Europazaleentzako lasaitua

Europako Batasunarekin bat egitearen aldeko indarrek irabazi dituzte Moldaviako hauteskundeak.

Koalizio gobernua prestatzen hasi dira.

Errusiazaleak buruan joan dira, botoen erdiak zenbatu arte

Xabin Makazaga -

2014ko abenduak 2
Estu eta larri, eta botoen zenbaketa asko aurreratu arte uste baino neke handiagoak igarota, baina alderdi europazaleek irabazi dituzte Moldaviako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Horrenbestez, azken bost urteetan agintean egon den koalizioak berriro gobernua osatu ahal izango du, Iurie Leanca lehen ministroaren PLDM Alderdi Liberal Demokrata buru dutela. PSRM Alderdi Sozialistak eskuratu ditu boto gehien, 2009ko hauteskundeetan bezala; baina europazaleak baino koska bat beherago gelditu dira azkenean indar errusiazaleak. Gobernuko indarrek 55 ordezkari izango dituzte 101 eserlekuko parlamentuan, eta, oposizio errusiazaleak, 46. Azken hamabost urteetako parte hartze txikiena izan dute igandeko bozek: %55,86.

PLDMk, Alderdi Demokratak eta Alderdi Liberalak —azken legealdi honetan gobernua partekatu duten indar europazaleek— koalizioa berritzeko negoziazioak hasiko dituzte. Azken emaitzan, baina, erabakigarria gertatu da bozak baino hiru egun lehenago Patria (Aberria) indar errusiazaleari parte hartzea galarazi izana, atzerrian legez kanpoko finantza bideak zituela argudiatuta. Renato Usati enpresariak, alderdiko buruzagiak, Errusiara ihes egin zuen, Moldaviako agintariek atxilotuko zuten beldur. Inkestek 15 diputatu ematen zizkioten.

Brusela-Mosku ardatzak

Ukrainako gaur egungo gatazkaren aurrekoa izan zen Moldaviako gerra zibila, 1992-93 urteetan. Transnistriak —Moldaviaren eta Ukrainaren arteko zerrenda bat— independentzia aldarrikatu zuen 1991n, eta, ehunka hildako eragin zituen borrokaz gero, de facto eskualde independentea da, Chisinaurekin harreman oro eten baitzituen. Igandean, hauteskunderik ez zen egin Transnistrian, hango 200.000 herritar erroldan ageri arren.

Europako Batasunaren edo Errusiaren aldera jo, horixe zen Moldaviako hauteskundeetan jokoan zegoena. PLDM, PD eta PL agintera iritsi ondotik; izan ere, Bruselarekin Elkartze Akordioa sinatu zuen Chisinauk. Hitzarmen hori bertan behera utzi eta Moskuk gidatzen duen Aduanen Batasunera itzultzeko asmoa agertu zuen PSRM Alderdi Sozialistako buru Igor Dodonek.

Buruzagi komunista ohia da Europako Batasunarekin loturak izatearen kontra gogorren egin duena Moldavian, eta «herritarren konfiantza» jaso dutela argudiatuta —alderdi bozkatuena izan baita PSRM—, Aduanen Batasunera itzultzeko herri galdeketa bat antolatzeko asmoa agertu du Dodonek.

Boz gehien lortutako alderdia izanagatik, Europako Batasunarekin harremanak sakontzearen alde agertu diren indarrekin ez duela koalizio bat osatzeko saialdirik egingo berretsi du PSRMko buruzagiak. Errusiak, Bielorrusiak eta Kazakhstanek osatzen duten Aduanen Batasunaren aldeko «jarrera garbia» izan dutela nabarmendu du Dodonek: «Europako Batasunarekiko akordioa bertan behera utzi nahi dutenekin soilik egin dezakegu hitzarmenen bat», azaldu zuen atzo Errusiako telebista bati eskainitako elkarrizketa batean.

PCRM Alderdi Komunistak, berriz, oraindik igitaia eta mailua ikur gisa erabili arren, ez du Bruselaren kontrako horren jarrera itxia; baina Moskuren alderako balantza eragiteko gaitasuna, bai.

Eta igandeko bozketa amaituta, Europako Batasunarekiko Elkartze Akordioa arriskuan ikusi zuten indar europazaleek, astelehen goizaldean zehar. Emaitza ofizialak argitaratzen hasi eta botoen erdiak kontatu arte; izan ere, Alderdi Sozialista eta Alderdi Komunista buruan ageri ziren, eta botoen proiekzioak gehiengoa ematen zien Moldaviako Parlamentuan.

Erreformen ondorioak

Bruselarekin izan beharreko harremanari buruzko plebiszitu gisa planteatu zituzten hiru alderdi europazaleek igandeko hauteskundeak. Ekonomia krisiaren eraginez, eta Europako Batasunarekin sinatutako Elkartze Akordioa betetzeko eskakizunengatik, erreforma zorrotzak jarri behar izan baitituzte indarrean. Eta Moldaviako herritarrak horren ondorioak pairatzen hasiak ziren.

«Erreformak inoiz ez dira errazak izaten, inorentzat, eta, jendeak besterik nahi izan arren, emaitzak ezin dira berehalakoak izan», argudiatu zuen atzo PLDM alderdiko ohorezko presidente Dumitru Diacovek. Horregatik, lortutako emaitzekin pozik agertu zen: «Irudi lezake emaitzak ez direla hain onak koalizio gobernuko indarrentzat, baina gehiengo egonkor bati eutsi egin diogu. Orain arte 53 diputatu genituen».

Moldavia 2017an Europako Batasunean sartzeko hautagai izendatzea nahi du Alderdi Liberal Demokratak, eta 2020an eskubide osoko kide bilakatzea. Hiru indar europazaleak Alderdi Komunista koalizio handi batera erakartzen saiatuko ote diren ere zabaldu dute zenbait iturrik.

Moldavia Europako herrialderik pobreenetakoa da, eta egoera ekonomikoa nabarmen okertu zen Bruselarekin Elkartze Akordioa sinatu ostean, Errusiak hango nekazaritza produktuak inportatzeko eragozpenak indarrean jarri zituenean. Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan, egoera ekonomiko larri hori baliatzen saiatu dira Alderdi Sozialista eta Alderdi Komunista.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna