Pekingo lanbro gris trinkoa

Txinako 62 hiritan, alerta mailaren bat ezarri dute kutsaduragatik; Pekinen, alerta laranja. Herrialdeak duen arazo larrienetariko bat da: 460 milioi laguni eragiten die.

Txinako turista talde bat, ahoan maskara dutela, Pekingo Tiantan parkean. ROLEX DELA PENA / EFE.
Olatz Urkia
Pekin
2017ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Zeru urdin-urdina gutxitan ikusi da azken hilabetean Pekinen. Txinako hiriburua alerta laranjan dago, baina beste hiri batzuetan makurragoa da egoera: 25 hiritan, alerta gorria ezarri zuten atzo kutsadura handiagatik. Orotara, 62 hiri daude alerta mailaren batekin: 25 gorriarekin, 21 laranjarekin, eta hamasei horiarekin. Abenduan egun bakar batez bakarrik izan zen urdina zerua hiriburuan. Pekingo lanbro gris trinkoa etengabea da. Batzuetan, haize bolada indartsu batek uxatu egiten du, baina segituan bueltatzen da.

Txinatarrek lanbroa izen polita eman diote kutsadurari. Laino gris baten itxura dauka, eta etxe-orratzak desagertu egiten dira haren atzean; etxe-orratzak, eguzkia eta kolore guztiak. Neguan askotan inbaditzen du hiriburua laino pozoitsuak, garai honetan ikatz asko erretzen delako.

Pozoitsua da, hori argi daukate adituek. Osasunaren Mundu Erakundeak dio partikula kutsagarrien metaketa ezin dela izan metro kuboko 25 mikrogramokoa baina handiagoa, eta, sarritan 300 mikrogramokoa bada ere, azken egunotan 500era iritsi da, inoizko handiena.

Maskarak ahoan

Bizitzak, hala ere, aurrera segitzen du. Pekinen lainoa potoloa denean ere, jendea egoten da parkeetan, batez ere gizon-emakume edadetuak, kartetan edo dominoan. Hotza egiten du neguan, eta beroki arrosak, beltzak, berdeak soinean, eskuak lodituak eta gorrituak, zimurrez beterik, edadetuek ez dute aldatu nahi beren eguneroko bizitza, gobernuak herritarrei etxean geratzeko deia egin dien arren.

Liu egunero joaten da hegoaldeko parke batera. Harrizko aulkian eserita, beste sei edadetu ari da kartak trebeziaz esku artean gordeta. Ez darama maskararik. Zergatik galdetuta, hauxe erantzun du: «Maskara jantzita ezin dut ondo arnastu; horregatik ez dut inoiz ere erabiltzen». Baina badaki kutsadura arazo bat dela: «Gobernuak hartu ditu neurriak, baina ez dut uste emaitzarik lortuko duenik». Liuren ustetan, fabrikak itxi egin behar dira kutsadura geldiarazteko, baina hori ere ez da konponbide erraza, langabezia sortuko luke eta. «Noski, hobe da lana eduki eta kutsadura jasatea, eta ez alderantziz», bota du, dudarik izan gabe, «nola bizi janaria erosteko dirurik ez dagoenean!».

Liu gizon adinduna bezalaxe, txinatar asko ez dira askorik kezkatzen kutsadura dela eta. Baina beste askoren eguneroko bizitzan, gazteen kasuan batez ere, arazo horrek garrantzia hartu du, ezen egun herrialdeak duen arazo larrienetako bat da. 460 milioi laguni eragiten die kutsadurak, eta bada herrialdeetatik alde egin duenik ere: errefuxiatu klimatikoak. Ikerketa baten arabera, milioi bat hildako eragiten ditu kutsadurak urtean.

