Australia eta Zeelanda Berriarekin merkataritza itunak landuko ditu EBk

Bruselak uste du AEBek Europako altzairuari eta aluminioari muga zergak ezarriko dizkietela ekainean 1ean, negoziazioak ez doazelako aurrera

Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Donald Trumpek AEBetatik bultzatu duen merkataritza politika protekzionistari kontrako estrategiarekin erantzuten ari da Europako Batasuna. Merkataritza liberalizatzeko itunak sinatu ditu Kanada, Japonia, Singapur, Vietnam eta Mexikorekin, eta orain Ozeaniara zabaldu nahi du zerrenda. Australiarekin eta Zeelanda Berriarekin negoziazio formalak hastea onartu zuen atzo.

«Berri ona da. […] Dagoeneko gertu gaude balioetan eta gure ikuspuntu irekian eta globalean. Elkarrekin, guztiok irabazteko itunak negoziatuko ditugu, geure negozioetarako aukera berriak zabalduko ditugu, aldi berean babestuta garapen jasangarrian ditugun estandar handiak», ziurtatu zuen Cecilia Malmstrom EBko Merkataritza komisarioak. Ekainean joango da Canberrara (Australia) eta Wellingtonera (Zeelanda Berria), negoziazioak ofizialki hastera.

Komisarioak gogoratu zuenez,EBk halako merkataritza harremana du Kanadarekin eta Mexikorekin, bi herrialdeak urrun egon arren.

AEBekin, gaizki

Baina EBren arazoa da Pazifikoan irabaz dezakeenak ziur aski ez diola konpentsatuko Atlantikoan gal dezakeena. Izan ere, Malmstromek berak onartu du gauzak ez doazela ongi AEBekin altzairuaren eta aluminioaren gaineko muga zergen harira hasitako negoziazioetan. Maiatzaren hasieran, beste hilabete batez luzatu zuen Trumpek EBren inportazioak aduana zergaz salbuesteko agindua, baina azken aldia izango zela esan zuen. «Ez dut uste salbuespena luzatuko dutenik», onartu du Merkataritza komisarioak. Hainbat aldiz hitz egin du Wilbur Ross AEBetako Merkataritza idazkariarekin, eta hark uste du EBren negoziaziorako eskaintza ez dela nahikoa.

Horrek eragingo luke EBko enpresek AEBetan saltzen duten altzairuak %25eko muga zerga ordaindu behar izatea, eta %10ekoa, berriz, aluminioak. Europako Batasunak AEBetako hainbat produktu ikonikoren gaineko muga zergekin erantzuteko asmoa du. Besteak beste, Harley Davidson motorren eta bourbon whiskiaren inportazioak zergapetuko ditu Bruselak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.