Albistea entzun

Krimeara, bizitza berri baten bila

Moskurekin batera, Itsaso Beltzeko penintsulak hartu du Ukrainako errefuxiatu gehien
Kharkov hiritik ihes egin zuen Jurik Krimeara. Ekialdean dago, eta Kieven ondoren, Ukrainako hiri handiena da.
Kharkov hiritik ihes egin zuen Jurik Krimeara. Ekialdean dago, eta Kieven ondoren, Ukrainako hiri handiena da. MIKEL ARREGI

Ibai Trebiño -

2015eko apirilak 3

Maidaneko gertakarien osteko Ukrainatik ihesean, Errusia babesleku bilakatu da ukrainar askorentzat. Herrialdearen ekialdeko gatazkak eragindako errefuxiatu uholdeak gainezka egin du; eta Donbassetik gehienek Don eskualdera ihes egin badute ere, badaude Ukrainatik bestelako errusiar lurraldeetarako bidea hartu dutenak ere. Guztira, NBEren datuen arabera, milioi bat iheslari inguru eragin ditu Ukrainako gatazkak. Badaude bestelako kasuak ere, arrazoi ekonomikoak edo politikoak direla eta, errefuxiatu estatusa eskatu gabe migrazioari ekin diotenak.

Joan den urtarrilean, esate baterako, 40.000 pertsonak baino gehiagok eskatu zuten Errusian errefuxiatu estatusa, Ukrainak derrigorrezko soldaduska ezarri ostean. Horietariko bat da Sergei, Sebastopolgo portuan gerturatu den Zaporizhiako 20 urteko gaztea. Bertan dago Juri ere, Ukrainatik ihesean Krimeara heldu zen 30 urteko gaztea. Hasierako lotsak gaindituta, errusieraz mintzo da. Joan den urteko apirilean, Kharkov jaioterria utzi, eta «Ukrainako erregimenetik» ihesi heldu zen Krimeara. Ia urtebete geroago, bizitza berri bat darama.

Krimea errusiarrak urtebete bete berri duenean, Ukrainatik ihesean joandako errefuxiatu jarioa handia da, eta Ukrainan bizi diren errusiar etnikoentzat Krimeak hautatutako bidea eredu bilakatu da. «Nire bizitza utzi eta Krimeara etortzea erabaki nuen», dio ilehori garaiak, irribarrez, itsasoari begira: «Leku polita da Sebastopol; oso gustura nago hemen».

Ukraina berrian, lekuz kanpo

Jaioterria uzteak zapore gazia utzi badio ere, bizitza berriari ekin dio Krimean. «Ukraina berrian gauzatu ezin ditudan proiektu profesionalak martxan jartzen hasia naiz Krimean. Bizitza berri bat hasi dut hemen».

Jurik ingeniaritza ikasi zuen Ukrainan, eta enpresa bat sortzen ari zen Kharkovetik ihes egitea erabaki zuenean —Kieven ondotik, hiri handiena da—. Maidaneko gertakarien ostean, bere burua lekuz kanpo ikusten zuen bere hirian.

Errefuxiatu estatusa onartzea ez zaio axola Juriri. Bere burua ez du ezkutatzen. «Ukraina berrian ez daukat nire lana egiterik. Herrialdea ekonomikoki hondoratuta dago Maidanekoaren ostean, eta, besteak beste, horregatik erabaki nuen alde egitea». Krimean lana topatu du, eta Sebastopol inguruan bizi da, gurasoekin: «Krimeara gurasoekin batera etorri nintzen, haiek ere Ukraina berria utzi eta leku ziur batera bizitzen etortzea erabaki baitzuten».

Familiak Juriren bide bera hartzea erabaki zuen, beraz. «Egoera ekonomikoak txarrera egin zuen nabarmen, eta, kaleak faxistaz betetzen hasi zirenean, handik alde egitea erabaki zuten beraiek ere».

Ukrainatik hanka egin, eta bizitza berri bati ekin zion orduan familia osoak. Orain, Sebastopol inguruan etxe bat erosi dute, eta hura berritzen ari dira. «Geneukan gehiena galdu eta denok bizitza berri bat hastera kondenatuta bagaude ere, familia oso pozik dago Krimean», dio Jurik. «Gure egoera gogorra da, baina gustura gaude. Etxe berria erosi, eta berreraikitzen hasi gara».

Familia osoa ez da, baina, batera bizi. Juriren arreba ez zen Krimeara etorri: Kharkoven gelditzea erabaki zuen. «Maidan mugimenduko ekintzaile eta talde europazaleen parte da», gaztearen arabera. «Tamalez» berarekin harreman gutxi daukatela aitortu du Jurik. «Gure arrebak beste bide bat hautatu du», dio errespetuz.

Amona ere Kharkoven geratu da, baina haren kasua guztiz ezberdina da. Adina dela-eta ezin izan zuen Krimeara familia osoarekin etorri, eta Juri nahiko arduratuta dago. «Espero dut Kharkovera itzuli ahal izango dudala, amona infernu horretatik salbatu behar dut eta».

Politikaz hitz egiteko eragozpenik ez dauka Jurik. Ukrainako jende gehienari bezala, berari ere kezka handia eragiten dio Ukraina ekialdeko gerrak eta egoera politiko bortitzak. Ukrainaren etorkizunaren inguruan bi gauza gertatuko direla aditzera eman du Jurik. Alde batetik, Donbasseko herri miliziek laster eskualde osoa —Jarkov barne— «askatu» egingo dutela dio; eta, bestalde, Ukraina estatu gisa desagertu egingo dela uste du. «Gaur arte ezagutu dugun Ukraina desagertzear dago, Mendebaldearen esku hartzeak eraginda».

Jurik ez du etsitzen, halere. Bere asmoa noizbait Ukrainara bueltatzea da. «Bi aukera baino ez nituen: herri miliziekin borrokara joan edo handik hanka egin», dio, aurpegi esanguratsu batekin. «Nik bigarrena hautatu nuen, ekarpen handia egin dezakedalakoan bainago». Gerra amaitutakoan Donbassera bueltatu eta eskualdea berreraikitzen laguntzea da haren asmoa.

Krimean bizi diren ukrainar errefuxiatuez datu zehatzik ez badago ere, asko dira kontinentetik penintsulara etorrita direnak. Juriren kasuan, Krimeak independentzia aldarrikatu orduko erabaki zuen alde egitea. Oraingoz, Ukrainatik Krimeara heldutako errefuxiatu kopuruak arazo sozialik sortu ez badu ere, krimear batzuen kezka handia da. «Ez gaude prest errefuxiatu horiek guztiak jasotzeko», dio Sebastopolgo emakume batek. Agian Errusiako Gobernuak herrialdearen iparraldean eskaintzen duen «errefuxiatu paketea» onartu beharko luketela uste du berak. Ukrainatik alde egin duten gehienak Moskura eta Krimeara joan dira, eta penintsulako hainbat herritar hasiak dira kezka azaltzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, hauteskundeetako emaitza ospatzen, atzo, Glasgown. ©ROBERT PERRY / EFE

Johnsonek goi bilera batera gonbidatu du Sturgeon, Erresuma Batuaren geroaz aritzeko

Andoni Imaz

Hauteskundeen ondoren, herrialdeen arteko batasuna indartzeko asmoz gonbidatu ditu Johnsonek Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako aginatariak bilera batera.

ERCko Pere Aragones, gaur, erabakiren berri emateko agerraldian. ©Quique Garcia / EFE

ERC prest dago gutxiengoan gobernatzeko

Berria

Aragonesek bere inbestidura errazteko botoak eskatu dizkio JxCri; adierazpen horrekin, iradoki du bi alderdi politikoen arteko negoziazioek ez dutela arrakastarik izango.

 ©AZIZ ISA ELKUN

«Uigurrok gure herrian askatasunez biziko garela uste dut»

Urtzi Urrutikoetxea

Txinak uigur etnia bere esaneko egiteko haien kultura eta identitatea ezabatu nahi dituela salatu du Isak. Dioenez, egia hori ezkutatzea geroz eta zailagoa egiten ari zaio gobernuari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna