Lasterbidea eten dute epaileek

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak balio gabe utzi dio Kataluniako Parlamentuari legeak irakurketa bakarrean onartzeko araua. JPSren eta CUPen erantzuna: erreferendumaren legea erregistratu dute

mikel p ansa
2017ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Autodeterminazio erreferenduma egiteko eta Espainiatik «deskonektatzeko» legeak bozkatzeko prozedura azkar bat asmatu eta onartu zuen joan den astean Kataluniako Parlamentuak: irakurketa bakarra. Harekin, ganberak aukera zuen aurkeztutako egunean bertan bozkatzeko eta onartzeko lege egitasmoa. Espainiako instituzioek eta justiziak lege horien aurka ekingo zutela jakitun independentistek jarri zuten lasterbide hori, baina, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak indargabetu egin du.

Kataluniako Parlamentuak arau aldaketa egin bezain azkar, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak txosten bat eskatu zion estatu kontseiluari, eta ostiralean ministroen kontseiluak helegitea aurkeztu zuen. Bart arratsean bildu zen Konstituzionalaren osoko batzarra —hamabi epailetik 11—, ezohiko bileran, oporrak etenda; hiru ordu laurden aski izan zituen erabakia aho batez hartu, eta Rajoyren helegitea tramitera onartzeko. Espainiak eginiko azken aldaketa juridikoak direla medio, estatuak inpugnatutako edozein arau edo lege indargabetu egiten da bost hilabetez bederen, epaileek tramitera onartuz gero, eta auziaz erabaki bitartean.

Konstituzionalak, gainera, probidentzia bat igorri die Kataluniako Parlamentuko agintariei: Carme Forcadell ganberako presidenteari eta mahaiko kideei, Xavier Muro ganberako idazkariari eta Antoni Bayona ganberako abokatu nagusiari. Agindu die «geldiarazi edo debekatzeko» legeak irakurketa bakarrean onartzeko saiakera guztiak.

Erreferendumaren legea eta trantsizio juridikoa egiteko legea onartzeko ohiko prozedura erabili izan balute, alderdi independentistek denbora gehiago beharko zuketen, eta prozesuaren edozein unetan helegiteak edo salaketak jasotzeko arriskua onartu. Horiek guztiak saihesteko egin zuten arau aldaketa joan den astean, parlamentuak legeak irakurketa bakarrean onartzeko—parlamentu askotan badira antzeko prozedurak—. Eten egin da bide hori, baina JPS Junts Pel Si eta CUP koalizioek erantzuna aldez aurretik eman zioten Konstituzionalaren erabakiari. Epaileak bildu aurretik, goizeko hamaiketarako, autodeterminazio erreferendumaren legea erregistratu egin zuten Kataluniako Parlamentuan —lege horrek eman beharko lioke babes juridikoa urriaren 1eko galdeketari—.

Orain arte baztertua eduki dute bide hori, baina urgentziazko tramitazio bat egitea erabaki dute orain. Parlamentuak atzo zuen oporren aurreko azken lan eguna, eta abuztuaren 16ra arte ez da berriz lanean hasiko. Hortaz, egun horretatik aurrera onartuko du parlamentuko mahaiak tramiterako. Edozein moduz, urgentziazko tramitazioarekin ere, eta urrats guztiak arazorik gabe eginda ere, legea ez litzateke onartuko urriaren 1eko galdeketa egiteko garaiz. Madrilek esana du, gainera, tramitera onartu orduko inpugnatuko duela hori ere.

«Bide asko» aukeran

Benet Salellas CUPeko ordezkariak azaldu du «hainbeste mehatxuren aurrean» erabaki dutela erreferendumaren legea orain aurkeztea. Eta erantsi du oraindik badela denbora JPStik eta CUPetik aparteko diputatuen babesa irabazteko. Marta Rovira JPSko ordezkariak, berriz, seinalatu du parlamentuak «bide asko» dituela legezko proposamenak onartzeko, pistarik eman gabe.

JPSko eta CUPeko diputatu guztiek sinatu dute erreferendumaren legea, salbu parlamentuko mahaiko lau ordezkariek —justiziak lehendik ere ikerketapean dauzka horiek—. Erantzukizuna partekatua dela adierazi nahi izan dute, eta batasun irudia eman.

Ez dute argitu zer gertatuko den Espainiak lege hori inpugnatuko duen egunean, ezta irakurketa bakarreko tramitazioa etenda zer bide segituko duten, ezta trantsizio juridikorako legea—«deskonexioa» egiteko balio behar lukeena— noiz aurkeztuko duten ere. Rovirak esan du bi koalizio independentistak hizketan ari direla, lege hori aurkezteko «momentu egokiena» zein den adosteko. Salellasek erantsi du egoerak behartzen dituela «une oro» legeok onartzeko bideak zeintzuk diren aztertzen aritzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.