Nasako ontzi bakarraren kontratua hausteak arnasa ekar diezaioke Navali

Van Oord armadoreak ez du onartu bankuen proposamena, eta kontratua apurtu du Navalekin. Mugimendu horrekin, finantzaketa negoziazio berri bat ireki nahi du 'Vox Alexia' Sestaon amaitzeko

Vox Alexia ontziaren kroskoa Sestaoko Naval ontziolan, eskumako nasan, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Argi izpi bat ekaitzaldi ilunaren erdian. Azken egun eta orduetan okertu egin dira Herbehereetako Van Oord armadorearen eta bankuen arteko finantzaketa negoziazioak, eta Sestaoko ontziolak esku artean daukan ontzi bakarra Van Oorden Vox Alexia denez—hezurdura baino ez daukate eginda—, ziurgabetasuna inoiz baino handiagoa da Navalentzat, inolako lan kargarik gabe gera daitekeelako, likidaziora kondenatuta. Ontziola urritik dago hartzekodunen konkurtsoan, eta, bankuekin zazpi hilabeteko negoziazioak izan eta gero, armadoreak kontratua hautsi zuen Navalekin herenegun. Atzo goizean, sei bankuk osatutako taldeak adierazi zuen prest daudela ontzia finantzatzeko, baina beraien baldintzetan. Beranduegi armadorearentzat, dagoeneko kontratua hautsi duelako ontziolarekin. Baina langile batzordean sinistuta daude kontratu hausturak ez duela likidaziora bultzatuko Naval. Alderantziz, uste dute aukera berri bat dela ontzia Sestaoko nasetan eraikitzeko. Azken aukera, hogei hilez jarduerari eutsi, eta denbora tarte horretan inbertitzaile bat aurkitzeko konpainia hondotik atera dezan. Argi izpi bat, ekaitzaldi ilunaren erdian.

Izatez, tramite bat baino ez da Van Oordek Navalekin ontzia eraikitzeko kontratua hautsi izana. Eman beharreko pauso bat da, bermeak kobratzeko. Hau da, kontratua hautsita, armadoreak inbertitutako dirua jasotzeko prozedura jarri du martxan.

Bankuek 42 milioi euro bueltatu beharko dizkiote armadoreari, hilabeteko epean, gutxi gorabehera. Van Oordek zazpi hilabete daramatza sei bankuk osatutako taldearekin negoziatzen: Kutxabankekin, Laboral Kutxarekin, Bankiarekin, Santanderrekin, La Caixarekin eta Sabadellekin. Langile batzordeko iturrien iritziz, bankuek ez dute izan benetako borondaterik Vox Alexia-ren eraikuntza finantzatzen jarraitzeko, «baina azken ezetza ez zuten eman nahi, beraiek ez agertzeko Naval likidaziora joatearen errudun gisa».

Alde guztiek irabazteko

Martitzenean amaitu zen epea armadoreak eta bankuek finantzaketa negoziatzeko. Lau banku prest zeuden finantzatzen jarraitzeko, baina bik oraindik ez zuten aurkeztu beraien proposamenik: La Caixak eta Sabadellek. Epemuga bi egunez luzatu zuten bankuek, eguenera arte. Baina, bi proposamen falta zirela eta, armadoreak kontratua hautsi zuen eguen iluntzean ontziolarekin. Hori jakinda, biharamunean, atzo goizean, sei bankuak prest agertu ziren finantzatzeko, baina ordurako pausoa emanda zeukan Van Oordek.

Hemendik aurrera jarraituko dute negoziazioek, baina aro berri bat zabalduko da. Izan ere, armadorea, hein batean, behartuta dago Vox Alexia Navalen amaitzera. Ontziola konkurtsoan sartu zenean beste ontzi bat zeukan bertan erdi eginda, Vox Amalia. Hura aurreratuago zegoen, uretan ordurako, eta Van Oordek Santanderrera eraman zuen bukatzera. Vox Alexia-rekin ezin du horrelakorik egin: oraindik kroskoa baino ez dago eginda, eta ez dago ureratzeko moduan. Armadoreak galdetu du inguruko ontzioletan, eta oso garesti aterako litzaioke hezurdura beste nonbaitera eramatea. Bertan amaitzea da aukerarik bideragarriena.

Aukera horrekin, gainera, alde guztiek irabaziko luketela uste dute langile batzordean. Batetik, bankuek espero baino diru gutxiago galduko lukete, orain kroskoa beraiena baita, eta armadoreari sal diezaioketelako ontzia eraiki ahal izateko. Bestetik, armadoreak ontzia amaitu ahal izango du, bankuei kroskoa 42 milioi eurotik behera erosita, eta ontziarekin jarraitzeko finantzaketa berri bat adostuta. Eta, bitartean, Navalek denbora irabaziko luke, gaur egun urrea balio duen denbora.

Martitzenean hasiko dute negoziazio fase berria, bilera batekin, armadoreak, Navalek, bankuek eta Pymar ontziola txikien elkarteak.

Ontziolena bezalako «sektore helduak» dibertsifikatu beharraz mintzatu zen atzo Arantxa Tapia, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburua. «Ez da esan behar: sektore hau heldua da, itxi egingo dugu, eta beste zerbaitetan hasiko gara». Tapiaren ustez, norbere burua birsortzen jakitea da irauteko gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.