Gerdauren isiltasun susmagarria langileen kezka areagotzen ari da

Salmentarik balego, erabaki zentroa Euskal Herrian geratzea nahiko luke Bizkaiko Diputazioak

Gerdauk Basaurin duen lantegia, taldearen egoitza nagusia Euskal Herrian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2015eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Herrian dituen lantegiak salgai jarriko dituelako albistearen harira, isiltasuna besterik ez du agertu orain arte Gerdau altzairugile brasildarrak. Eta isiltasuna kezkaren puxika gero eta gehiago betetzen doa, hala langile nola erakundeen artean. Asko dago jokoan, eta sindikatuek azalpenak eskatu zizkioten atzo berriro multinazionalaren zuzendaritzari.

Mahai gainean dauden planak «ez gehiago atzeratzeko» exijitu zuen Basauriko Sidenorreko langile batzordeak. «Salmenta ez digute ukatu, ezta berretsi ere», esan zuten sindikatuetako ordezkariek. Noiz hartuko dituzten zain jarraitzen dute batzartzeko eskaera egin duten arren; Basauriko arduradunek ez dituzte bilera gelaren ateak zabaldu orain arte.

Enpleguaren kezka maila pertsonaletik erakunde mailara ere pasatu da jadanik. Bizkaiko Foru Aldundiak «soluzio bat» nahi du Gerdau taldearen altzairu berezien ataleko lantegientzat, jarduerari, enpleguari eta «ahal den neurrian» erabaki zentroari Euskal Herrian eusteko. Imanol Pradales diputatuak jakinarazi zuen Gerdauk ez diola zer jakinarazi diputazioari, baina Pradalesek ez zuen ezkutatu badagoela «kezka». «Sidenor oso erroturik dago Bizkaian eta Euskadin». Diputatuak ozen esan zuen ez dagoela arazorik «lantegien lehiakortasunari eta merkatuari dagokienez». Arazoa da «Brasilgo talde batek ustez hartutako erabaki bat».

Pradalesek esan zuen Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Diputazioa Gerdauk Euskal Herrian duen zuzendaritza nagusiarekin (Basauri) hitz egiteko prest dagoela «soluzioak» jorratu daitezen. «Gerdauren egoitza nagusia Porto Alegren dago, milaka kilometrotara», gaineratu zuen, batzuetan erabakiak lan zentroetatik «oso urrun» hartzen direla azalduz. Baina gauza bat argi dauka diputatuak: «taldeak etorkizun oparoa dauka».

Sindikatuek, ordea, gero eta ilunago ikusten dute etorkizun hurbila, «ez delako normala» orain arte zuzendaritzak izan duen jarrera. «Isiltasun horrek egonezina eragiten du lantaldean». Sindikatuen arabera, salmenta baten prozesua abiatuko balitz ere, «ez luke zertan arazorik egon» enpleguari dagokionez; ekoizpen kopuruak «onak» dira eta soldata kostuak, «egokiak»; kalitateari begira Euskal Herriko plantak «erreferente» direla diote sindikatuek.

Sidenorren oinordekoa

Sidenor konpainiaren oinordekoak dira Gerdauk Euskal Herrian dituen lantegiak. 2005. urtean erosi zuen Gerdauk Sidenor. Gaur egun sei lantoki ditu martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Handiena Basaurin dago (egoitza nagusia), eta beste bi altzairutegi ditu Gasteizen eta Azkoitian (Gipuzkoa). Horrekin batera, altzairu arina ekoizten du Legution (Araba), eta Soraluzen (Gipuzkoa). Azkenik, txatarra biltzen du Legazpin (Gipuzkoa). Ustezko salmentak Espainian dituen lantegiei ere eragingo lieke. Guztien artean, 2.250 langile dira; Basaurin, 900 inguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.