Frantziako Gobernuak ez du atzera egingo SNCFren erreformaren gakoetan

Phillippek esan du prest dagoela zorra estatuaren esku uzteko, baina soilik kostuak txikitzen baditu. «Xantaia» egotzi diote sindikatuek
Tren bat bidaiariz gainezka, Parisko Saint Lazare geltokian. SNCFko langileen lehen greba egunean.
Tren bat bidaiariz gainezka, Parisko Saint Lazare geltokian. SNCFko langileen lehen greba egunean. ETIENNE LAURENT / EFE

Iker Aranburu -

2018ko apirilak 6
Parte hartze handiko bi eguneko grebaren ondoren, trenbideak normaltasunera itzultzen hasi ziren, atzo, Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Gutxi iraungo du normaltasun horrek, lanuzteek etzi eta etzidamu izango dutelako jarraipena. Hiru hilabeterako deitutako protesta amaituko duen akordio bizkorrik ez da espero gaur-gaurkoz, Frantziako Gobernuak argi utzi duelako ez duela amore emango sindikatuen eskaera nagusietan. SNCFko greba da Emmanuel Macronen gobernuak aurre egin behar izan duen protesta handiena.

France Inter irratiari elkarrizketa eskaini zion, atzo, Edoaurd Phillippe lehen ministroak, eta mezu garbi bat zabaldu zuen: protestak protesta, SNCF erreformatuko du gobernuak. Ez du atzera egingo Frantziako trenbide garraioaren liberalizazioan —Europako Batasunaren agindu bat da—, eta ez du atzera egingo SNCFko langile berriei enpresaren estatutua ez aplikatzeko proposamenean. Estatutu berezi horrek, besteak beste, erretiroa lehenago hartzeko aukera ematen die langileei —52 urterekin tren gidariei eta 57 urterekin gainontzekoei—.

Estatutuaren defentsa irmoa da grebara deitu duten sindikatuen aldarrikapen nagusia, haien ustez, estatutua kentzeak langile berrien lan baldintzak asko okertuko dituelako.

Gatazkaren beste puntu bat SNCFren zor handia da. Trenbide konpainia publikoak jadanik 54.500 milioi euroren zorra du, eta ia urtero 3.000 milioi inguru gehitzen dizkio. Zor hori bere gain hartzeko prest dagoela esan zien Phillippek sindikatuei, baina baita baldintza batzuk bete beharko direla ere horretarako. «Nik ezin dut konpromiso bat hartu, oraindik ezer ez bada aldatu SNCFren funtzionamenduan. […] Nik ez diet frantziarrei esan nahi zor hori ordaindu beharko dutela, gaur egun ezerk ez duelako ziurtatzen etorkizunean berriro defizitaren 3.000 milioi euro horiek gertatuko ez direla». Hau da, SNCFren kostuek eta errentagarritasuna hobetzeko neurriak hartu beharko direla estatuak zorra hartu aurretik.

«Xantaia da: 'Onar ezazue proposatzen dizueguna, eta ondoren hitz egingo dugu zorrari buruz'; eskandalu bat da hori», erantzun zion lehen ministroari CGTko idazkari nagusiak, Phillippe Martinezek.

Estatuak zorra bere gain hartzeko beste biderik ez dagoela azaldu zuen Frantziako beste sindikatu handiko buruak, Laurent Bergerrek. Haren iritziz, «zorra ez da cheminot-ena [trenbideetako langileena], ezta erabiltzaileena ere», baizik eta abiadura handiko burdinbideen eraikuntza garestia lehenetsi duen zuzendaritzarena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna