Errusiaren krisi betean jarri dute martxan Eurasiako merkatu batua

Urtarrilean sartuko da indarrean Eurasiako Batasun Ekonomikoa.

170 milioi biztanleko merkatu bat osatu dute SESBekoak izandako bost herrialdek.

Salgai eta langileen zirkulazio askea izango dute
Errusiako, Armeniako, Bielorrusiako, Kazahkstango eta Kirgizistango agintariak, atzo, Moskun.
Errusiako, Armeniako, Bielorrusiako, Kazahkstango eta Kirgizistango agintariak, atzo, Moskun. MAXIM SHIPENKOV / EFE

Jon Fernandez -

2014ko abenduak 24
Bederatzi egun barru jaioko da ofizialki Eurasiako Batasun Ekonomikoa (EBE). Atzo sinatu zuten sorrerarako azken akordioa Moskun Errusiako, Kazakhstango, Bielorrusiako, Armeniako eta Kirgizistango agintariek. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna izandakoaren estatuak dira denak, eta Errusiaren gidaritza argiarekin, Europan bertan, Europako Batasunaren ondoan, 170 milioi herritarrek osatutako merkatu batasuna martxan jarriko dute datorren astetik aurrera. Vladimir Putin Errusiako presidenteak nabarmendu du EBEk 3,6 bilioi euroko barne produktu gordina izango duela —9,5 bilioi eurokoa zen iaz EBren BPGa, EBErena baino ia hiru aldiz gehiago—, eta salgaien, zerbitzuen, kapitalen eta langileen zirkulazio askea bermatuko duela.

Urte askoan landutako proiektuaren emaitza da EBE —1991z geroztik Kazakhstango presidente den Nursultan Nazarbayevek 1994an proposatu zuen herrialdeon arteko batasun ekonomikoa—, baina Errusiarentzat une oso berezian hasiko du ibilbidea proiektuak. Petrolioaren prezioen beherakadak eta errubloaren hondoratzeak Moskun zein eskualdean sortutako krisi ekonomiko betean dator EBE.

Brent upelaren prezioa ia %50 hondoratu da azken sei hilabeteetan, eta horrek zuzenean jo du Mosku, munduko petrolio ekoizle handienen artean bigarrena. Errusiak menpekotasun handia du petrolioarekiko; bere aurrekontuaren erdia hortik lortzen du. Baina petrolioarena ez du arazo bakarra. Gehiago pilatu zaizkio aldi berean. Errusiako dirua, errubloa,truke tasa ofizialean %22 jaitsi zen joan den astean euroaren aldean. Errusiako Banku Zentralak %17raino igo ditu interes tasak, baina ez du lortu dibisaren odolustea etetea. Horri guztiari Ukrainako gatazkagatik Errusiari jarri dizkioten merkataritza zigorrak gehitu behar zaizkio. Moskuk Mendebaldeak bere kontra antolatutako nazioarteko estrategia ikusten du krisiaren atzean.

Moskuren eragina inguruan

Krisi ekonomikoa, baina, ez du bakarrik Errusiak. Baita EBE sortu duten gainontzeko herrialdeek eta eskualdeko beste hainbatek ere. Finean, Errusia delako eskualdeko motor ekonomiko nagusia. Bielorrusiaren esportazioen %43,8, adibidez, Errusiara doaz, eta bere inportazioen %53,9 Errusiatik jasotzen ditu. Armeniak, Kazkhstanek eta Kirgzistanek ere Moskuko ekonomiarekiko dependentzia handia dute.

Errubloaren erorketak inguruko estatuetako diruen balio galerak ere eragin ditu. Errublo bielorrusiarraren balioa %13,3 txikitu da dolarrarekiko urtebetean, Kazakhstango tengea %15,2 eta Kirgizistango soma %14,5. Gainera, Errusian lan egiten duten kirgizistandarrek etxera bidalitako dirua herrialdeko BPGaren %31 da; Armeniaren kasuan %24. Mosku gaixotzen bada, inguru guztia hasten da doministikuka.

«Eskualde osoko hazkunderako zentro garrantzitsua» izan nahi du, hain zuzen, EBEk. Erronkarik ez zaio faltako. Nazarbayevek gogorarazi zuen zeintzuk diren: «Merkatuen ezegonkortasuna, zigorren politika, potentzia handien arteko deskonfiantza eta egoera politiko-militarra okertzeko mehatxuak». Alexandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak, berriz, EBEren barne arazoak ere seinalatu zituen. Egun EBEn salgaien zirkulazio askerik ez dagoela salatu zuen, Errusiak Mendebaldeko elikagaiei jarritako bahimenduagatik. Errubloaren debaluazioa dela eta, Lukaxenkok Errusiarekin dituen salerosketak dolarretan egitea ere proposatu zuen joan den astean. Putinek, aldiz, ez zuen barne arazorik aipatu atzo, eta barne mugarik gabeko merkatuaren sorrera azpimarratu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna