide Azpiegituretako diputatu—. Esana dute «pozik asko» joango direla auzitegian deklaratzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.