Gutxieneko errenta jasotzen dutenak %5 gehiago dira Ipar Euskal Herrian

Langabezia kopurua %2,5 igo da urtebetean; 11.746 langabe gehiago daude hiru lurraldeetan.50 urtetik gorakoak dira langabezian dauden gehienak; lautik bat adin multzo horretakoa da.

Baiona
2014ko urriaren 1a
00:00
Entzun
«Frantziako ekonomiak duen hazkunderik eza bera du Ipar Euskal Herriak». Horra hor Andre Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako (MIG) lehendakariaren hitzak Ipar Euskal Herriko egoera ekonomikoa azaltzeko. Agerikoak dira krisiaren ondorioak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: ekainean 8.396 pertsonak jasotzen zuten RSA gutxieneko errenta, iaz baino %5,2 gehiago.

Langabeziak oro har egin du gora, dena den: 11.746 langabe gehiago zeuden ekainean, iaztik 2,5 puntu emendatuz. Horietatik %41,7k urtebete baino gehiago daramate enplegu bulegoetan izana emanda, 8.478 pertsonak hain zuzen ere. Kopuru hori Pirinio Atlantikoan eta Akitanian baino handiagoa da. Gainera, 50 urte baino gehiago dutenak dira kaltetuenak; langabe guztien %25,8 dira. Horren aitzinean, 25 urte beherako gazteen %12 «soilik» lan bila dabiltza. Guztira, 20.317 dira lan bila dabiltzanak, aurreko urtean baino %5,8 gehiago.

Nolanahi ere, Garretak esan duenez, enplegu asko sortu dira maiatzetik uztailera. «Udako sasoirako lanen eta eraikuntzarako enpleguen erdiak tarte horretan sortzen dira». Lan eskaintza %2 emendatu da.

Ez da gorakada jasan duen alor bakarra. Izan ere, enpresari autonomoen kopuruak ere gora egin du: %13,4. 38 autonomo gehiago daude ekainaz geroztik, eta orotara 321 daude. «Baina egoera txar horren inguruan nazioartetik etorritako 10 enpresa sustraitu dira Ipar Euskal Herrian», adierazi zuen MIGeko lehendakariak. Askotariko alorretako eskaintzak proposatzen dituzte enpresok: kirola, birziklatzea, komunikazioa, logistika eta nekazaritza. Europako hainbat lurraldetatik etorritako enpresa horiek 117 enplegu sortuko dituzte; «oso datu baikorra da».

Hamar enpresa berri horiek talde handiago baten aleak dira, 2014ko lehen seihilekoan 1.362 enpresa sortu baitira; iaztik %4,1 jautsi da datua. Baina Andre Garretak adierazi du baieztatu ahal duela merkataritza enpresa gehiago sortuko direla, ofizioen sektoreko enpresen itxiera berean jarraituko duen heinean.

Aurten, %70 fidakor

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 600 enpresariren galdeketen erantzunei erreparatuta, %70k konfiantzaz begiratzen diote geroari; iaz %64ra iritsi zen kopurua. «Nabarmendu beharra dago urte hasieran %78 zirela», gaineratu zuen Garretak.

Era berean, galdeketa horrek erakusten du enpresariak euren enpresen langile kopuruari eusteko «esfortzua»egiten ari direla. Enpresarien %83k adierazi dute langile kopuruari eutsi diotela. Enpresarien %8k esan dute kopurua emendatu dutela, eta %9k, txikitu. «Joera horri datozen sei hilabeteetan eutsi ahalko zaio, soilik enpresaburuen %6k pentsatzen baitute enplegatuen kopurua apaldu beharko dutela».

Enpresariek gerora begira «kezka» handia erakusten dute inbertsioan, «baina soilik %7k pentsatzen dute inbertsio gastuak emendatuko dituztela datozen sei hilabeteetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.