Diktaduraren negozioak

Enpresek Argentinako diktaduran izandako erantzukizuna argitzeko ikerketak Mauricio Macriren gobernuaren oztopoa aurkitu du aurrez aurre. Giza Eskubideen Idazkaritzak atzera egin du 'Saiegh auziaren' salaketan. Negozio ilunak estaltzeko estrategia oso baten ondorio da erabaki hori.

Erresistentziaren martxa Buenos Airesen, abuztuaren hondarrean, Macriren politikaren aurka. DAVID FERNÁNDEZ / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2016ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Argentinako hainbat talde ekonomikok diktadurarekin harreman estua izan zutela salatu dute giza eskubideen aldeko taldeek aspaldi honetan. 40 urte baino gehiago itxaron behar izan da, baina, azkenean, hainbat enpresa eta haietako zuzendaritzetako kideak ikertu ditu Justiziak, baita epaitu ere. Harik eta Mauricio Macriren gobernua iritsi den arte. Justizia, egia eta memoriaren prozesuan urrats gehiago egingo zirela pentsa zitekeenean iritsi dira zalantzak. Diktaduraren beste ertz horretan erakundeek emandako aurrerapausoa izoztu egin du gobernu berriak. Giza Eskubideen Idazkaritzak Saiegh auziaren salaketan atzera egin duela iragarri zuen orain aste batzuk, izan ere. Hala, Macri gobernuak eskuak garbitu ditu gizateriaren aurkako krimenetan parte hartutako zibilen aurkako auzi giltzarri batean.

Banco Latinoamericanoren jabea zen Saiegh; 1980ko urriaren 31n bahitu zuten, eta, askatu aurretik, bankuaren autolikidazioa eskatzera behartu zuten. Beren konpainiak saltzera behartzeko enpresarioak bahitzea eta torturatzea ohikoa bihurtu zen diktadura militarrean. Estatua 600 operazio baino gehiago ikertzen ari zen orain gutxira arte. Enpresa horien salmenta edota porrota, presiopean edo bahiketaren bidez eraginda gertatu zelako susmoa du Estatuak.

Bahiturik zela, Austral konpainiaren akzioak likidatzera behar tu zuten Saiegh; mailegu berme gisa exijitu zioten. Hegazkin konpainia estatalizatzea zegoen jokoan. 1980ko irailean Junta Militarra ohartu zen estatalizazio prozesua ezingo zuela egin Banco Latinoamericanoren akzioak eskuratu gabe. William Reynal eta Menendez-Braun familia ziren hegazkin konpainiaren jabeak, hura estatalizatu zutenean. Gaur egun, supermerkatuak biltzen dituen ganberako presidenteorde da Braun, eta haren iloba, Miguel Braun, Merkataritzako idazkari nazionala. Marcos Peñaren amaren lehengusu ere bada, Mauricio Macriren kabineteko buruaren amarena, alegia. Ez da zaila ulertzen Macriren gobernuak zergatik egin dion uko ikerketarekin segitzeari.

Mesedeak Macriri

Diktaduraren azken aroko erreformek Estatuaren rola aldatu zuten esku hartze ekonomikoaren atalean. Alor publikoak martxan zegoen industrializazio prozesua hauspotzeari utzi zion, baina ekonomian esku hartzeari utzi gabe. Juntaren talde ekonomikoak esku hartze horren aurkakoa zela esaten zuen bitartean.

Halaber, Macrirekin lotutako enpresei diktadurak egindako mesedeak garbi ikusten dira pribatuen zorraren nazionalizazioaren prozesuan. Jorge Arguelloren txostenaren arabera, «Fiaten zorra, 170 milioi pesoko zorra, Estatuko bonu bihurtu zen, eta, horri esker, Macrik zorra ordaindu ahal izan zuen; benetako balioaren %10 baino ez zuen pagatu».

Diktadurarekin harremana izandako enpresak ikertzeko batzordea sortu zuen Argentinako Kongresuak 2015eko azaroan. Hainbat alderdi politikoren gehiengo zabalarekin onartu zen.Diputatuen kongresuan, PRO blokeak ez beste guztiek onartu zuten; alegia, orain gobernuan dagoen alderdia geratu zen kanpoan.

Testigantza, agiri eta sententzien bidez enpresaren eta diktaduraren arteko harremana agerian uztea nahi du batzordeak. Enpresarien ganberek argi eta garbi babestu zuten 1976ko martxoaren 2ko estatu kolpea, eta, orain, AEA eta UIA patronalek ez dute nahi batzordea sustatzen ari den ikerketak segitzea.

Orain arteko ikerketek erakutsi dute enpresek ez zutela bigarren mailako rol bat izan langileen aurkako jazarpen militarrean. Batzuek zein besteek, enpresek eta militarrek, beren zeregina izan zuten, ekintzak eta interesak lotuz. Enpresak militarizatzeko prozesuaren goia atxilotze eta tortura zentro klandestinoak izan ziren lantokien barruan. Praktika hori ez zen enpresa gutxi batzurena izan, ezta jarduera zehatz batzurena ere, askorena baizik.

Jazarpena langileen aurka

Horrez gain, ikertzaileek diotejazarpen militar handiagoa izan zela langileek erabakiak hartzeko antolakuntza handia zuten enpresetan, aurretik lortutako antolakuntza horrek jazarpen handiagoa eragin ziela atzera langileei, alegia. Horiek horrela, aurtengo martxoan Argentinako justiziak emandako sententzia historiko batek Marcos Levin zigortu du, La Veloz del Norte garraio enpresaren jabea. Bahitzen eta torturatzen parte hartu zuela diote epaileek. Epaiaren berrikuntza handiena da justiziak erakutsi duela enpresaren parte hartzea egon zela langileen ordezkariak eta langile borrokalariak akabatzeko; gainontzekoentzat ikasgaia izan zen, gainera.

Batik bat gizarte mugimenduen borrokari esker lortu dira Argentinan aurrerapausoak giza eskubideen atalean. Baina gobernu berriarekin oztopo gehiago espero dira orain atal judizialean. Botere ekonomikoaren gailurrean dauden subjektuetan fokua ipintzea oso zaila da nazioartean, eta Argentina ez da salbuespena. Botore politikoarekin harreman estua dute subjektu horiek, izan ere. Mauricio Macri eta beretarrak boterera eraman dituzten hauteskundeen ondoren berrindartu egin dira, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.