Trantsiziorako giltza

Myanmarko presidentea talde armatuen ordezkaritza bateratu batekin elkartu da lehen aldiz.

Otsailerako, menia nazional bat ezarri nahi du
Thein Sein presidentea, Independentzia Eguneko hitzaldia ematen, igandean, Naypyidawn.
Thein Sein presidentea, Independentzia Eguneko hitzaldia ematen, igandean, Naypyidawn. LYNN BO BO / EFE

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 7
Aniztasun etniko handia dauka Myanmarrek. 51 milioi biztanleetatik, birmaniar etniakoak dira %68; haiek dira Birmania izeneko lurraldea (Myanmarren izen zaharra) existitzearen arrazoia, baina haiek kontrolatutako estatuaren mugen barrenean bertze 135 etnia bizi dira gutxienez, gobernuak ofizialki onartutakoak. Myanmar independente denetik (1948, Erresuma Batutik), gutxiengo etnikoekin zerikusia duten gatazketan murgilduta egon da herrialdea. Herenegun, Independentzia Eguna ospatu eta biharamunean, Thein Sein presidentea hamabi etniatako talde armatuen ordezkariekin elkartu zen lehenbiziko aldiz. Helburu bat paratu zuen: otsailaren 12an herrialde osoko su-etena sinatzea. Pauso erabakigarria litzateke hori diktadura militarra bukatzeko trantsiziorako.

Ez da lehenbiziko aldia presidentea talde armatuekin elkartu dela; zenbaitekin bildu da azken urteotan, baina beti banaka. Lehenbiziko aldiz hartu du ordezkaritza bateratu bat, Naypyidaw hiriburuan. Herrialdeko hamasei talde armatu NCCT Su-etena Koordinatzeko Talde Nazionalean elkartu ziren 2013ko udazkenean. Horietako hamabik onartu zuten joan den asteburuan Thein Seinen gonbita, eta igandean Independentzia Eguneko armadaren desfilea ikusten ere izan ziren haien ordezkariak. NCCT-tik kanpo dago talde armatu handiena, USWA Wa Estatuaren Armada Batua, baina haien ordezkariak ere Naypyidawko bilkuran izan ziren. The Irrawaddy-ren arabera (Myanmarko erbesteko kazeta), Thein Seinek su-eten orokorra lehenbailehen ezarri nahi du negoziazio politikoari ekiteko. Udazkenean egitekoak dira hauteskundeak, eta Thein Seinek lehenago lortu nahiko luke akordio politikoa. Orain arte, talde batzuekin sinatu ditu meniak, beti banaka.

Ye Htut Informazio ministroak The Irrawaddy-ri adierazi dionez, presidenteak otsailaren 12an su-eten orokorra sinatzea proposatu die talde armatuei, egun sinbolikoa delako. Egun horretan beteko dira 68 urte Aung San jeneralak eta shan, kachin eta chin etnien buruzagiek Panglongeko Hitzarmena sinatu zutela. Independentzia aldarrikatu aitzinetik, hiru etnia horien autonomia ezarri zen horrekin, baina 1962ko estatu kolpeak behin betiko hondoratu zuen akordioa.

Eta orain ere hitzarmen horren edukia berreskuratzea lan nekeza izanen da; adibidez, hura sinatu zuten bi etniatako gerrillek (kachinenak eta chinenak), karen etniaren taldeetako batek eta palaung etniarenak uko egin ziotelako Thein Sein presidentearekin elkartzeari. Lau gerrilla horiek —eta bilkuran izan zirenetako batzuek— armadaren aurka borrokan jarraitzen dute. Talde guztien interesak ez dira berdinak, eta ezta gobernuak eremu guztietan dauzkanak; horrek zaildu egiten du negoziazio integral bat.

Bortz urte prozesuan

Duela bortz urte hasi zuen Myanmarrek diktadura militarra utzi eta sistema parlamentario bihurtzeko trantsizioa. Armadak hurbiletik zaindutako prozesua da. NLD Demokraziarako Liga Nazionala legeztatu zuen —oposizioko alderdi historikoa—, baina gutxiengo etnikoen gatazkak errotiko arazoa dira, diktaduraren aitzinekoak. Nahiz eta Myanmar Txinaren aliatu historikoa den, Mendebaldea prozesua bideratu nahian ari da, herrialdeak baliabide natural aberatsak dauzkalako, bertzeak bertze.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna