Katalunia

Desblokeorako lehen urratsa

Parlamentuko Mahaiak gehiengo subiranista izateko akordioa itxi dute ERCk eta JXCk. Bi aukera dituzte Puigdemonten inbestidurarako: telematikoki egitea edo hitzaldia beste diputatu batengan delegatzea

Rovira parlamentuan mintzatzen, joan den irailaren 7an, aurrean Junqueras eta Puigdemont dituela. TONI ALBIR / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuan zer eztabaidatu eta bozkatu erabakitzeko orduan, Parlamentuko Mahaia organo giltzarria da. Eta parlamentuaren datorren legegintzaldian, hilaren 17an hasiko denean, gehiengo subiranista edukiko du berriro horrek. Akordio hori lortu dute JXC Junts Per Catalunyak eta ERCk, Catalunya en Comuri mahaian leku bat egiteko zerabilten aukera baztertuta. Beraz, azken hauteskundeetako emaitzak errespetatuz, bina kide izango dira Ciutadansekoak, JXCkoak eta ERCkoak, eta bat PSCkoa. Legegintzaldiaren hasiera desblokeatzeko lehen pausoa eman dute, hortaz.

Gehiagorako ere eman zuenCarles Puigdemont JXCren zerrendaburua eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia buru zirela bi indar politikoetako ordezkariek Bruselan herenegun egindako bilerak. Puigdemonten inbestidura babestuko dute, eta, erbestean dagoenez —Auzitegi Gorenaren aginduei jarraituz, Espainiako segurtasun indarrek atxilotu egingo lukete itzuliz gero—, bi aukera dituzte mahai gainean. Batetik, inbestidura saioko hitzaldia telematikoki egitea; Skype bidezko bideo konferentzia baten bitartez, alegia. Eta, bestetik, zeregin hori JXCko beste diputatu batengan delegatzea. Beranduenez hilaren 31n egingo dute presidente berria aukeratzeko inbestidura saioa, eta litekeena da hurrengo egunean izatea bozketa.

Zenbait komunikabidek JXCko iturriak aipatuz atzo kaleratutakoaren arabera, bigarren formularen aldekoa da Puigdemont. Gainera, parlamentuaren arautegiko 83. artikuluak ahalbidetzen du aukera hori, hala moduz izan arren. Arautegiak, aldiz, ez du ezer zehazten bideo konferentzia bidezko jardunari buruz. Horregatik, eta erabaki bat hartu aurretik, bigarren proposamenaren egingarritasuna aztertu dezatela eskatu die ERCk bere abokatuei. Parlamentuko zerbitzu juridikoak ere horretan ari dira jada.

Dena den, baldin eta Puigdemont Kataluniako presidente hautatzeko aukerak aurrera egiten badu eta bide telematikoaren alde egiten badute, Parlamentuko Mahaiko presidentearen esku geratuko litzateke hori ahalbidetzea —beste aukera bat litzateke arautegia aldatzea—. Horren harira, zera esan zuen atzo Jordi Xuclak, PDeCATek Espainian dituen diputatuak eta senatariak koordinatzen dituenak: «Puigdemont presidentearen inbestidura argitzeko, Parlamentuko Mahaiak arautegia interpretatuko du».

Eta, hain zuzen, ez dago argi nor proposatuko duten independentistek mahaiko presidente kargurako. JXCren asmoa da kargu hori ERCri ematea, eta errepublikanoen hautagaia Carme Forcadell litzateke, 2015eko urritik parlamentuko presidente izandakoa. Forcadellek, baina, ez du erabaki zer egin. Matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra egotzita, Auzitegi Gorenean deklaratu zuen joan den azaroan, eta Llarenak kartzelatu egin zuen. 150.000 euroko bermea ordaindu eta gero, ordea, aske geratu zen.

Bai, Parlamentuko Mahaiko presidenteak, berez, ahalbidetu dezake Skype bidezko inbestidura bat, baina horren ondorioak ametitu beharko lituzke. Izan ere, eta orain arte prozesu subiranistan hartu diren erabakiei Espainiako Estatuak eman dien erantzuna kontuan hartuta, ez litzateke harritzekoa Auzitegi Konstituzionalak erabakiaren eta hori ahalbidetu duenaren kontra egitea.

PPk, dagoeneko, ohartarazi ditu ERC eta JXC. Fernando Martinez Maillo koordinatzaile nagusiak atzo nabarmendu zuen «eskura» dituzten baliabide guztiak erabiliko dituztela inbestidura telematikoa eragozteko. Salvador Illa PSCko antolakuntza idazkariarentzat, Puigdemontek «baztertu» egin beharko luke. Kataluniako sozialistak ere inbestidura molde hori eragozten ahaleginduko direla argitu zuen. Ines Arrimadas Ciutadanseko buruaren iritziz, «lotsagorritzeko modukoa» litzateke aukera telematikoa hobestea. «Ezin da Generalitateko presidente izan, gainean kargu judizial larriak dituela Bruselan ihes eginda egonik».

CUPen eskaera

Carles Riera CUPek joan den bozetan izandako zerrendaburuaren esanetan, antikapitalistek ez dute «oztoporik» jarriko ez mahaiaren osaketari dagokienez, ez eta inbestiduran ere. Halere, ERCri eta JXCRi adierazi zien ez dutela onartuko «esparru autonomikora» itzultzea. «Aldebakarreko bidearekin konpromisoa har dezatela eskatzen diegu ERCri eta JXCri». Pentsatzen du hori dela errepublika «gauzatu» ahal izateko modua. Haren ustez, bide horri uko egiten badiote haien bozkatzaileak «traizionatuko»lituzkete bi indar politiko horiek.

Bestalde, Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilaria zenak, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohi eta JXCren hautagaiak, eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak Pablo Llarena Goreneko epailearen aurrean deklaratuko dute gaur. Lehena kartzelan dago azaroaren 2tik, eta beste biak, urriaren 16tik. Halere, epaileak gaur ez du erabakirik hartuko kautela neurriez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.