Gatazka trenez dator

Frantziako Gobernuak dekretuz erreformatuko du SNCF tren konpainia publikoa. Langileen estatus berezia defendatuko dute sindikatuek

SNCFko langile bat Parisko tren geltoki batean, greba egun batean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bere erreformen aurkako oposizioa nahiko apala izan dela ikusita, gauzak oso zail jarri ahal dizkion sektore bati aurre egitera ausartu da Frantziako Gobernua: SNCFko langileei. Trenbide konpainia publikoko langileak—cheminot deitutakoak— eta haien sindikatuak historikoki oso ongi antolatu izan dira, eta horren ondorio dira beren lan baldintza bereziak. Estatus hori da, hain zuzen ere, Emmanuel Macron presidenteak auzitan jarri nahi duena, Europako Batasunaren irizpideei jarraituz Frantziak ere tren garraioa lehiakide pribatuei zabaldu behar diela baliatuta.2019rako AHTa eta hirien arteko trafikoak liberalizatuta egon behar du, eta 2023rako berdin gertatuko da zerbitzu publiko hutsa diren aldetik diru laguntzak derrigorrezkoak dituzten hiri barneko edo eskualdeetako trenbideak.

Erreformaren xehetasunak uda aitzin aurkeztuko ditu Frantziako Gobernuak, atzo Edouard Phillippe lehen ministroak azaldu zuenez. Baina, oro har, Jean Cyril Spinettak landutako txostenaren aholkuetan oinarrituko dela aurreratu du gobernuak, «diagnostiko gogorra baina, zoritxarrez, zuzena» egin baitu Air Franceko buru izandakoak. Konpainia publikoaren pribatizaziorik ez dakar txosten horrek, eta halakorik ez dela izango argitu zuen Phillippek.

SNCF derrigorrean erreformatu behar dela ziurtatu zuen lehen ministroak, «egoera kezkagarria duelako, jasanezina ez esateagatik. Frantziarrek, trena hartu ala ez, gero eta gehiago ordaintzen dute gero eta okerrago dabilen zerbitzu baten truke». Gehiago ordaintzeak ez ditu SNCFren kontuak onbideratu. Urtero 3.000 milioi euroko zorra pilatzen du, eta iaz jada 46.000 milioi eurora iritsi zen. Parisko gobernuak ohartarazi du ez duela osorik bere gain hartuko.

Gobernuburuak aurreratutako neurrien artean dago SNCFn sartzen diren langile berriek ez dutela cheminot-en estatus berezirik izango. «Frantses guztien lan baldintzak izango dituzte, Lan Kodean agertzen direnak». Besteak beste, SNCFko langileek bizi osorako enplegua bermatua dute, doako osasun arreta dute zentro askotan, erretiro aurreratua har dezakete (2024tik aurrera, 54 urterekin gidariak eta 57 urterekin besteak), erretreta saria azken sei hileko sariaren %75 dute, eta trena urririk erabiltzen dute.

Erreformak ez du zehaztukogalera ekonomiko handiak dituzten zein ibilbide itxi behar diren. «Horrelako erabakirik ezin da Parisen hartu kontabilitate irizpide hutsekin». Arlo horretan gobernua ez dago ados Spynettarekin, hark gutxien erabiltzen diren 9.000 kilometro ixtea proposatu baitu. Erabaki hori eskualdeen esku utzi nahi du Phillippek, eta haiek ordaintzea beren patriketatik trenbide horiek funtzionatzeko behar duten dirua.

Manifestazioa eta greba?

SNCFko sindikatuek bilera egingo dute gaur gobernuaren iragarpenei erantzun bateratua hitzartzen saiatzeko. Lehenik eta behin, «probokaziotzat» jo dute Phillippek erreforma dekretu bidez egin nahi izatea, «trikimailu» horrek eztabaidarako aukera txikitzen baitu. «Dekretuak aukeratzen baditu, gobernuak izango du gatazka handi baten ardura osoa», ohartarazi dute SNCFko sindikatu nagusiek.

CGTk manifestaziora deitu ditu cheminot-ak martxoaren 22rako, baina ez da baztertu behar horren aurretik ere grebaren bat egitea. Mugagabeko lanuztearen alde egin dute UNSAk eta CFDTk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.