Bi presidente, estatu bat

Senegalgo armada Gambian sartu da, Jammeh boteretik botatzeko. Barrow presidente hautatuak Dakarren hartu behar izan du kargua

ander perez zala
2017ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
CEDEAO Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Batasuneko armada —Nigeria, Ghana, Togo eta Malik osatua— Gambian sartu zen atzo gauean, Sengealen gidaritzapean, herrialdeko «trantsizio politiko demokratikoa» bermatzeko. Izan ere, Yahya Jammehek ez du boterea utzi nahi, joan den abenduko hauteskundeak galdu zituen arren. Herrialdeko egoera politikoan ziurgabetasuna zen nagusi azken bi hilabeteotan, eta atzoko esku hartzeak are gehiago handitu du.

Adama Barrow hauteskundeetako garaileak Gambiaren Senegalgo enbaxadan (Dakar) hartu behar izan du presidente kargua. Gambiako armadari eskatu dio konstituzioa eta bere kargua errespeta ditzala. Ikusteko dago nola erantzungo dion armadak CEDEAOren inbasioari; Barrow presidenteak eskatu dio atzerriko indarrei beren lana egiten uzteko,kargua hartu ondorengo hitzaldia egiten ari zela.

Aro berri bat hasi zen Gambian joan den abenduaren 9an. 22 urteren ondoren, oposizioak bozak irabazi zituen; UDP Alderdi Demokratiko Batuaren presidentegai Barrow nagusitu zitzaion Jammehi, botoen %43,9 eskuratuta. Jammehek botoen %40,4 lortu zituen, eta azaldu zuen porrota onartuko zuela. Gerora, iritzia aldatu, eta botereari eustea erabaki zuen.

Barrowen garaipenak Jammehen agintaldi luzea amaitu du. 1994an iritsi zen boterera, Dawda Jawara estatu kolpe baten bidez boteretik bota ostean. Herritarren etorkizuna hobetuko zuela eta desberdintasun sozialak eta ustelkeria amaituko zituela zin egin zuen; errealitatea, ordea, desberdina da, eta Gambia are behartsuago bat utzi du atzean. Presidente berriaren lehentasunetako bat izango da herrialdearen egoera ekonomikoa hobetzea, kanpainan hainbatetan azaldu duenez. Justizia eskatuko dute joan den apirileko protestetan izandako biktimentzat.

CEDEAOk NBE Nazio Batuen Erakundearen babesa du zeregin horretan. Gambian sartu baino lehen, NBEk Senegalen testu bat onartu du, eta ziurtatu du Jammeh boteretik kentzeko helburua duten CEDEAOren ekintzak babestuko dituela; ez du, ordea, esku hartze militar bati buruz hitz egin, nahiz eta jakina zen nazioarteko koalizio militarra osatzen duten herrialdeek erabaki hori hartuko zutela. Azken egunotan, Senegalgo armada herrialdeak Gambiarekin duen mugan hedatu zuen, atzoko ekintzari begira. Beste herrialdeen babesa osoa da: esaterako, Ghanako presidente Nana Addo Dankwa Akufo-Addok herrialdeko 205 soldadu bidali ditu Gambiara.

Larrialdi egoera herrialdean

Jammehek larrialdi egoera ezarri zuen asteartean, neurri hori Gambiako Asanblea Nazionalak onartu ostean; horri esker, hiru hilabetez presidente karguan jarraitzeko aukera lortu zuen. Marokok asiloa herrialdean hartzeko proposamena egin zion, baina ukatu egin zuen. Gambiako presidenteorde Isatou Njie Saidyk eta gobernuko beste hiru kidek dimisioa aurkeztu zuten atzo, eta herrialdetik ihes egin dute. Haiekin batera, hainbat gambiar joan dira Senegalera, gatazkatik ihesean.

Litekeena da egunotan sor daitekeen ziurgabetasunak Senegalgo Casamance eskualdean eragina izatea, 1982az geroztik independentzia lortu nahian dabilen eskualdea baita. Gambiarekin muga du Casamencek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.