Kaleko elkarrizketetan sumatzen da kezka hori. «Zer dio gaur Airearen Kalitatearen Indizeak? Zer maskara mota daukazu? Zer aire-iragazki marka etxean?...». Pekinen eguneroko elkarrizketak dira. Farmaziek tonaka saltzen dituzte maskarak kutsadura egunetan. Orain, kolore desberdinetakoak ere egiten ari dira: moreak, zuriak, urdinak… Arroparen kolorera eta bakoitzaren estilora ere egokitzeko. Etxeko sarrera guztietan daude maskarak, zapata eta berokien ondoan, edonoiz kalera ateratzeko prest. Era guztietakoak dira, sinpleenetatik hasi eta itxura apokaliptikoa duten maskara handietaraino. Gauza da inork ez dakiela ziur ea botiketako maskara xumeak benetan eraginkorrak diren ala ez.

Jiaxie korrika atera da metroko eskaileretatik; laneraino metro geltokitik 30 bat minutuko bidea egiten du egunero oinez. Maskarak begi handi beltzak uzten ditu bakarrik bistan. Ile luzea nahastuta dauka, maskaren zinta eta berokiaren artean mugitu ezinik. «Lasaiago sentitzen naiz ahoa estalita, baina ez dut uste benetan eraginkorra denik. Gainera, jende askok ez du erabiltzen. Nik batzuetan bai, oroitzen naizenean bakarrik». Gobernua kutsaduraren aurka borrokatzen ari dela uste du: «Hau ez da egun batetik bestera konpon daitekeen arazoa. Neurriak hartzen hasi dira, baina benetako emaitzak urte batzuk barru ikusiko ditugu».

Gobernuaren neurriak

Txinako Gobernuak 2014an ekin zion kutsaduraren kontrako neurriak hartzeari, eta, alerta gorria ezartzen denean, hainbat neurri hartzen ditu; trafikoa murriztu, eskolak itxi, lantegien jarduna mugatu... Errepideetan polizia gehiago jartzen dituzte matrikula bikoiti edo bakoitien sistema errespetatzen dela ziurtatzeko. Baina ez da trafikoa kutsadura gehien sortzen duena, iparraldeko fabrika zaharkituak baizik, porlana eta altzairua ekoizten dituztenak bereziki, eta, ezarritako mugak betetzen ote diren ikuskatzeko, ikerketa bat abiarazi du Ingurumen Ministerioak.

Gobernuak ez ditu begiak itxi nahi, eta kutsadura desagerraraziko duela agindu dio herriari. Hala ere, ez da erraza izango: tokiko agintariek eta enpresariek ez diote gobernu zentralari kasu egin nahi izaten; ekoizteko modu bizkor eta merkeena ez da sarritan ekologikoena, eta airearen kalitateari entzungor eginez aberastu diren enpresa askok ez dituzte erraz onartuko lege berriak.

Aurrerantzean, baina, aukeratu beharko dute kutsatu eta isunak ordaindu, edo teknologia ekologikoak erosi. Txinako Legebiltzarrak onartu berri duen legea 2018. urte hasieran sartuko da indarrean, eta kutsaduraren borrokan aurrerapauso handia izango dela ziurtatu dute: ura eta airea kutsatzen duten enpresa publiko eta pribatuek hilabeteko 1.500 eurorainoko isunak ordaindu beharko dituzte. Bestalde, kartzela zigorra ezarriko zaie kutsadura maila neurtzean datuak faltsutzen dituztenei.

2008. urtera arte airearen kalitateari buruzko datuak estatu sekretutzat zituzten Txinan. Orduz geroztik orain arte egoera hobetu da, eta gobernuak herritarren osasuna eta bizi kalitatea irabazi ekonomikoen aurretik jartzen ditu. Baina gutxi dira kutsadura laster desagertuko dela sinesten dutenak. Herritarrek ezer gutxi egin dezakete oraingoz: itxaron, telefonoko aplikazioan une oro airearen kalitate indizeari erreparatu eta laino grisak berriz hiria hartzen duenean maskararen atzean ezkutatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.