Trumpek kendu egin du adingabe papergabeak babesteko programa

Washingtonek martxoan baliogabetuko du, eta kongresua soluzio bat ematera behartu nahi du. 800.000 bat lagun, deportazio arriskuan

DACA programa kenduko dutela eta, hainbat pertsona protesta egiten atzo, New Yorken. ALBA VIGARAY / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko irailaren 6a
00:00
Entzun
DACA programa bertan behera uztea erabaki du Donald Trump AEBetako presidenteak, eta, hortaz, beste 800.000 lagun AEBetatik deportatuak izateko arriskuan daude. Barack Obamak dekretuz onartu zuen legea 2012ko ekainean, bere lehen agintaldia amaitzear zela, eta AEBetara 16 urte baino gutxiagorekin iritsitako papergabeak babesten zituen, horiei ikasteko edota lan egiteko bisak emanez, esaterako. Trumpek presidentetzarako kanpainan behin baino gehiagotan adierazi zuen programa bertan behera uzteko asmoa zuela, eta atzo, txio batean, zera nabarmendu zuen: «Ziur egon. Amerikako herritarren interesak lehenetsiko ditugu!». Baina martxo hasieran baliogabetuko du programa Washingtonek, eta, horrela,datozen sei hilabeteetan auzian esku hartzera behartu nahi du kongresua. Argia izan zen beste txio batean: «Kongresua, gertu egon zure lana egiteko».

Baina kongresuak ez du baimendu osasun sistema erreformatzea eta, bide batez, Obamacare deuseztatzea, eta aste honetan hasi dira eztabaidatzen presidenteak hauspotutako zerga sistemaren erreformaz. Ordezkarien Ganberako eta senatuko ordezkari errepublikanoak ez dira ados jartzeko gauza, eta aurrekariei erreparatuta, litekeena da adingabe paperdunei dagokien afera ere korapilatsua izatea.

Gainera, Trumpen alde bozkatu zuten muturrekoak ez diren errepublikanoek ez dute bat egiten presidentearen neurriarekin. Are gehiago: haien %78 papergabe adingabekoen —dreamers (ameslariak) deitutakoen— egoera erregularizatzearen aldekoak dira.

AEBetako presidenteak, baina, gainean zituen Alabama, Arkansas, Idaho, Kansas, Louisiana, Nebraska, Hego Carolina, Tennessee, Texas eta Virginiako gobernadoreak, zeinak bat eginda zeuden Trumpek programa bertan behera utzi ezean auzia Auzitegi Gorenera eramateko.

600.000 pasa, mexikarrak

Egun, AEBetan, dokumenturik gabeak 11,1 milioi pertsona dira, eta Obamak dekretuz onartutako programari heltzen dioten adingabeak, 800.000. Pew Research Center AEBetako think tank-ak egindako ikerketa baten arabera, horietako 622.000 pasa mexikarrak dira.

Etxe Zurira ailegatu zenean, 2009an, migrazio sistema erreformatzen ahaleginduko zela agindu zuen Obamak. Bazuen plan bat, baina hori ez zen iritsi ere egin Ordezkarien Ganberan eztabaidatua izatera. «Porrota» izan zela aitortu izan du. Gainera, hark agintean pasatutako zortzi urteetan (2009-2017), AEBetako beste edozein presidentek baino pertsona gehiago deportatu zituen: ia hiru milioi lagun.

DACA indarrean jarri zuen, bai. Horri esker, estaldura legala eskaini zaie 16 urte baino gutxiagorekin AEBetara paperik gabe iritsitakoei. Datorren martxoaren 5a bitartean bi urtez behin berritu beharreko baimena berritzeko aukera dute jada dreamer direnek.

Eta egun hori iritsi bitartean, enpresa handien presioari aurre egin beharko dio Trumpek. Facebook, General Motors eta Hewlett-Packardek, besteak beste, 400ek guztira, adingabeak babesteko eskatu diote: «Haiek dira lehiatzerakoan abantaila global bat edukitzeko arrazoietako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.