Eskubideen «degradazioa»

2011ko Udaberri Arabiarra baretzeko, hitzemateak egin zituen Marokoko erregeak. Baina, sei urteren ostean, gutxi aldatu da. Rif eskualdea da horren erakusgarri.

Joan den azaroko manifestazio bat, Rif eskualdeko Al-Hoceima hirian, Mohcin Fikri arrain saltzailearen argazki batekin. MOHAMED SIALI / EFE.
ander perez zala
2017ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Udaberri Arabiarrak herrialde batzuetako agintari eta gobernuak boteretik bota zituen arren, ez zen kasu hori izan Marokon. 2011ko otsailaren 20an kalean areagotu zen haserrea ikusita, Mohamed VI.a erregeak bere boterea gutxitzea erabaki zuen, gobernuaren eta parlamentuaren mesedetan. Hala, marokoarrek urte hartako uztailean onartu zuten konstituzio berria, erreferendum bidez —%97 alde, %75,48ko parte hartzearekin—; garai berri baten hasieratzat jo zuten.

Sei urteren ostean, ustelkeria ez da amaitu, ez da garapen ekonomikorik izan eta herritarren sentipena berdina da: oraindik erregeak du botere gehiena, eta herrialdeko agintari nagusia da. Erreformak hitzemate soil batean geratu dira. Mohamed VI.ak errepresioaren bidez gelditu zituen 2011ko manifestazio eta erreibindikatzeak, eta, egun, jarrera ez du aldatu. Konstituzio berria izan arren, gobernuak ez du ia botererik, eta parlamentuak are gutxiago. Diputatuak hautatzeko azken hauteskundeetan, bozkatzeko izena emana zutenen %40k parte hartu zuten soilik.

Politikan bakarrik ez, marokoarrengan ere nabari da egoerak okerrera egin duela. 150 bat gobernuz kanpoko erakundek salatu dute herritarren eskubideak «degradatu» direla urteotan: ziurtatu dute elkartzeko eskubidea, manifestatzeko eskubidea eta genero berdintasunaren arloan gero eta gabezia gehiago daudela. Ekintzaileek ohartarazi dute «gero eta muga gehiago» dituztela iritzia ematean edota manifestatzean. AMDH Giza Eskubideen Erakunde Marokoarraren presidente Ahmed el-Haixek gogorarazi du arrazoirik gabe egiten direla debekuak: «Autoritateek manifestazioak debekatzen dituzte idatzizko arrazoirik eman gabe, eta horrela ezin ditugu Justizian salatu». Aziz Idamin ekintzaileak, berriz, deitoratu du kazetariak auzipetzeko aukera ematen duela Zigor Kode berriak, eta Saida Idrisi Marokoko Emakumeen Erakunde Demokratikoko presidenteak salatu du gizon eta emakumeen artean desberdintasunak daudela, besteak beste, jasotako ondarean, eta emakumeek abortatzeko dituztela debekuak: «Marokoko emakume eta nesken zaurgarritasun soziala degradatzen dute». Gainera, duela lau hilabete, Transparency International gobernuz kanpoko erakunde espezializatuak ustelkeria pertzepzioa neurtu zuen, zundaketak eta sailkapenak eginez. Bada, hark egindako txosten baten arabera, marokoarren %61ek uste dute horrela, eta %26k ustelkeria aurreko urtean areagotu egin zela. Gainera, zerbitzu publikoak jasotzeko zailtasuna nabaria da: %48k eroskeria egin behar izan du zerbitzu horiek jasotzeko.

Laburbilduz, monarkiak ez ditu 2011ko protestak eragin zituen arazo sozioekonomikoak konpondu, eta herritar gehienak pobreziara bidean daude, edo dagoeneko hor daude. Yusek Uled freelance kazetariak BERRIAri adierazi dionez, irtenbide «bakarra»emigratzea dute.

Rif eskualdea

Ustelkeria, hilketa eta errepresioak bizirik daude oraindik herrialdean, eta horren erakusgarri da Maroko iparraldean dagoen Rif eskualdea. Mohamed Buazizi fruta saltzaile tunisiarrak bere burua immolatu ostean sortu zen Udaberri Arabiarra; Rifen kasuan, Mouxine Fikri arrain saltzailearen heriotzak berpiztu du eskualdearen haserrea, azaroa hasieraz geroztik. Fikriren merkantzia zabor kamioi batera bota zuten hiriko portuko zaindariek, eta, saltzailea kamioi barrura sartu zenean, zaborra txikitzeko mekanismoa aktibatu zen, eta hantxe bertan zapalduta hil zen gaztea. Ikerketa irekita dago oraindik, epaiketa zain. Hilketak eraginda, 2011ko protestetatik izandako jendetsuenak abiatu ziren Al-Hoceima hirian, eta herrialde osora zabaldu ziren. «Erreibindikatzeak historikoak dira, baina hilabeteotan areagotu dira, Fikriren heriotzaren ondoren», ziurtatu du Uledek. «Baztertuak daude, autonomia handiagoa nahi dute garapen ekonomikoa lortzeko, zerbitzu publikoak izateko. Zerrenda luzea da: ustelkeria amaitzea nahi dute, industria propio bat garatzeko eskumenak, behar bezala hornituriko ospitaleak, unibertsitateak, eta abar».

Rifen bereziki, egoera larria da. Herritarrek behin eta berriz salatu dute ez dituztela kontuan hartzen, bertan ahaztuta bizi direla. Horren adibide da, Uleden ustetan, egungo erregearen aita ez zela inoiz Rifera joan, zonalde «gatazkatsua» delakoan. Baina arrazoiak dituzte horretarako. Familien pobrezia mailari buruzko azken datuak 2007koak dira: eskualdearen pobrezia portzentajea %7,3 zen duela hamar urte, eta zaurgarritasun portzentajea %22,7. Sistema patriarkalak eragin handia du gainera. 2009an egin zen emakumeen aurkako indarkeriari buruzko inkesta, eta datua larria da: emakumeen %62,8k mota bateko indarkeria jasan zuten —psikologikoa, fisikoa, sexuala ala ekonomikoa— ikerketa egin baino lehen.

Egoera aldatzeko, batzarrak eta mobilizazioak areagotu egin dira hilabeteotan. «Rifeko Herri Mugimendua sortu da, eskaera horiek ordezkatzen dituena. Denetariko pertsonek osatzen dute: independentistek, monarkiaren aldekoek, autonomistek, errepublikaren aldekoek. Izan ere, elkartzen dituena da garrantzitsuena: autonomia lortzea, boterearen deszentralizazioa eta beren burua antolatzeko eta gobernatzeko tresnak», azaldu du Ouledek. Rif erreibindikatzez eta borrokaz osatutako eskualdea dela deritzo: «Kolonialismoaren aurka egin zuten, erregearen kontra ere, eta gaur egun berdin jarraituko dute, beren egunerokotasuna hobetu dezakeenaren alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.