Bruselak bi hamarren igo du hazkunde aurreikuspena eurogunean 2018rako

Euroguneko eta EBko BPGa %2,3 haziko dira aurten, eta %2 datorren urtean. Pierre Moscovicik «oso osasuntsu» ikusten du ekonomia

Pierre Moscovici Europako Ekonomia komisarioa, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
«Oso osasuntsu» hasi du Europako ekonomiak 2018. urtea, Pierre Moscoviciren esanetan. Baikortasunez berba egin zuen atzo Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak Bruselan. Erakundeak udazkenean egindako aurreikuspen ekonomikoak hobetu ditu, egoerak hobera egingo duela iritzita. BPG barne produktu gordina %2,3 haziko da aurten, eta %2 datorren urtean, bai eurogunean bai Europako Batasunean. Horrela, 2018rako datuari bi hamarren gehiago eman dizkio, eta 2019rako hazkundeari, hamarren bat gehiago.

Baikortasun horrek argudioak ditu, Moscoviciren esanetan. Azpimarratu du ziklo ekonomikoaren bultzada «sendoagoa» dela, hobetzen ari direlako lan merkatuko datuak, eta ekonomiarekiko sentipena «bereziki ona» dela. Horrez gain, komisarioak azaldu du espero baino gehiago ari direla hobetzen jarduera ekonomikoa eta nazioarteko merkataritza.

Faktore horiek guztiek epe ertainean inbertsioak handitzea ekarriko du, Europako Batzordearen kalkuluen arabera: handia delako eskaria, handia ekoizteko gaitasuna, eta onuragarriak finantzaketa baldintzak.

Inflazioa, «ahul»

Asteon AEB Ameriketako Estatu Batuetako burtsetan izua eragin duen faktore nagusia ez da arazo iturri Europan: inflazioa. Euroguneak %1,5eko inflazioarekin itxi zuen urtea iaz —%2,1ekoa izan zuten AEBek—, eta aurten bere horretan eutsiko diola uste du Bruselak. Datorren urtean, berriz, hamarren bat igoko da, %1,6raino.

Aurten igo gabe, «ahul», jarraituko du inflazioak Europan: batetik, lan merkatua «poliki-poliki» ari delako hobetzen; eta, bestetik, soldatak igotzeko presioa oraindik txikia delako. Batez ere energiaren garestitzeak bultzatuko du gora inflazioa, baina apal.

Hazkunde ekonomikoaren gaineko konfiantza «handia» dela nabarmendu du Moscovicik, eta arriskuak «orekatuta» daudela. Baina egon hor daude, eta Europako ekonomian eragin dezaketen hiru arrisku nagusiak zerrendatu ditu: brexit-aren inguruko negoziazioen emaitza, «tentsio geopolitikoak» eta politika protekzionistak.

Deigarria da, hain zuzen ere, Erresuma Batuaren hazkunde ekonomikoaren gaineko aurreikuspena. Bruselaren iritziz, hazkunde erritmoa txikituz joango da Londres aurten eta datorren urtean: iaz, %1,8 handitu zuen BPGa; aurten, %1,4 handituko du, eta datorren urtean, %1,1.

Bestelakoak dira zenbakiak batasunaren blokean. Hazkunde handieneko herrialdeak Malta (%5,6), Irlanda (%4,4) eta Eslovenia (%4,2) izango dira aurten, eta txikienekoak, Italia (%1,5) eta Belgika (%1,8). Bestalde, Frantziako BGPa %2 handituko da aurten, eta Espainiakoa %2,6. Halaber, Grezia %2,5 haziko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.