Israelgo Poliziak berriz mugatu du Meskiten Zelaigunerako sarbidea

Emakumeei eta 50 urte baino gehiago dituzten gizonei bakarrik utzi diete sartzen. Israelgo Poliziak bi palestinar hil ditu zenbait liskarretan

Palestinako emakume bat Al-Aqsa meskitaren sarreran, Israelgo soldaduak begira zituela, atzo. ATEF SAFADI / EFE.
2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Israelgo Gobernuak, beste behin, Jerusalemgo Meskiten Zelaiguneko Al-Aqsa meskitarako sarrera galarazi zien atzo 50 urte baino gutxiagoko gizon palestinarrei. Azken bi asteetan zelaigunerako sarrera murriztu diete adin tarte horretako gizonei, musulmanen otoitz egun sakratuan. Herenegun zelaigunean gertatu ziren liskarren aitzakia erabili du Israelgo Poliziak palestinarrei sarrera mugatzeko.

Polizia atzo gauerdian sartu zen Al-Aqsa meskitan, eta han gaua igaro nahi zuten hainbat gazte kaleratu zituen. «Al-Aqsa meskitan gaua pasatu nahi zuten eta zelaigunean protesta egin nahi zuten gazteak bota ditu Poliziak», adierazi zuen atzo Micky Rosenfeld Israelgo Poliziaren bozeramaileak. Jerusalemgo Hiri Zaharraren barrualdean eta kanpoaldean segurtasun neurri handiak jarri zituen Poliziak. Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak, Israelgo segurtasun indarren eta Palestinako gazteen artean istiluak egongo zirela aurreikusi zuenez, zaurituak zaintzeko karpa bat jarri zuen, herenegun ehun pertsonatik gora zaurituak izan ondoren.

Nahiz eta tentsio une gogorrak izan ziren zelaigunearen inguruan, ez zen istilu larririk gertatu. Sartu ezin izan zirenek kanpoaldean otoitz egin zuten, eta Poliziarekin izandako liskarrean lau pertsona zauritu ziren. Palestinako beste hiri batzuetan, ordea, hildakoak egon ziren. Zisjordanian, Israelgo armadak soldadu bati eraso egin zion gizon bat hil zuen, eta, Gazan, hamasei urteko gazte bat hil zuen armadak.

Palestinarrek 11 egun zeramatzaten Meskiten Zelaigunearen barruan otoitz egin gabe. Duela bi aste, Palestinako hiru gaztek Israelgo bi polizia arabiar hil zituzten, eta Israelek zelaigunea ixtea erabaki zuen. Egun batzuk itxita eduki eta gero, Al-Aqsa meskitaren sarbidean metal detektagailuak jarri zituzten, eta musulmanek sartzeari uko egin zioten, protesta gisa. Bi asteko liskarretan sei palestinar hil dira, eta ehunka pertsona zauritu.

Bestalde, Jordaniak Israelgo enbaxadoreari herrialdera sartzea debekatu dio, aste honetan Israelgo enbaxadan bi jordaniar hil dituen zaindaria ikertu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.