Albistea entzun

Marten ura dagoela berretsi dute

Irudietan ikusitako aztarna beltzak gatz hidratatuak direla baieztatu dute zientzialariek
Marte espaziotik ikusita, 2014ko irailaren 22ko irudi batean.
Marte espaziotik ikusita, 2014ko irailaren 22ko irudi batean. NASA

Ibai Maruri Bilbao -

2015eko irailak 29

Eguzki sisteman Lurra ez da ura duen planeta bakarra. AEBetako NASA agentziak atzo jakinarazi zuenez, Marten ere badago. Eta gazia da, gainera. NASAren Ames ikerketa zentroak, John Hopkins Laborategiak, Arizonako Unibertsitateak, Southwest Ikerketa Institutuak eta Nantesko Planetologia eta Geodinamika Laborategiak egindako ikerketaren emaitza da aurkikuntza; Nature Geoscience zientzia aldizkarian argitaratu dute laburpena. Asteon aurkeztuko dute osorik Nantesen (Frantzian) egingo den Planeten Zientziaren Europako Jardunaldietan.

MRO Mars Reconnaissance Orbiter zundak 2014an RSL Recurring Slope Lineae izenez ezagutzen diren ildo batzuk aurkitu zituen, Marteko lau eremutan. Planetaren gainazalean uraren joan-etorriak eragindakoak izan zitezkeela aipatu zen orduan. Baina irudien bereizmenak ez zuen hainbestean baieztatzeko aukerarik ematen. Atzo irmoago eutsi zioten hipotesi horri. Izan ere, beste pauso bat eman dute: MRO zundak hartutako irudiak CRISM izeneko espektometro batekin aztertu dituzte. Gailu horri esker, Marten dauden mineralak eta bestelako elementuak identifikatu ditzakete. MRO zundak hartutako irudietako pixel bakoitza ikertu dute espektometroarekin. Hala, orain badakite irudietan agertzen den gainazala zein elementuk osatuta dagoen. Eta ez dute zalantzarik: gatz hidratatua dago Marten.

RSLak marka estuak dira: metro erdi eta bost metro arteko zabalera izaten dute. Marteko krater batzuetan agertu dira. Ez edozeinetan. Hain zuzen, baldintza hauek betetzen dituztenetan aurkitu dituzte: hogei gradu baino gehiagoko malda dute, eta planetaren ekuatoreari begira daude. Gainera, gehienak planetaren hego hemisferioan agertu dira; alegia, lurpean izotz kopuru handia dagoela uste den tokietan. Oraingo honetan, Palikir, Hale eta Horowitz eta Coprates Chasma kraterrak ikertu dituzte —denak hego hemisferioan—.

Gatza, bizitzaren oinarri

MRO zunda 2005ean bidali zuten espaziora. Harrezkero argazkiak egiten ibili da. Urte sasoi batzuetan antzeman dituzte RSL direlako aztarna ilun horiek. Horregatik, urtaroak eragin zuzena izan dezakeela pentsatu dute. Hau da, uda aldian agertzen direnez, tenperatura beroek izoztutako ura likido bihurtzen dute, eta maldetan behera erotzen denean sortzen dira ildoak. Gatzari esker, ura likido mantentzen da udan ere, tenperatura hotza izan arren. Apirilean beste ikerketa batek antzeko ondorioak izan zituen. Curiosity robotak Gale kraterra aztertu zuen. Zientzialarien arabera, kraterrean ur likidoa sor daiteke, perklorato izeneko gatz batzuei esker. Atzo jakinarazitako aurkikuntza ikertu dutenek ere perkloratoak eta kloratoak aipatu dituzte.

Dena den, ez daude ziur ura nondik datorren. Argi dute gainazalean bertan ez dagoela. Beraz, akuiferoetan egon daiteke, edo lurpean izoztuta; atmosferan kondentsatutako lurruna ere izan daiteke. Martek ozeanoa izan zuen duela 4.500 urte, eta haren gainazalaren %19 betetzen zuen.

Baina ura aurkitzea nahikoa al da bizitza badagoela baieztatzeko? Atacamako basamortuak (Txile) Marteren pareko baldintzak ditu. Gatzaren presentziak mikrobio taldeak bizitzea ahalbidetzen du. Baina, ikerlariek diotenez, Marteko gatz hezearen jarduna ahulegia da bizitza sortzeko. Dena den, ur likidoa aurkitzea itxaropentsutzat jo dute, etorkizunean gizakia Marten bizi ahal izateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA
12 eta 17 urte bitartekoak hasiko dira indartze dosia hartzen. ©GUILLAUME FAUVEAU

Neurriak arintzeko egutegia aurkeztu du Frantziako Gobernuak

Oihana Teyseyre Koskarat Gotzon Hermosilla

Telelana arinduko dute, eta maskara ez da derrigorrezkoa izanen aire zabalean. Aldaketa gehienak otsailean sartuko dira indarrean
Viceko La Sinia ikastetxeko haur batzuk ikasgelan. ©DANI CODINA

Herri mailako erantzun bat eskola segregazioari

Irati Urdalleta Lete

Kataluniako Hezkuntza Legeak udalei protagonismo handiagoa ematen die hezkuntzaren alorrean, esate baterako segregazioa kudeatzeko garaian. Vic hirian, adibidez, lortu dute ikastetxe guztiak, udala eta eragileak erronka horri aurre egiteko inplikatzea. Hala ere, aitortu dute badagoela zer hobetua.

Memoria historikoaren legeko okerra aitortu du Jaurlaritzak

Berria

Lege proiektua tramitatzean, beste testu bat igorri zuten. Hutsegite bat izan dela eta konponduko dutela diote

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.