Mexikoren gaitzak, begi bistan

Igualan sei ikasle hil eta 43 desagertu zireneko istiluen «egile intelektualak» hiriko alkatea eta haren emaztea izan ziren.

Tokiko agintarien, polizien eta kartelen arteko lotura agerian utzi du Fiskaltzak
Igualako udaletxeari su eman diote manifestariek.
Igualako udaletxeari su eman diote manifestariek. LENIN OCAMPO TORRES / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko urriak 24
Igualan irailaren 26an sei ikasle hil eta beste 43 desagertu zireneko istiluen «egile intelektualak» hiriko alkatea eta haren emaztea izan ziren, Mexikoko Fiskaltzak jakitera eman duenez. Guerrero estatuko tokiko agintarien, polizien eta krimen antolatuaren arteko loturak modu gordin eta zehatz batean azaldu ditu Jesus Murillo fiskal nagusiak, Mexiko osoan Ayotzinapako maisu-maistra ikasleen aldeko manifestazio jendetsuak egin diren egun berean. Igualako udaletxeari su eman zioten asteazken arratsean —ostegun goizaldea Euskal Herrian—, saltoki handi bat arpilatu zuten, eta Mexiko Hirian 25.000 manifestarik hartu zituzten kaleak, Bizirik eraman zituzten, bizirik nahi ditugu lelopean.

Atxilotze agindupean ezarri ditu Mexikok Igualako alkate ohi Jose Luis Abarca eta haren emazte Maria de los Angeles Pineda, Guerreros Unidos talde kriminalaren «eragile nagusia» fiskaltzaren arabera. Eta baita Igualako Segurtasun idazkari Felipe Flores ere. Hirurak ihesean daude duela ia lau astetik, sei ikasle hil eta beste 43 desagerrarazi zituztenetik; handik bi egunera agertu zen azkenekoz alkatea jendaurrean, eta istiluekin zer ikusirik ez zuela adierazi zuen. «Dantzaldi batean» zegoela esan zien kazetariei, gertakarien lekuan bertan ekitaldi politiko bat zuela jakina den arren. Abarca urriaren 17an kendu zuen kargutik Guerreroko Kongresuak. Ikasleen aurkako errepresioa sustatu izana egotzi die Mexikoko Gobernuak hirurei.

Gertakarien bertsio ofiziala

Igualako istiluak izan zirenetik 53 lagun atxilotu dituzte —tokiko 36 polizia eta funtzionario, eta Guerreros Unidos karteleko ustezko 17 kide—, eta, haiei eginiko galdeketetan oinarrituta, gertakarien nondik norakoak azaldu ditu fiskalak. Sidronio Casarrubias karteleko buruzagia iragan larunbatean atxilotu zuten, Tolucan, eta horrek argibide gehiago eman dizkie Mexikoko polizia federalei. Galdera nagusiak, ordea, erantzunik gabe jarraitzen du: non daude desagertutako 43 ikasleak?

Ordutik Igualako Pueblo Viejo eremuan 19 hobi eta 30 gorpu aurkitu dituzte —fiskalak bederatzi hobi bakarrik aipatu zituen, polizia komunitarioak atzemandako hamarrak baztertuta—, eta ez zirela desagertutako ikasleenak erakutsi dute orain arteko probek. Baina fiskalak zalantzan jarri ditu emaitza horiek, eta Argentinako peritu talde bat proba gehiago egiten ari dela azaldu du.

Mexikoko Fiskaltzak argitu duenez, irailaren 26an, ostirala, Ayotzinapako maisu-maistra ikasleek Igualarako bidea hartu zuten bi kamioitan, 18:00etan, diru bilketa bat egiteko, eta 21:00 aldera iritsi ziren. Igualan beste bi ibilgailu indarrez hartu zituzten, baina Guerreros Unidos kartelaren «informatzaileek» eta tokiko poliziek Ayotzinapako ikasleak iritsiak zirela ohartarazi zioten hiriko Kontrol Zentroari.

Alkateak eta haren emazteak ekitaldi politiko bat zuten ordu horretan hiri erdian, eta poliziek uste izan zuten ikasleak hura zapuztera joanak zirela. Iazko ekainean, izan ere, Igualako nekazarien protesta bat babestu zuten Ayotzinapako ikasleek, eta istilu larriak izan ziren. Halakorik berriro ez gertatzeko, Colucako Poliziari laguntza eskatu zioten Igualatik, eta bi hirietako agenteen artean —Guerreros Unidos karteleko kideen laguntzarekin— ikasleen ibilgailuei bidea itxi zieten. Kamioi batek aurrera egitea lortu zuen.

Nahasmen bat ere izan zuten, ordea, eta, ikasleena zelakoan, Chilpalcingo hiriburuko futbol talde baten autobusari eraso zioten poliziek: gidaria eta jokalari bat hil zituzten.

Istiluetan sei manifestari hil, 25 zauritu eta 43 atxilotu zituzten. Ikasleei indarrez aurre egiteko agindua A-5ek eman zuela deklaratu du Kontrol Zentroko arduradunak; alkatea identifikatzeko erabiltzen duten zeinua da A-5.

Atxilotuak Igualako polizia etxera eraman zituzten, eta han Coculako poliziek hartu zituzten. Bi hirietako agenteek Guerreros Unidoseko arduradun baten esku utzi zituzten ikasleak —Gil gisa ezagutua—, Pueblo Viejon. Hark Sidronio Casarrubias buruzagiari aditzera eman zion Igualako istiluak Rojos kartelekoek sortuak zirela, fiskalaren arabera. Guerreros Unidosekin etsaitua dago Rojos, eta, hura bezala, Beltran Leyva anaien karteletik bereizi zen. Casarrubiasek bere kartelaren «eragin eremua» babesteko neurriak hartzeko agindu bide zion Gili. Baina hortik aurrera zer gertatu zen ez dute argitu. Pueblo Viejon galtzen da desagertutako 43 maisu-maistra ikasleen arrastoa.

Fiskaltzak ikerketen beste emaitza batzuk ere eman ditu, tokiko agintarien eta kartel kriminalen arteko loturaren erakusle. Maria de los Angeles Pineda alkatesaren bi nebak Beltran Leyva karteleko kide izanak direla lehendik jakina zen, baina fiskalak jakinarazi du alkatearen emazteak berak, haren oniritziarekin, 120.000 eurotik gora ematen zizkiola hilero Guerreros Unidosi. Dirutza horren heren bat Igualako poliziei gainsariak ordaintzeko erabiltzen zuen kartelak, fiskalaren arabera.

Manifestazioak eta greba

Ikasleak agertzeko eskatu eta haien senideei elkartasuna adierazteko, milaka manifestarik Mexikoko hiri nagusietako kaleak hartu zituzten asteazkenean. Ikasleen gurasoek hartu zuten hitza manifestazioen amaieran, eta bi eguneko epea eman diete agintariei desagertuak non diren jakiteko: «Bi egun, edo ondorioei aurre egin beharko diete. Gerra nahi badute, gerra izango dute». Ehunka ikastetxek greba hasi dute, elkartasun keinu gisa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna