Finantzen Euskal Kontseiluak gaur kitatuko du iazko zerga urte oparoa

Espero baino gehiago bilduta, diru horrekin zer egingo duten jakinaraziko dute. ELAk gizarte politiketara bideratzea nahi du

Urrian egin zuen azken bilkura Finantzen Euskal Kontseiluak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Lasa.
2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasun sailek bilkura dute gaur arratsaldean Lakuan, Finantzen Euskal Kontseiluan. Iazko zerga urte oparoaren kitapena eta aldundien ekarpenak izango dituzte erabakitzeko. Zergetan espero baino diru gehiago bildu dutenez, diru gehigarri hori zertara joango den ere ezarriko dute. Hala ere, ezaguna da diru gehigarri horren zati handiena zorra ordaintzeko izango dela. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, izan ere, azaldu du Jaurlaritzak 729 milioi eurotatik 434 milioi zorra murriztera bideratuko dituela.

Baina eragile guztiak ez daude erabaki horren alde. Gaurko bilera dela eta, ELA sindikatuak dei garbia egin dio Finantzen Euskal Kontseiluari: aurreikusitakoa baino 976 milioi euro gehiago bildu dituztenez, bidera dezatela diru hori gizarte politiketara; sozietate zergaren jaitsiera eteteko ere eskatu dute. Hots, Jaurlaritzak eta aldundiek ez dezatela Espainiatik ezarritako gastu araua bete euren aurrekontuetan.

Gastu arau horrek aurrekontuak handitzeko %2,4ko muga ezartzen die erkidegoko administrazioei. Diru bilketa espero baino handiagoa bada, diru gehigarri hori zorra ordaintzeko erabiltzera behartuta daude haiek. ELAk azaldu duenez, gastu arau hori «ez zen izango indarrean EAJren aldeko botoa jaso izan ez balu».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen diru bilketa handiago hori oso-osorik osasuna, hezkuntza eta beste zerbitzu publikoak eta gizarte laguntzak hobetzeko erabiltzea exijitu dio sindikatuak Finantzen Euskal Kontseiluari. «Horretarako, 2018ko aurrekontuak aldatu egin behar dira, eta aurrekontu igoerak zehaztu».

Sindikatuaren arabera, «hala ere, gastu arauak ematen du aukera aurrekontu muga hori gainditzeko, baldin eta diru sarrera handiagoak ekarriko lituzkeen zerga erreforma bat egiten bada». Aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «sozietate zerga lau puntu jaistea adostu dute EAJk, PPk eta PSE-EEk». Jaitsiera hori geldiarazi dadin nahi du ELAk. «Lehenik, jaitsiera horrek diru bilketan duen eragina kalkulatu behar da». Sindikatuak azaldu duenez, «zenbait adituren arabera, patronalari egindako oparia 200 milioi eurokoa izan daiteke». Eta «behar den zerga erreformak» tasa handiagoak ezarri behar dizkie «enpresen etekinei, errenta handiei eta kapitalari».

84,5 milioi euro gutxiago

Hain zuzen, Jose Maria Iruarrizagak Bizkaiko ogasun diputatuak jakinarazi du sozietate zergaren murrizketa zenbateko ondorioa izango duen herrialdeko zerga bilketan. EAJk, PSE-EErekin eta PPrekin adostutako murrizketarekin, eta 2016ko datuak oinarri hartuta egindako simulazio baten arabera, Bizkaiko Ogasunak, orotara, 84,5 milioi euro gutxiago bilduko lituzke sozietateen gaineko zergarekin.

Enpresa ertain eta handientzako %28tik %24rako murrizketak 1.000 bat enpresari egingo lieke mesede, eta, guztira, 69,2 milioi euro gutxiago ordainduko lituzkete. Enpresa txikiei sozietate zerga %24tik %20ra murriztuko zaie bi urtean, eta, ogasunaren simulazioaren arabera, neurriak 7.686 enpresari eragingo die. Guztira, 15,2 milioi euro aurreztuko dituzte enpresa horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.