Urtebeterako «trantsizio gobernua» ezartzea hitzartu dute Burkina Fason

Herritarrek hautatutako zibil batek gidatuko du prozesua bozak egin arte.Armadak ere ontzat jo du

Burkina Fasoko armadako Isaac Yacuba Zida koronela Ghanako presidentearekin elkartu zen herenegun. LEGNAN KULA / EFE.
Oihan Vitoria.
2014ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Burkina Fasoko indar politiko denetako buruzagiek normaltasun konstituzionalera itzultzeko pausoa eman dute: «trantsizio gobernua» ezartzea hitzartu dute, urtebete barru egingo dituzten bozen aurretik. Prozesua gidatzeko, zibil bat buru duen gobernua osatzea erabaki dute. Herritarrek berek aukeratuko dute trantsiziorako presidentea; «ahalik eta bizkorrena» izendatzea espero dute. Herenegun, Afrika Mendebaldeko Estatuen Batasun Ekonomikoko Batzordearen bitartekariekin, Ghana, Nigeria eta Senegalgo presidenteekin, egindako bileran jarri ziren ados Burkina Fasoko alderdi, gizarte eragile eta erakunde erlijiosoetako ordezkariak; Uagadugu hiriburuan batu ziren. Isaac Yacuba Zida armadako buru eta jarduneko presidenteak ere parte hartu zuen bilkura horretan, eta ontzat jo zituen akordio guztiak.

Besteak beste, militarrek joan den astean konstituzioari jarritako betoa «lehenbailehen» kentzea adostu dute itunean, «trantsizio gobernuaren» eraketa prozesuari ekin ahal izateko. Aurki hasiko dira alderdi, erakunde eta armadaren arteko elkarrizketak trantsizio gobernuaren organoen egitura erabakitzeko; presidente ohiaren indar politikoaren parte hartzea ere espero dute. Halaber, herritarren eskubideak «babesteko» eta segurtasuna «bermatzeko» neurriak hartuko dituzte.

Orain astebete piztu ziren liskarrak Afrika mendebaldeko herrialdean. Blaise Compaore presidenteak 27 urteko aginteari segida eman nahi ziola eta, protestaka hasi ziren ehunka herritar. Horrela, Compaoreri hurrengo urteko hauteskundeetara aurkeztea ahalbidetuko liokeen konstituzioaren erreforma bozkatzekoak zirenean, parlamentuari su eman zioten manifestariek, eta berehala esku hartu zuen armadak. Presidenteak ere gobernua desegin, eta setio egoera jarri zuen. Muturreko neurrien ondotik, alabaina, amore eman zuen: dimisio eskaerei eta presioei ezin eutsirik, kargua laga zuen joan den asteko ostegunean; estatu kolpe baten bidez ailegatu zen boterera, 1987an.

Bi egunera hartu zuen agintea armadak, eta aho batez aukeratu zuen Zida koronela trantsiziorako presidente modura, beste hautagai Honore Nabere Traore jeneralaren aurretik. Zidaren izendapenak manifestarien kexua baretu ordez, gehiago berotu zuen giroa. Herritarrek karrikak hartu zituzten, eta borrokak areagotu ziren. Militarrekin izandako istiluetan, 30 lagun inguru zendu dira astebetean, eta ehundik gora zauritu.

Armadaren asmoa, hasieran, hauteskundeetan presidente bat hautatu artean trantsizioaren gidari izatea zen. Honela mintzatu zen Zida kargua hartzean: «Armadak inoiz ez du jardun politikoan eragin nahi izan. Alde guztiek eskatu didatelako hartu berri dut kargua; baita herrialdean kaosa gailendu ez dadin ere».

Mesfidantzatik leuntasunera

Militarren jarrerak, dena dela, mesfidantza eragin du nazioartean. Nazio Batuen Erakundeak eta Afrika Mendebaldeko Estatuen Batasun Ekonomikoko Batzordeak, kasurako, normaltasun konstituzionalera buelta dadila exijitu diote zenbait alditan armadako buruari, ez baitira haren jardunaz askorik fio. Afrikako Batasunak, gainera, bi aste emanak dizkio Zidari gobernu zibil bat ezartzeko. Egunotan, trantsizioa gidatzeko zibil bat buru duen gobernua negoziatzeko prest agertu da Zida, eta herenegun berretsi zuen egoerari aterabide bat emateko asmoa, ituna ustekabean eta inolako baldintzarik gabe babestuz.

Akordioa lortuta, hortaz, leundu egin dira armadaren eta nazioarteko erakundeen arteko harreman gaiztotuak. Adibidez, Afrika Mendebaldeko Estatuen Batasun Ekonomikoko Batzordeko bitartekariek txalotu egin dute militarrek azken astean izandako jokabidea: «Premiazko lana egin dute segurtasuna bermatzeko; profesionaltasunez aritu dira. Mila esker». Hildakoen sendiei ere doluminak eman dizkiete Ghana, Nigeria eta Senegalgo presidenteek.

Hitzarmenari esker, «trantsizio gobernua» martxan jarri, eta «betiko» emango diote amaiera Compaore presidente ohiaren 27 urteko agintaldiari. Astebeteko kaos soziala «errotik mozteko» eta etenda zegoen jarduera instituzionala berreskuratzeko konpromisoa hartu dute akordioaren sinatzaileek. Trantsizio prozesuaren egituraketan ere presidente ohiaren alderdiak esku har dezala nahi dute. «Urtebeterako gobernu hau gizarte osoaren isla izatea nahi dugu, inor alboratu gabe», nabarmendu dute. Halere, orain zaila dirudi horrela izatea, oposizioko talde denak ez baitatoz bat. Herenegungo bileran, kasurako, Compaoreren alderdikideen presentziak asaldura sortu zuen oposizioko hainbat politikariren artean: bileratik joan ziren erabakiaren kontrako kexua adierazteko.

Estatu kolpeen itzalpean

1960. urtean independizatu zen Burkina Faso Frantziatik, 1919. urtean okupatua izan ostean. Burujabetza lortu zuenetik, zenbait estatu kolpe jasan ditu. 1987an gertatu zen horietako bat, Compaore presidentetzara iritsi zenean; Thomas Sankara presidentea hil zuten kolpean. Gero, 1998ko, 2005eko eta 2010eko bozetan nagusitu zen Compaore. Oposizioak, hala, bozketa sistema aldatzeko eskatu zuen, «betikotu ez zedin». Orain, Boli Kostan ezkutatu da. Estatu kolpeak tarteko, Burkina Faso garapen txikiena duten hamar herrialdeen artean dagoela dio Nazio Batuen Erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.