Naval «muturrera» eramatea egotzi die langile batzordeak bankuei

Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bitarteko izateko Van Oord armadorearen eta bankuen artean, draga baten finantzaketari bide emateko
Sestaoko Navaleko langile bat, ontziolan egindako protesta baten ostean.
Sestaoko Navaleko langile bat, ontziolan egindako protesta baten ostean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Xabier Martin -

2018ko ekainak 14
Navalen geroa baldintzatuko duen operazio finantzarioaren labirintoan ez da irteera ikusten oraingoz. Bankuek Van Oord armadoren herbeheretarrarentzako den dragaren finantzaketa negoziatzeko ardura hartu zuten aurreko asteetan, Navali oxigenoa emango liokeen operazio konplexu baten oinarrizko ekarpen gisa. Baina langile batzordeak ez du ikusten negoziazio hori aurrera egiten ari denik, eta entitate finantzarioei kargu hartu zieten, atzo. «Naval muturreko egoera batera eramaten ari dira», esan zuen langile batzordeak; «arriskuan jartzen ari dira Navalen geroa». Hala, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza eskatu zuten.

Itxura batean Van Oord armadoaren eta bankuen arteko negoziazioak ez doaz bide onetik, eta harremana gaiztotzen ari da, nahiz eta ez diren hautsi. Armadoreak uko egin zion dragaren kontratuari orain aste batzuk, nahiz eta ontziolaren atzerapenek horretarako eskubidea ematen zioten. Bermea aseguratzen zuten bankuek 42 milioi euro itzuli behar zizkioten, eta eraikitako dragaren kroskoaren jabe egin. Hortik abiatuta, armadoreak berriro draga erosteko negoziazioak egingo zituen bankukekin. Kontua da bankuak ez daudela prest bermeak gauzatzeko, eta legearen zirrikituen bila hasi direla 42 milioi euro horiek ez pagatzeko; kopuru hori da burutu gabe dagoen ontzian egindako inbertsioa. Armadoreak bankuei egindako eskaintza «urria» litzateke, eta horregatik erabaki ei dute bankuek bermeak ez ordaintzea.

Kopuru bat adostu behar

Armadorea eta bankuak ados jarriko lituzkeen kopuru bat bilatzeko helburuarekin jarraitzen dute Navalen. Kopuru bat adostuko balitz, bermeak gauzatuko lirateke, eta Navalek Rotterdamgo armadorearekin negoziatzen jarraituko luke dragaren eraikuntza Sestaoko nasetan burutu dadin. Navalek behar-beharrezkoa du draga hori, ontziola «muturreko egoeran» dagoelako, batzordeak dioenez. «Orain arte, pazientzia arduratsu bat izan dugu, negoziazioa lasaitasunez egin dadin, baina pazientzia hori agortzen ari da Navalen bukaera gerturatzen ari delako», esan du langile batzordeak. Harentzat, bankuen esku dago «ontziolaren geroa», eta Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuarekin batzarra eskatu du. Lakuak bitartekari lana egin dezan nahi dute Sestaoko ontziolako beharginek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna