Papergintza sektoreak fakturazioei eutsi die egoera «zaila» izan arren

Ekoizpena %2,7 handitu da, baina fakturazioa jaitsi egin da 2014an.Erreforma elektrikoak kalte «handia» egin die alorreko enpresei

Fakturazioaren erdia baino gehiago (%53) esportazioen bidez lortu dute enpresek. BERRIA.
Arnaitz Lasarte.
2015eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Krisia hasi ondoreneko beste urteak bezala, 2014a ere «oso urte zaila» izan zen papergintza sektoreko enpresentzat, eta «kezkaz» hartu dute 2015a ere. «Urte hasierako eskaerak ikusita, ez dago aurreikuspen baikorrak egiterik». Sektoreak duen egoeraren berri eman zuen atzo Donostian Luis Fernando Ruiz Arrue Paperaren Klusterreko zuzendariak, Iñaki Ugarte kudeatzailearekin batera. Fakturazio orokorra handitu egin da (%3,1). Sektorearen zutabe nagusia paperaren ekoizpena da, ordea, eta «kezkagarria» da haren egoera. Ekoizpena %2, 7 handitu arren, fakturazioa jaitsi da alor horretan.

Guztira, 846 milioi euroko fakturazioa izan zuten iaz, 2013an baino %3,1 handiagoa. Horietatik 699 milioi euro (-%1) paperaren eta paper orearen ekoizpenaren bidez lortu zituzten enpresek, eta beste 77 milioi euroak (+%23) ingeniaritzaren eta horniduren ekoizpenaren bidez .

Klusterreko kideen arabera, «bereziki zaila» da paper ekoizleen egoera. Espainiako Gobernuak indarrean jarritako erreforma elektrikoa da egoeraren erantzule nagusietakoa, Ruiz Arrue zuzendariak azaldu zuenez. Izan ere, papergintza sektoreko enpresek energia asko kontsumitzen dute, baina horrez gain energia ekoizle handiak ere badira, kogenerazioaren bidez. Erreformak nabarmen gutxitu ditu kogenerazioari emandako diru sariak, eta berriztagarrien sektorea ere kinka larrian utzi du. Hori horrela, paper fabrika askoren bideragarritasuna kolokan dago.

Bestalde, Euskal Herriko eta Espainiako kontsumoa ez atzera ez aurrera dago. Hori dela eta, nazioartekotzearen alde egin dute azken urteetan, merkatu berrien bila. Iaz, esaterako, fakturazio osoaren %53 esportazioen bidez lortu zuten. 2013an baino %1,7 gutxiago da, baina %32 gehiago, 2008ko datuei erreparatuz gero.

2015ari buruzko aurreikuspenak ere egin ditu klusterrak. Urte hasieran, enpresek ez dute gorakadarik nabaritu eskaeran. Ondorioz, ezin dute bermatu paper ekoizleen fakturazioak beheranzko joerari buelta emango dionik. Hornidura ekoizleen etorkizunari ere zalantzaz begiratzen diete. «2014a urte ona izan zen, baina ez dakigu 2015ean erritmoari eutsi ahal izango diogun».

Papresako lan gatazka

Enpleguari dagokionez, klusterra osatzen duten 21 enpresetan 1.862 langilek dihardute. 2013arekin alderatuta, %1 jaitsi da kopuru hori. Ruiz Arruek nabarmendu du lan finkoak direla %93, «kalitatezkoak».

Hain justu, LAB sindikatuak ohar batean adierazi du aste honetan auzitegiek arrazoi eman diela Errenteriako (Gipuzkoa) Papresa enpresako langileei. Klusterreko kide da Papresa. Bada, LABek azaldu duenez, enpresaren zuzendaritzak «aldebakartasunez eta inposizioaz» langileen soldatak jaitsi zituen urtarrilean, «KPIaren negatibotasunaren aitzakian»; «epaia ez da garaipen bat, gure eskubideen aitorpen juridikoa baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.