Selectako Noaingo langileek greba bertan behera uztea erabaki dute

Enpresak ziurtatu du ez dela behartutako kaleratzerik egongo, eta Iruñera etortzeko prest daude

Noaingo langileak, grebarekin jarraitzeko edo uzteko bozketaren emaitza irakurtzen. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Hamahiru egun daramatzate greban, eta, otsailaren 9tik egunero legez, Selectako langileak enpresaren egoitza aurrean daude suaren inguruan hotzari aurre egin nahian. Nahikari Arduia LABeko Merkataritza arloko arduradunak herenegun gauean Madrildik enpresako arduradun batek egindako proposamena azaldu die: behartutako kaleratzerik ez da egongo, baldintzak hitzartuak izango dira, eta Nafarroako lantokiko lan baldintzak negoziatzeko prest daude. «Litekeena da» Noainera etortzea; horiek izan ziren zuzendariaren hitzak, eta, erabateko ziurtasuna ez dagoen arren, greban segitzea ala ez bozkatuko dute. 26 boto greba uztearen alde, sei aurka eta bi boto zuri. Hartara, Noaingo langileek greba bertan behera utzi dute.

Txomin Albiz LABeko ordezkariak azaldu du grebara joatea erabaki zaila izan zela, baina «gogaituta» zeudela ordurako. 2012tik hiru lan erregulazioko espediente izan dituzte, eta ordutik lan baldintzak izoztuak dituzte. Enpresa esku batetik bestera aldatu da urteotan. 2012an, Autoban ziren, eta urte hartan erregulazioko dosierra ezarri zenean bederen, lortu zuten lan baldintzak mantentzea, baina geroztik ez dira aldatu. Gainera, Pelican enpresak xurgatu zuen Autoban, eta iragan abenduan, Selecta multinazionalak Pelican eta Demas enpresak erosi zituen.

Arrain handiek arrain txikiagoa irentsi arren, Noaingo langileek ez dute hobekuntzarik nabaritu. Nahikari Arduiak susmoa du azken bat egitearekin Selectak zein langile batzordeak estatu mailako hitzarmen bat egin nahi dutela lantoki batzuen eta besteen arteko baldintzak «beherantz» parekatzeko asmoz: «Estatu mailan egoera oso desberdinak daude», dio Arduiak. Dena den, Noainen argi dute bertako errealitatearen araberako baldintzak nahi dituztela:«Ez da gauza bera hemen bizitzea, eta ez da berdina egiten den lana».

Hori delako lan gatazkaren beste arrazoi bat. Nahiz eta Selectak hamahiru kaleratze inguru proposatu dituen Noainen (ez du kopuru zehatzik eman), langileek nabari dute lanpostuak falta direla. «Bezero berriak egiten ari dira. Martxoan beste bat sar daiteke eta, horren arabera, jendea kontratatu behar da».

Horregatik, ez dira erabat fio zuzendaritzarekin, eta bi baldintza ezarri dizkiote ekainera bitarte —orduan amaitzen da dosierraren epemuga—: enpresa hitzartutako baldintzekin uztea, eta Noainera etortzea enpresa ituna negoziatzera.

Nahiz eta oraindik ikusteko dagoen zuzendaritzak bere hitza betetzen duen, Txomin Albizek argi du grebak merezi izan duela. «Ez bagenu grebarik egin, okerrago geundeke». Albiz eta Pello Egillor langileen batzordeko LABeko kideak dira, eta nabarmendu dute grebara joatea erabaki zaila dela. Albizek lankide baten egoera pertsonal zaila nabarmendu du, eta, hala ere, egunero izan dute alboan. «Denok dugu lana galtzeko beldurra, eta ez dakigu besterik aurkituko dugun edo ez».

Baina Selectak aurkeztutako dosierra «azken tanta» izan da. Bien ustez, grebak enpresa mugiaraztera bultzatu du: «Ez bagenu ezer egingo, giza baliabideetako jaun horren berririk ez genuen izango, ez hemen bederen», aipatu du Albizek. Egillorrek egun batzuk behar ditu gertatutakoari buruz hausnartzeko, baina argi du ere langileen arteko batasuna inportantea izan dela: «Antsietate eta estres handiz bizi izan ditugu egunok, eta, hala ere, gure artean ez da egon liskarrik».

Zamudion, greban

Noainen bukatu da greba, baina Zamudioko Selectako langileek greban jarraitzen dute. Astelehenean hasi zuten lanuztea, Selectaren Espainiako lantokiekin batera. Neurri batean, bidea ireki die Noainek, eta horrela onartzen du CCOOko Sergio Arnaizek: «Nire ustez, hobe genuen denok elkarrekin joatea, baina geure babesa adierazi genien, eta, egia esan, balio izan du pauso bat aurrera emateko».

Noainen bezala, Zamudion ere gogaituta daude. 74 langile dira, eta enpresak hemeretzi kaleratze proposatu ditu. Espainian, oro har, 300 kaleratze nahi ditu. Alde batetik, Selectak proposatu du enpresa ez dela ekonomikoki bideragarria. «Sindikatuek txosten desberdinak egin dituzte, eta ekonomistek ondorioztatu dute bideragarritasuna ez dagoela lan kostuen menpe». Era berean, Selectak dio bat egitearen ondorioz, lanpostu batzuk bikoiztuta daudela. «Bilera batean aurkeztu ziguten Espainian 22 inguru zirela». Azkenik, telemetria metodo berria ezarri nahi dute vending makinetan, eta, haren arabera, enpresak dio ehun lanpostu inguru sobera leudekeela: «Dena den, gure ustez, logikoena litzateke sistema ezartzea, eta orduan ikustea ea lanpostuak falta diren edo sobera diren».

Zamudion enpresa arloko lan hitzarmena dute, eta, grebaren bidez, enpresak erregulazio dosierra atzera botatzea nahi dute. Arnaizen ustez, grebak %90eko erantzuna dauka, eta langileen asmoa da «atzera ez egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.