LAB Confebasken «amesgaiztorik okerrena» izango dela dio Etxaidek

Patronalaren ametsa sindikaturik ez egotea dela dio LABek, eta «langileekin banan-banan» aritzeko eredua aurkeztuko duela aurki. «Gudu zelai berri bat» dagoela eta, «errebelde» izatera deitu dute

Ainhoa Etxaide atzo, Donostian, ordezkarien batzar nazionalean hitz egitera zihoala. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2016ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
«Ez gaituzte nahi lan zentroetan; gu legez kanporatzen saiatu dira, eta ez dute lortu; orain, beste eredu bat aurkeztuko dute langileekin banan-banan negoziatzeko, sindikatuak indargabetuta eta langileak inolako babesik gabe utzita. Hori da Confebasken ametsa, eta LAB haren amesgaiztorik okerrena izango da, lan gatazkak martxan jarrita. Joan zuen lan zentroetara, eta izan amesgaizto patronalarentzat». Zalantzarako tarterik gabeko mezua bidali zien atzo LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek sindikatuko ordezkariei.

Donostiako Atano III.ean egindako Ordezkarien Batzar Nazionala agertoki izan zen sindikatu abertzaleak datorren hilabeteetan egingo dituen mobilizazioak azaltzeko, baita LAB «inoiz baino sendoago» dagoela nabarmentzeko ere. «Inoizko ordezkaritza handiena daukagu, eta kontu ekonomikoak, garbi; ez diegu ezer zor erakundeei, eta ez dugu haien laguntzarik behar». Sendotasun hori baliatu nahi duLABek Maiatzaren Lehenari begira egingo diren mobilizazioei begira. Gutxieneko 1.200 euroko soldata, 35 orduko lan astea eta osasun arloa sendotzea erreibindikatuko du sindikatuak, betiere prekaritatearen aurkako borroka lehen lerroan jarrita. Bilbon, maiatzak 28 dituela, mobilizazio nazionala egingo du LABek, ohiz kanpokoa. Enpresa handiak, txikiak, arlo feminizatuak, administrazioa eta azpikontratak jorratzen dituzten dibisioek bat egingo dute Bilbon, abiapuntu desberdinetatik aterata.

«Pentsatu une batez zer izango litzatekeen sindikaturik ez egotea lan zentroetan», eskatu zien ordezkariei Etxaidek. «Bada, ez dugu tranparik egingo: hori gertatzen ari da jadanik». Sindikatuetatik urrun jarduten duten langile askoren errealitateari aurre egiteko ekintza sindikala berritu du LABek, «lan baldintzarik gabe, sindikatuetan sartzeko aukerarik gabe dauden langileak erakartzeko». Sindikatu abertzaleak ez du onartuko lan erreformaren bidez inposatu den estatus berria; aitzitik, sekula baino sendoago borrokatuko dela dio Etxaidek. «1980an ordezkaritzaren %2 besterik ez ginen, eta gaur mapa eraldatu dugu: CCOO eta UGT Nafarroan gehiengoa galtzeko zorian jarri ditugu»; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, bigarren sindikatua izateko bidean da LAB; «guk egin dugu lan hori. Sindikalismo abertzalea da nagusi hemen, garbi esan dezagun, eta orain ikusi behar da nola bideratu nagusitasun hori».

Aliantzak «beharrezkoak» direla esan zuen Etxaidek, ez ordainsari bat. «Gudu zelaia» aldatu dela ere gaineratu zuen; «eliteek» erreforma politiko oso bat egin dute, sindikatuko buruak dioenez, eta, hari esker, «botere ekonomiko basatienak neurria hartu die sindikatuei». Egoera horretan, LABeko ordezkariak «errebeldeak» izatera deitu zituen, patronalaren «muga eta traba». Hala, LAB bazterturik dauden langileen alde borrokatuko dela agindu zuen, «lan zentroetako borroka errentaren aldeko borrokatik harago eramanda».

«Egoera hau ez da normala»

Finean, LABeko idazkari nagusiak aditzera eman zuen ez dutela onartuko normaltzat gertatzen ari dena, «ez delako normala». «Ez dugu normalizatuko; zilegitasun historikoa dugu iraultza lana egiteko, eta orain ere egingo dugu. Aldaketa sozialerako tresna gara, eta tresna hau inoiz baino indartsuagoa da».

Eta borroka hori «negoziazio kolektiboa egon edo ez» egingo du LABek. Asteon sinatu den Gipuzkoako papergintzaren ituna dela-eta, zoriondu egin ditu eragileak. «Ez diegu uko egiten itun sektorialei, baina harago goaz. Badakigu patronala lasai eta eroso dagoela egoera honekin, eta, horregatik, lan gatazkak piztuko ditugu berriro». Hauteskundeetan «langileen eskubideak botere ekonomikoari eman dizkioten neoliberalak zigortzeko» eskatu zuen, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.