Trumpen beste urrats bat, Pekinekin merkataritza gerra pizteko bidean

Etxe Zuriak 43.000 milioi euroren muga zergak ezarri dizkio Txinari, eta gehiago ere jarri nahi dizkio. Pekinek AEBetako presidenteari esan dio «eskala eta indar bereko erantzuna» emango diola

Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Martxoan egindako mehatxua betetzea erabaki du Donald Trumpek. Koska bat gehiago estutu du Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko tentsioa. Eta urrats bat gutxiago falta da munduko bi potentziarik handienen artean merkataritza gerra pizteko. Etxe Zuriak Txinaren kontrako muga zergak ezartzea onartu zuen atzo: 1.102 produkturi %25eko tarifak ezarriko dizkie, 43.000 milioi euroren esportazioei. Bereziki mingarriak dira muga zergak Pekinentzat, 1.102 produktuen zerrendan pisu handia daukatelako puntako teknologiadunek.

Hiru aste barru, uztailaren 6an sartuko dira indarrean muga zergarik gehienak, 818 produkturi eta 29.300 milioi euroren esportazioei eragingo dietenak. Gainontzeko 284 produktuen gaineko tarifak aurrerago sartuko dira indarrean, eta 13.700 milioiren esportazioei eragingo dietenak. Gainera, neurri horiei gehitu behar zaizkie Etxe Zuriak munduko hainbat herrialdetako inportazioei —Europako Batasunekoei tartean— ezarritako tarifak: %25 altzairuari eta %10 aluminioari.

Hori guztia gutxi ez balitz bezala, Reuters berri agentziaren arabera, Trumpen gobernua beste zerrenda bat ari da prestatzen, aurrerago Txinako beste produktu sorta bati ere muga zergak jartzeko. Bigarren zerrenda horrek Txinako 87.000 milioi euroren esportazioei eragingo lieke.

«Niretzat, oso inportanteakdira bai Xi Jingping Txinako presidentearekin daukadan adiskidetasun handia, bai gure herrialdeak Txinarekin daukan harremana», adierazi zuen atzo Trumpek, %25eko muga zergak onartu berritan. «Hala ere, gure herrialdeen arteko merkataritza harremana oso bidegabea izan da luzaroan. Egoera hau, aurrerantzean, ez da eramangarria», gaineratu zuen. Teknologia eta jabetza intelektuala lapurtzea egozten dio Asiako erraldoiari.

Trumpek AEBen eta Txinaren arteko balantza komertziala orekatu nahi du, Txinak produktu gehiago saltzen dizkielako AEBei, AEBek Txinari baino. Hain zuzen, joan den asteburuan bi aldeek bilera egin zuten, merkataritza harremana orekatzeko asmoz. Bilera egin eta gero, Etxe Zuriak jakinarazi zuen neurri jakin batzuk adostea lortu zutela, energia eta nekazaritza arloko defizit komertziala txikitzeko. Etxe Zuriaren arabera, Txina prest zegoen AEBetako produktu horiek gehiago inportatzeko.

Asteburuko baikortasun hari horrek, ordea, oso gutxi iraun du. Gerra komertzialaren atarian jarri ditu bi potentziak Etxe Zuriaren atzoko erabakiak. Txinako Merkataritza Ministerioko bozeramaileak argi berba egin du, eta begia begi truk iragarri du. «Eskala eta indar bereko muga zergekin erantzungo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.