Ukrainako Parlamentuak gerra finantzatzeko zerga onartu du

Arseni Jatseniuk lehen ministro izango da aurrerantzean ere, parlamentuak haren dimisioa baztertuta
Avdiivka hiria hartu zuen armadak herenegun, Donetsketik hamar bat kilometrora.
Avdiivka hiria hartu zuen armadak herenegun, Donetsketik hamar bat kilometrora. IGOR KOVALENCO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 1
«Ez ireki bigarren fronte bat». Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak parlamentariei eskatu die botere borrokak alboratzeko eta batasunari eusteko, «kanpoko erasoen aurka» gobernua sostengatzeko. Ezohiko bilkura egin du Radak (Ukrainako Parlamentuak), eta ez du onartu Arseni Jatseniuk lehen ministroaren dimisioa. Iragan ostegunean utzi zuen kargua, Svoboda eta UDAR alderdiek gobernuaren koalizioa utzi ondotik. «Alde edo kontra bozkatzeko eskubidea duzue, baina beti egin behar duzue Ukrainaren alde», esan die presidenteak legebiltzarkideei. Armada finantzatzeko zerga ezartzea onartu du azkenean parlamentuak: herritar bakoitzeko hilabeteko soldataren %1,5. Lege hori atzera bota zuten joan den astean.

Batkivxtxina alderdiko bozeramaile Sergei Sobolevek iragan astean ohartarazi zuen «bigarren frontearen» arriskuaz, gobernua sostengatzen zuen koalizioa desegitean. Kinka larrian da herrialdeko ekonomia, Mendebaldearen diru laguntzak izan arren. Izan ere, ekialdeko matxinoei gailentzeko esfortzu militarrak xahutzen dio aurrekontuaren zati handi bat, 70 milioi hrivnia egunean —4,3 milioi euro—, Poroxenkoren arabera. Zer esanik ez ekialdeko eskualdeak berreraikitzeko beharko duen diruaz, gerra irabaziz gero.

Makineria militarrak bere horretan jarraitzeko beharrezkoa zuen Kievek herritarrentzako lege desatseginak onartzea. Zerga igoerak armadak beharrezko dituen 9.000 milioi hrivnia —500 milioi euro pasatxo— biltzeko balioko dio. Legebiltzarrerako hauteskundeak begi bistan, «denak denen aurkako» botere borrokak herrialdea «anabasaren» zorian utzi dute, Soboleven hitzetan. Jatseniukek ere ohartarazi zuen: legeak onartu ezean, Kievek ezin izango zituen zorrak kitatu, eta Nazioarteko Diru Funtsaren ia 13.000 milioi euroko mailegua jasotzea eragotziko zion.

Poroxenko azken egunetan hainbat alderditako parlamentariekin bildu da, eta lortu du, oraingoz behintzat, «bigarren frontea» saihestea. 2014ko aurrekontuaren mozketak eta Naftogaz estatuko gas eta petrolio enpresaren erreformak ere onartu ditu Radak. «Esan nuen ez nuela bertan behera utziko borrokarik egin gabe. Eta irabazi egin dugu. Herrialdea salbatzeko eta batzeko urratsa da», esan du Jatseniukek.

Borroka militarra

Liskar politikoak aldi baterako alboratu badituzte ere, gerrak ez du etenik ekialdean. Ukrainako armadako hamalau militar hil dituzte matxinoek, militarren bozeramaile Andrei Lisenkok esan duenez. Beste 31 zauritu dituzte. Luhansk eta Donetsk eskualdeen kontrola berreskuratzeko erasoaldia hasi zuen apirilean Kievek. Hainbat hiri kontrolpean hartu dituzte militarrek, eta Donetsk eta Luhansk setiopean dituzte.

Egunetik egunera zailagoa da bizimodua hiri horietan. Ehun zibiletik gora hil dira Luhansken, hiru herenegun, udal agintariek adierazi dutenez. Milioi erdi biztanle zituen gatazka piztu aurretik. «Bertan behera utzi dute elikagaien hornikuntza, ogiarena ezik. Saltokiek bilduta dituzten elikagaiak bakarrik saltzen dituzte», azaldu du udal batzarrak. Gatazka piztu aurretik hauteskundeetan aukeratu zituzte erakundeko kideak. Behin eta berriro eskatu diote Kieveko agintariei erasoak gelditzeko. Dozenaka eraikin eta azpiegitura hondatu edo suntsitzen dituzte egunero bonbek.

Donetsken egoera oso antzekoa da. Armadak eskualdeko hiriburu ondoko hainbat hiri hartu ditu azken egunetan, eta gero eta bakartuago dago. Herenegun, gutxienez, hemeretzi lagun hil zituzten hirian. Horlivka hirian, hiriburutik 40 bat kilometro iparraldera ere borrokak gogorrak izan dira. Estrategikotzat du armadak hiria, hiriburuko matxinoak erabat bakartzeko.

Nazioarteko misioa

Ukrainako legebiltzarkideek berretsi egin dute Ukrainak eta Herbehereek eginiko akordioa, nazioarteko misio batek MH17 hegaldiko gunea azter dezan. Atzo bertan iritsi zen misioa Malaysia Airlines hegazkinaren ezbeharraren lekura. Astea batean lehen aldiz bildu ahal izan dira adituak eremura. Ez zuten asko iraun, borroken ondorioz alde egin behar izan baitzuten, nahiz eta Kievek atzo goizean iragarri «eraso operazio guztiak» eten egingo zituela. Interfax albiste agentziaren arabera, lanean hasi orduko mortero jaurtigaiak erori zitzaizkien ehun bat metrora, eta Donetskera itzuli behar izan zuten. Inguruko Xakhtiorsk hirian ere borrokak izan ziren, Novorossia berri agentziaren arabera.

Bi aldeek elkarri leporatu diete eremuaren segurtasunik eza, eta biek agertu nahi izan dute adituen segurtasunaren bermatzaile gisa. Kontakturako taldeak —ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundea, Errusia eta Ukraina—, ezbeharraren gunean menia hitzartu du.

Herbehereetako eta Australiako lau aditu dira atzo hegazkina erori zen lekura iritsi zirenak. Lehen fase batean, oraindik aurkitu ez dituzten gorpuzkinak eta bidaiarien ondasunak bilduko dituzte. Julie Bishop Australiako Atzerri ministroak dio 80 bat hilotz egon daitezkeela oraindik biltzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna