Cop 21: Munduko Alternatiben Herrixka aitzina, baina baldintzekin

Debekurik ezean, Parisko Prefeturak emanen dizkien baldintzen zain dira Alternatibako kideak

ALTERNATIBA / BESTEAK.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2015eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Munduko Alternatiben Herrixka egin eginen da, baina antolatzaileek oraindik ez dakite zer baldintza ezarriko dizkien Parisko Prefeturak. Atentatuen ondotik Frantziako Gobernuak ezarri duen larrialdi egoerak kolokan jarri ditu Cop21 klima aldaketari buruzko goi bileraren harira herri mugimenduek aurreikusiak zituzten mobilizazio eta ekitaldiak. Manuel Valls Frantziako lehen ministroak aste honetan iragarri du azaroaren 29an egitekoa zen mobilizazio erraldoia eta beste ekitaldi andana bat debekatuko dituztela. Oraingoz, debekuek ez dute Munduko Alternatiben Herrixka ukitu. Abenduaren 5erako eta 6rako konferentziak, tailerrak eta kontzertuak antolatuak dituzte Paris ondoko Montreuil hirian. «Dugun informazio bakarra da beste guzia debekatu dutela», azaldu du Mattin Ihidope Bizi mugimenduko kideak. «Guk ez dugu debeku argirik jaso; beraz, A plana antolatzen ari gara oraindik ere. Baina badakigu haiengandik neurri eta baldintza bereziak jasan ditzakegula, ekitaldia egun bakarrera mugatuz edo armadaren presentzia handia inposatuz».

Astelehenean bilkura dute herriko etxearekin eta prefeturarekin. Han jakitea espero dute zein baldintzatan antolatzen ahalko duten Munduko Alternatiben Herrixka.

Mobilizaziorako deia

Gaur, Alternatiben Europako Koordinazioaren bilkura izanen dute Cop 21 bileraren inguruan antolatu ekitaldien debekuari nola erantzun erabakitzeko.

«Ez dugu arautua den zerbait bakarrik egin nahi», dio Ihidopek. «Hastapenetik diogu Cop 21 horretan tentsio momentu bat atxiki behar dela eta debekuetatik at ere zerbait egin behar dugula, baina oraindik ez dakigu zer eta nola. Baliteke Alternatiben Herrixka ere ez batere pentsatua zen formatuan egitea. Ez dugu segurtasun neurriek erraten digutena bakarrik egin nahi».

Azaroaren 29an manifestazio handi bat egitekoa zen, eta abenduaren 11n eta 12an ere ekintza andana bat aurreikusia zuten.On lâche rien lelopean izenpedura bilketa bat abiatu dute, «klimaren aldeko mobilizazio herritarrak» atxikiak izan daitezen. «Ez dugu onartzen giza hondamendiak askatasunen murrizketa abiatzeko baliatzen dituen shockaren estrategia», dio Interneten zabaldu duten manifestuak.

Halaber, Alternatibaren webgunean ere mezua zabaldu dute Alternatiben Herrixkaren prestakuntzan parte hartzeko laguntzaileei dei eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.