Bizkaiko dendariek Amazonen lehiari egotzi diote urte hasiera txarra

Martxora arte salmentak jaitsi zaizkie lurraldeko saltokien ia %60ri, Cecobiren arabera. Internet bidezko salmenta arautzeko eskatu du

Beherapenak eskaintzen dituen Bilboko denda bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Alarma hotsak jo ditu Bizkaiko merkatarien erakunde nagusiak. Cecobik galdekatutako dendarien ia %60k esan dute urtearen lehen hiru hilabeteetan salmenta txikiagoak egin dituztela. Datu horiek ez datoz bat ekonomiaren eta kontsumoaren suspertzearekin, eta ondorio bat ateratzera eraman dute Pedro Campo Cecobiko presidentea: gero eta erosle gehiago doaz nazioarteko online plataformetara, eta horrek arriskuan jarri du ohiko merkataritza.

«Ez dugu urte hasiera ona izan». Hitz horiekin hasi du Campok Cecobiren bere blogean argitaratutako azken artikulua. Datuek uste hori egiaztatu dute, hamarretik ia seik esan baitiote salmentek behera egin dutela iazko urte hasierarekin alderatuz gero. «Datu kezkagarriak dira, eta bitxiak, ekonomia sektore gehienetan hazten ari den momentuan baitatoz».

Emaitza kaskar horien errudunak Amazon eta Internet bidez saltzen duten beste plataformak direla uste du Campok. «Duela egun batzuk AEBetako presidenteak jendaurrean berriro leporatu dizkio Amazoni ohiko merkataritzaren desagerpena eta milaka lanposturen galera. Lehenengo aldiz, eta azkena izango da, guztiz ados nago Donald Trumpekin. Badirudi Europan ez dutela konturatu nahi nolako arazoa sortzen diguten banaketaren munstroek, gainontzekoekiko abantaila garbiz lehiatzen baitira».

Camporen iritziz, Internet bidez saltzen dutenek ere arau batzuk bete behar izatea da haiekin lehiatu ahal izateko modu bakarra. «Argi dago premiazkoa dela erregulazio argia ezartzea sarearen bidez egiten diren salmentei, eta gainontzekoen zerga eta tasa berberak ordaindu behar dituztela».

Amazonen eta enparauen leiarekin ez ezik, merkealdiaren desarautzearekin ere haserre dago Campo, erosleak nahasten dituelako, eta dendarien irabazi tarteak txikitzen. «Ez dirudi logikoa denboraldiaren hasieran denda batzuek %30eko edo hortik gorako deskontuak eskaintzea denboraldiko artikuluetan. Marjina normalekin lan eginez gero, ezinezkoa da denboraldia horrela hastea. Izan ere, zer deskontu egingo dute txarto deitutako beherapen horiek hasten direnean?».

Horren aurrean, «berriro ere», merkataritza jarduera modu garbian arautzeko eskatu du Cecobiko buruak. «Ez bada hala egiten, bertako eta gertuko denda tradizionalak suntsitu egingo ditugu, eta horrek eragina izango du arlo askotan».

Kontsumitzaileak nahasita daudela uste du Camposek. «Zera pentsatu behar dute: nola da posible prezio batzuk ezartzea, eta hurrengo egunean jada deskontuak izatea? Ez da arrazoizkoa, ez bada hasierako prezioak puztuta daudela. Iritsi gara egoera batera non kontsumitzaileek ez dakiten noiz erosi behar duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.