Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia Sektore arteko akordio baten bila ariko dira gaur sindikatuak eta patronala

Publizitatea

Ekonomia

Sektore arteko akordio baten bila ariko dira gaur sindikatuak eta patronala

ELAren eta LABen ekarpenen ostean, Confebaskek beste agiri bat mahairatuko du. Ostalaritzako akordio markoa sinatu dute bezperan
Argazkia: GAIZKA IROZ / LE JOURNAL

2017-01-10 / Xabier Martin

Euskal lan harremanen taulan mugarria jar dezakeen akordio bat adosteko «benetako aukerak» daude gaurko bileran. Sindikatuen hainbat iturrik diote oraindik goiz dela ezer sinatzeko, baina ez dute baztertu Espainiako lan itunetatik babesteko sektore arteko akordioaren inguruan lehen zirriborroa adostea. Goizeko hamarretan dute hitzordua ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk. Confebaskeko ordezkariak zain izango dituzte Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan, Bilbon.

Urte asko joan dira ELAk eta LABek osatzen duten gehiengo sindikalak eta Confebaskeko kide probintzialek, Adegik, Cebekek eta SEAk akordio sakonik egin gabe. Baina giro baikorra dago. Ostalaritzako akordio markoa sinatu zuten atzo, ez alferrik, eragile horiexek, zerbait aldatzen ari den seinale. Merkataritzaren euskal sektorea Espainiako itunen aurretik jartzea adostu ondoren, babes maila bera lortu du ostalaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Hain zuzen, akordio marko horren negoziazioan proposatu zuen Confebaskek, aurreko urtearen hondarrean, sektore guztietara zabaltzea estatalizazioaren aurkako babesa, sektore arteko itun handia egitea, alegia; Zapatero eta Rajoyren erreformen itzalean, birritan ukatu zuen hura, baita bigarrenean Iñigo Urkullu lehendakariak sustatu bazuen ere, 2013an. ELAk eta LABek erabateko zuhurtziarekin hartu zuten proposamena aurreko hilean, baina biharko bilerak arnasa handia eman diezaioke azken urteetan itolarrian den euskal negoziazio kolektiboari.

Horiek horrela, berrikuntza handia ekarriko luke lan harremanetara euskal negoziazio kolektiboa estatalizaziotik babesteko hitzarmen orokor bat erdiesteak orain. Duela hilabete batzuk ezinezkoa zirudienak benetako aukera izango du, ordea, besteak beste ELAk betoa kendu duelako; Confebaskek «enpresetan eta sektoreetan bake soziala exijitzeari utzi diolako» zabaldu du atea ordezkaritza gehiena duen sindikatuak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinatzen diren itunei lehentasuna emateko Espainiakoen aurrean.

Ke zuria ostalaritzan

Ostalaritzako akordio markoa beste itun handiago baten atarikoa izan daiteke. Aldeek adostutakoak aplikazio lehentasuna emango die bere eremuan sartzen diren hitzarmen sektorialei —hiru lurraldeetako ostalaritzako hitzarmenak eta Gipuzkoako ostatu etxeetakoa—, Espainiako akordioen aurrean. ELAk eta LABek ohar bateratua igorri zuten atzo egoera azalduz: «Behin akordio hori eginda, estatuko sektore eremutik ezin izango dute negoziazio kolektiboa galarazi dagoeneko badiren negoziazio eremuetan, ezta etorkizunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erabaki litezkeenetan ere».

Sindikatu abertzaleen ustez, «akordio horrek EAEko ostalaritzako hitzarmenak babestu egiten ditu Espainiako patronalek —Confebask honen kide da—, UGTk eta CCOOk egiten dituzten eraso eta esku sartzeetatik»; eta, gainera, negoziazio kolektiboko euskal Marko bat egituratzen duela diote.

Ikusteko dago, ordea, aurrena merkataritzan eta ondoren ostalaritzan lortutako akordioa itun orokor bilakatuko duten sektore guztietara —edo gehienetara— hedatuz. ELAk negoziazio kolektiboa berpizteko patronalaren konpromisoa nahi du, egin daitezkeen sektoreko itunak babesteko hitzarmenetik harago, eta LABek urrats zehatzak proposatu dizkio patronalari, sektoreko mahaiak martxan jar daitezen lehenbailehen. Itunak babestuko dituen saski bat eraikitzetik harago, saskia bete behar baita.

Publizitatea

Sortu kontua
Xabier Martin Xabier Martin

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak