Gerdauren lantegiak salgai jartzeko asmoak erne jarri ditu sindikatuak

Brasilgo konpainiak ez du baieztatu altzairu berezien saileko hainbat lantoki bereizteko erabakia, horien artean Euskal Herrikoak.Lantegi «lehiakorrak» direla aldarrikatu dute sindikatuek

Gerdau altzairu sektoreko multinazionalak Basaurin (Bizkaia) duen lantegia. LUIS TEJIDO / EFE.
Ivan Santamaria.
2015eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Gerdau altzairugileak Euskal Herrian dituen lantegien etorkizun hurbilak erne jarri ditu sindikatuak eta administrazio publikoak. Frantzian argitaratutako albisteen arabera, altzairu berezien saileko hainbat lantoki salgai jartzeko asmoa du Gerdauk, eta horien artean leudeke Euskal Herrian dituenak. Konpainiak ez du albistea baieztatu, eta jakinaren gainean ez dagoela ziurtatu dio giza baliabideen kudeatzaileak Basauriko (Bizkaia) lantegiko beharginen ordezkariei.

Sidenor konpainiaren oinordekoak dira Gerdauk Euskal Herrian dituen lantegiak. 2005. urtean erosi zuen Gerdauk Sidenor. Sei lantoki ditu martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Handiena Basaurin dago, eta beste bi altzairutegi ditu Gasteizen eta Azkoitian (Gipuzkoa). Horrekin batera altzairu arina ekoizten du Legution (Araba), eta Soraluzen (Gipuzkoa). Azkenik, txatarra biltzen du Legazpin (Gipuzkoa).Salmentak Espainian dituenlantegiei ere eragingo die, hasieran. Guztien artean, 2.250 langile dira.

Le Republican Lorrain egunkariak Brasilgo krisiarekin lotu du Gerdauren erabakia. Brasilgo ekonomia krisian sartu da, eta sorterrian egiten du multinazionalak bere negozioaren erdia baino gehiago. Enpresak hiruhilero emandako finantza informazioaren arabera, salmentetan eta produkzioan ez du jaitsiera adierazgarririk izan, eta irabaziak izan ditu urteko lehen erdian.

Brasilgo atzeraldia, hala ere, zorpetzean ari da nabaritzen altzairu konpainia. Bere zorraren %76 AEBetako dolarretan hartua du, eta Brasilgo monetak, realak, balio galera handia pilatu du azkenaldian. Ondorioz, enpresaren zorpetze gordinaren balioa %35 handitu da urte batetik bestera. 5.200 milioi euro zor ditu Gerdauk, gaur egun. Gerdauren jabeak —Multinacional Gerdau— akzio eskaintza mugatu bat egiteko asmoa duela argitaratu du Brasilgo prentsak, lortzen duen diruarekin zorpetzea bueltatu ahal izateko. Gerdauren akzioak %42 erori dira azken urtean.

Informazioen arabera, salmentaren prozesua bideratzeko ardura Santander bankuaren eskuetan utzi du multinazionaleko zuzendaritzak, eta filiala sektoreko beste konpainiei eskaintzeko eskatu dio. Kantabriako presidente Miguel Angel Revillak azaldu zuen Santanderreko presidenteAna Botinekin hitz egin duela eta kontuari buruz «albisteren bat» zeukala, baina ez zuela Gerdauk egingo duen eskaintzari buruzko informazio zehatzik. Reinosan (Kantabria) lantegi bat eta 700 behargin ditu konpainiak.

Enpresak mutu jarraitzen du, ordea. «Ez ditugu merkatuen zurrumurruak edo espekulazioak komentatzen», izan zen taldeko iturriek atzo Europa Press agentziari emandako erantzuna.

Lantegi «lehiakorrak»

Lantegien balizko salmentak eta ondorioek kezka zabaldu zuten berehala. Sindikatu guztiek exijitu diote Gerdauko Espainiako zuzendaritzari enpresaren egoera ahalik eta azkarren argitzeko. «Europako Gerdauren langileek ez dute zertan ordaindu taldearen Brasilgo krisia», ohartarazi zuen ELAk, ohar baten bidez.

Sindikatuaren ustez, azken urteotan altzairu taldeak «etekin handiak» lortu ditu Euskal Herrian, hemengo lantokiak «lehiakorrak» dira, eta «balio handiko langileak» dituzte. Azken urteotan lan baldintzetan hainbat murrizketa jasan dituzte langileek, horien truke enpresaren etorkizuna bermatuko zela argudiatuta. «Enpresa salgai dagoela egia balitz, berriro agerian geratuko litzateke honelako konpainietan emandako hitzak ez duela balio handirik», salatu du ELAk.

LABen ustez, «onartezina» da langileek hedabideen bidez halako erabaki baten berri jaso izana. «Hau al da komunikabideetan patronalak aldarrikatzen duen enpresa eredu berria, gardentasunean eta langileen parte hartzean oinarritzen dena?», galdetu zuen sindikatuak, prentsa ohar batean.

LABek azpimarratu du Euskal Herrian dauden Gerdauren lantokiak «ekonomikoki bideragarriak» direla, eta, gaur-gaurkoz, lan zama badutela. «Lantoki guztien etorkizuna, lanpostuak eta lan baldintzak bermatzea eskatzen dugu», adierazi du sindikatuak.

Erakunde publikoetara begira jarri dira langileen ordezkariak, lantokien jarraipena berma dezatela exijituta. Eusko Jaurlaritzak ez du, oraingoz, enpresaren jakinarazpen ofizialik jaso. Jarduerari eutsiko zaiola bermatzeko «tresna guztiak» prest dituzte, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.