AEBen aurkako zigorrak uztailean jarri nahi ditu indarrean Bruselak

Trumpen merkataritza politikaren kontrako guztiek bat egitea proposatu du Angela Merkelek. Mexikok ere erantzun die AEBei

Angela Merkel Alemaniako gobernuburua, atzo, Bundestagen. CLEMENS BILAN / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Donald Trumpen muga zergei baturik erantzungo die Europako Batasunak. Alemaniaren zalantzak uxatu dituela uste du Europako Batzordeak, eta horregatik eman du agindua AEBetako aurka zigorren prozedura abiatzeko. Hurrengo asteotan EBko kide guztiek ontzat hartuz gero, uztailaren hasieraz geroztik %25eko muga zerga ordaindu beharko du kontinente zaharrean saltzen diren AEBetako produktu zerrenda luze batek.

Hasiera batean 2.800 milioi euroren inportazioak zergapetuko ditu EBk. Produktu ikoniko asko daude zerrenda horretan —bourbon whiskia, jeansak, Harley Davidson motorrak, kakahuete krema...—, baina baita produktu arruntagoak ere, hala nola tabakoa, luxuzko itsasontziak eta laranja zukua. Zerrenda horrek badu ezaugarri bat: horietako gehienak Trumpen alde bozkatu zuten lurraldeetan ekoizten dira. Hau da, AEBetako presidentearen hautesleei bereziki emango die min muga zergen ondorioz gutxiago esportatzen badituzte.

Atzo abian jarritako muga zergei beste batzuk segi diezaiokete aurrerago, EBk Munduko Merkataritza Erakundean AEBen aurka jarritako salaketak aurrera egiten badu. Guztira 6.400 milioi euroren inportazioak ditu jomugan Bruselak, kalkulatu duelako Europaren esportazio horiek egingo dietela kalte AEBek altzairuari eta aluminioari ezarritako tarifei.

Azken muga zerga horiek «legez kanpokoak» direla berretsi zuen atzo Maros Sefcovic lehendakariordeetako batek. Europaren erantzuna, berriz, «bat dator» MMEren arauekin, «geure industriak eta interes legitimoak defendatzeko» hartutako neurriak direlako.

Denak ados zigorrekin

Batzordeko beste presidenteordeak, Jyrki Katainenek, ziurtatu zuen EBko kide guztiak bat datozela atzo proposatutako isunekin. Hasiera batean Alemania nahiko uzkur zegoen, batasuneko esportatzaile nagusia izanik hark duelako gehien galtzeko AEBekin merkataritza gerra hasten denean. Baina azken asteotan Trumpi gogor erantzuteko tesiarekin bat egin du Berlinek ere.

Are gehiago, Washingtonen merkataritza politika protekzionistari aurre egiteko prest daudenen koalizio bat beharrezkoa dela esan zuen atzo Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Espresuki Kanada eta Mexiko aipatu zituen, biak ala biak ari direlako NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Librerako Akordioa AEBekin berriro negoziatzen, Trumpek horretara behartuta. Negoziazioak aspaldi bukatu nahi zituen Etxe Zuriko maizterrak, baina Kanadak eta Mexikok ez dute uste bezain erraz amore eman.

Horregatik beragatik, bere iparraldeko eta hegoaldeko auzoen altzairu eta aluminio inportazioei ere muga zergak ezartzen dizkie AEBek ekainaren 1az geroztik. Kanada da kaltetuena, hura baita AEBetan altzairu gehien saltzen duena. MMEra jo du, oraingoz.

Mexikok, berriz, asteartean jakinarazi zuen %15 eta %25 arteko muga zergak jarriko dizkielaAEBetako bourbonari, sagarrei, gaztari eta txerrikiari. AEBetatik erosten dituen produktu nagusiak —soja eta artoa— salbuetsi ditu, bere abeltzaintzari kalte ez egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.