Hesiak non, saihesbideak han

Madrilek helegitea jarri du Kataluniako Parlamentuak hauspotutako araudi aldaketaren kontra. Konstituzionalak tramiterako onartuta ere, Generalitateak beste bide batzuk ibil ditzake onesteko

Carles Puigdemont Kataluniako presidentea eta Lluis Corominas Junts Pel Siko bozeramailea, atzo. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuak badauzka, oraindik ere, independentziarako Erreferendum Legeaonartzeko alternatibak. Kataluniako Gobernuak legea eztabaida bakarrarekin onartu ahal izateko araudia aldatu zuen joan den asteazkenean, eta, espero bezala,Espainiako Gobernuak erabaki horren kontrako helegitea jarri zuen atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Konstituzioaren 23.2 artikuluak jasotzen duen oinarrizko eskubidea, hau da, sufragio pasiboarena urratzen duela argudiatu zuen Mariano Rajoyk atzo. Espainiako presidentearen iritziz, independentistek arau aldaketa «jo eta hautsiz» inposatu nahi dute. Espainiako Auzitegiko magistratuak etzi arratsaldean bilduko dira helegitea aztertzeko (17:30), eta, hori tramiterako onartzen baldin badute, automatikoki baliogabetuko dute Kataluniako Gobernuak hauspotu eta legebiltzarrak bozkatu eta onartutako araudiaren erreforma. Eta Konstituzionala Kataluniako independentzia prozesuaren bueltan ebazten ari dena kontuan hartuz —urriaren 1eko galdeketarako diru sailak konstituzioaren aurkakoak direla ebatzi zuen hilaren 5ean—, litekeena da hori gertatzea.

Kataluniako Parlamentuak joan den asteazkenean ontzat hartutako araudi aldaketak helburu garbia du: ahalik eta prozedura motzena ezartzea Erreferendum Legeari eta Trantsizio Legeari, lehenbailehen onartu eta Espainiako auzitegiei ahalik eta denbora gutxien emateko haren kontra jotzeko. Erreferendum prozesuan emandako pauso oro oztopatzeko ahaleginean dabil Madril, eta Kataluniako Gobernuak bazekien legearen erreforma ere judizialki baliogabetzen saiatuko zela. Baina Junts Pel Sik eta CUPek osatutako aliantza traba judizial guztiak saihesteko moduan dago oraindik. Hainbat saihesbide ibil ditzake horretarako.

DESOBEDIENTZIA

Lehen aukera da Konstituzionalaren erabakiari men ez egitea. Gainera, etor daitezkeen ebazpen judizialei erreparatuta, desobedientziara deitu izan du Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak, tartean-tartean; joan den asteburuan Le Figaro egunkariari emandako elkarrizketa batean, esaterako. Desobedientziak ez du bat egiten, ordea, datorren urriaren 1erako deituta dagoen erreferendumerako Junts Pel Si parlamentuko alderdi nagusiak markatutako bide orriarekin. Izan ere, gehiengo osoak legezkotasun katalan bat onartu arte, indarrean dagoen legezkotasunari eustea du asmo. Gainera, parlamentuko mahaiak, bozeramaile batzordeak, talde parlamentarioek eta bestek ere ez obeditzea erabaki beharko lukete legeak aurrera egin dezan.

TRAMITAZIO ARRUNTA

Beste aukera bat litzateke Erreferendum Legea modu arruntean onartzea, eta, hain zuzen, hori da prozedurarik ohikoena. Bi desabantaila dauzka, ordea, ohiko bideari jarraitzeak. Batetik, horretarako epeak luzeegiak dira, eta zaila izango litzateke galdeketa urriaren 1ean egitea. Besteak beste, batzordeetara deitu behar da, beharrezko osoko bilkurak egin, eta tramiteak segidan, etenik gabe gauzatuta ere, 40 bat egun iraun dezake prozesuak. Horri gehitzen baldin bazaio abuztuko aurreneko bi asteetan parlamentuak bere jarduna etengo duela, ezinezkoa litzateke urriaren 1a baino lehenago legea onartuta egotea bide hori ibiliz.

Bestetik, aukera horrek agerian utziko luke prozesuaren kalteberatasuna. Izan ere, oraindik eta oztopo politiko-judizial gehiago saihestu beharko lituzkete, ziurrenik, legea tramitatzeko ahaleginean.

81.3 ARTIKULUA

Parlamentuko araudiaren 81. artikuluak arautzen du osoko bilkuretako funtzionamendua. Artikulu horren hirugarren puntuak honela dio: «Osoko bilkuraren gai zerrenda aldatu daiteke, baldin eta horretarako eskaera egiten baldin badu presidenteak, bi talde parlamentariok, edo parlamentuko kideen bostenek; eta gai zerrenda aldatu daiteke, gainera, lege bat betetzeak hala behartzen badu. Gai bat sartu aurretik, eta gehiengo osoz egindako kontrako akordio espliziturik egon ezean, horrek araudiko tramiteak beteta eduki beharko ditu».

Hirugarren puntuak dio, beraz, gai zerrenda alda daitekeela bi taldek hala eskatzen baldin badute, eta, «gehiengo osoz egindako kontrako akordio espliziturik egon ezean», sar daitekeela tramite guztiak bete dituen gai bat. Beraz, Junts Pel Sik eta CUPek, bi talde parlamentariok aurkeztutako erreferendum legearen proposamena osoko bilkuran bozkatu ahal izango litzateke, ohiko bide arruntetik edota eztabaida bakarrarenetik ibili gabe.

Urrutiegi joan gabe, gainera, Catalunya Si Que Es Pot eta CUP alderdiek araudiko 81.3 artikuluari heldu zioten, hain zuzen, Bartzelonako Musika Jauregiaren bueltako auzi bati buruz bozkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.