Ekainaren 30era arte zabalik izango da errenta kanpaina, Gipuzkoan

Milaka lagunek lehen egunean onartu dituzte ogasunak bidalitako likidazioak. Aberastasunaren gaineko zergaren azken urtea izango da
Jokin Perona, Jabier Larrañaga eta Yolanda Dominguez, atzo, Donostian.
Jokin Perona, Jabier Larrañaga eta Yolanda Dominguez, atzo, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Iker Aranburu -

2018ko apirilak 17
Errenta aitorpenaren kanpaina abian da jada Hego Euskal Herri osoan. Atzo ekin zion Gipuzkoako Aldundiak bere zergapekoekin kontuak kitatzeari. 259 milioi itzultzea eta 224 milioi jasotzea espero du foru ogasunak. 35 milioiko saldo negatibo hori iazkoa baino hamazazpi milioi txikiagoa da, «ekonomia suspertu izanaren ondorioz», Jabier Larrañaga Ogasun diputatuaren arabera.

Atzo hasi eta bukatu zen errenta aitorpena milaka gipuzkoarrentzat. Larrañagak eta ogasun saileko beste arduradunek azalpenak eman zituztenerako, telefono edo Internet bidez jada 11.000 zergapekok adierazi zuten ados zeudela aldundiak joan den astearen amaieran igorritako aitorpenarekin. Ia 250.000 autolikidazio proposamen bidali ditu Ogasunak, eta ia hamarretik bederatzi onartzen dituzte zergapekoek.

Autolikidazioak errenta aitorpenen bi heren dira, baina beste heren batek bere kabuz egin behar izaten du, aitorpen konplikatuagoak dituztelako. Ostiralean zabalduko diete epea ordua eskatzeko, eta datorren astelehenean irekiko dizkiete bulegoak. Aitorpena jaso eta onartu ez dutenek, berriz, apirilaren 26tik aurrera eska dezakete mekanizaturako hitzordua. Ekainaren 30a izango dute azken eguna.

Larrañagak eskerrak eman zizkien herritarrei zerga betebeharrak «zuzentasun osoz» betetzeagatik, eta gogoratu zuen haien zergek finantzatzen dituztela zerbitzu publikoak. Eskaera bat ere egin zien: aitorpena euskaraz aurkezteko. Azaldu zuenez, azken hamarkadan bikoiztu egin da euskaraz aurkezten dutenen kopurua, baina, hala ere, oraindik aitorpenen %15 bakarrik dira. «2017an 70.328 herritarren aukeratu zuten euskara Ogasunarekiko harremanetan, eta helburua da datozen lau edo bost urteetan 100.000ra iristea».

Aurtengo kanpainaren berritasun apurren artean dago ZergaBidea plataforma, errenta aitorpena aurkezteko laguntza programa berria. Euskarri berriak autolikidazio proposamena deskargatzeko aukera ematen du, baita aitorpena bertan egin eta aurkezteko ere.

Datorren urteko kanpaina berritzaileagoa izango da, azken zerga erreforma baita indarrean jartzekoa. Horrek ekarriko du Gipuzkoan aberastasunaren gaineko zerga desagertzea eta ondare zerga berrezartzea. Bere azken urtean 67 milioi euro bildu beharko lituzke aberastasunaren zergak, iaz baino 1,6 milioi euro gehiago. 7.650 pertsonak ordainduko dute, 133 gehiagok.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna