Katalunia

Puigdemont berriro prest agertu da zerrenda bateratu baten buru izateko

Abenduaren 21eko bozetarako hautagai subiranisten zerrenda bateratu bakarra sortzeko lehen pauso gisa, Urriak 1 Hautagaitza Bateratua hautesle elkartea eratu dute zenbait herritarrek

Carme Forcadell auto baten barruan, atzo kartzelatik atera ondoren. FERNANDO VILLAR / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Datorren abenduaren 21eko Kataluniako bozei begira, indar subiranistak batuko dituen zerrenda bakar baten alde agertu da PDECat azken bi asteotan. ERCk, berriz, ezinezkotzat jo zuen, joan den astelehenean, zerrenda «benetan bateratu bat» lortzea. CUPeko militanteak, beren aldetik, bihar dira Perpinyan (Ipar Katalunia) batzarrean biltzekoak eta erabakitzekoak. Bien bitartean, eta alderdiek koaliziorik ez dutela osatzen ikusita, Kataluniako hainbat pertsona ezagunek herritarren hautesle elkarte bat eratzea proposatu zuten atzo, hautagai subiranisten zerrenda bateratu bakarra sortzeko lehen pauso moduan. Eta Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak jakinarazi zuen, atzo, ACN Kataluniako berri agentziari emandako elkarrizketa batean, balizko zerrendaburu izateko prest legokeela. Beste inoiz ere aurkeztu du bere burua balizko hautagaitza bateko buru izateko.

Bartzelonako Ateneoan aurkeztu zuten, atzo, Urriak 1 Hautagaitza Bateratua izeneko elkartea, eta proposatutako hauteskunde programa bost puntutan laburbil daiteke: 155. artikulua indargabetzea; herrialdea, presoak eta erbesteratuak aske uztea; irekita dauden kausak ixtea; prozesu konstituziogile bat hauspotzea; eta gobernu legitimoa itzultzea. Hauspotzaileen artean daude Francesc De Dalmases kazetari eta Erreferendumaren Aldeko Ituneko kidea, Pere Puges ANC Biltzar Nazional Katalaneko sortzaileetako bat, Antoni Morral Cerdanyolako alkate ohia, eta Aurora Madaula historialaria.

55.000 sinadura behar dituzte hautesle elkartea formalizatu ahal izateko —hala dio legeak—, eta ostiralean bukatzen da epea, nahiz eta sustatzaileek pentsatzen duten lehenago helduko direla kopuru horretara. Behin hori lortuta, bultzatzaileek pauso bat emango lukete atzera. Izan ere, adierazi zutenez, haien asmoa da hautesle elkartea alderdien esku uztea —lekua egingo lieketePDECati, ERCri, CUPi, MESi, Democratesi, baita 155.a gaitzesten dutenei ere—, haiek hautagaitza bateratu bat adostu dezaten. Alderdien arteko bilerak aurreikusten dira aukera horretan sakontzen. Dena den, ERCren asmoa, oraingoz, programa bera defendituko duen fronte koordinatu bat egitea da, eta subiranistak zein CUP erakarri nahi ditu.

Urriak 1 Hautagaitza Bateratuaren hauspotzaileak baikorrak dira. «Jendeak sinatzen badu, ez genituzke ulertuko alderdien arteko borrokak. Alderdi subiranistek Kataluniako gizarteak eskatutakoa egin dute beti», nabarmendu zuen De Dalmasesek.

Zenbait iturriren arabera, PDECaten inguruko jendea, behintzat, bildu zen aurkezpenera, eta ANCko buru Jordi Sanchezek ere babesa adierazi die kartzelatik. Baina erabaki bat hartu aurretik, ANCk beren kideei kontsultatu nahi die zer pentsatzen duten. «Nahi duzu ANCk sostengatzea kartzelatuta eta judizialki jazarrita dauden politikariez eta gizarte zibileko liderrez osatutako bloke subiranistaren hautagaitza bakarra?». Nahi duten bazkideek horri erantzun ahalko diote, gaurko 15:00ak bitartean.

Erantzun duena Puigdemont izan da. Hautagaitza «bakar eta transbertsal» baten aldeko manifestua kaleratu zuen pasa den larunbatean. 400.000 sinadura pasa bildu ditu jada Llistaunitaria.cat webguneak. Presidenteak atzo esan zuen hautesle elkartearekin bat egiteko «betebehar morala» sentitzen duela. «Gisa horretako ezaugarriak dituen ideia batekin bat egiten dut, ez baitu alderdien nahi legitimoa bilatzen, boz hauetako ondasun gorena, demokrazia, babestea baizik».

CUPekoak, Bruselan

Benet Salellas eta Anna Gabriel CUPeko diputatuak Puigdemontekin eta Bruselan dauden gobernuko lau kontseilariekin bildu ziren atzo. Alderdi antikapitalistak berak ohar batean jakinarazi duenez, haiei babesa adieraztea izan zuen helburu bidaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.