2030ean kontsumoaren %32 energia berriztagarriekin egin nahi du EBk

Bruselak «eguzkiaren zerga» debekatuko du, 2026ra arte. Ekologisten ustez, motz geratu da EB

Lurreko haize errota batzuk, artxiboko irudian. MARIO ARTURO MARTÍNEZ / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Bilera maratoiak tradizio dira Europako Batasuneko goi negoziazioetan, eta ohiturarik ez dute apurtu energia berriztagarrien inguruko legedi berria adosteko ere. Gau osoa igaro zuten eguaztenetik eguenera, hamabi ordu, bilera bileraren gainean eginez Europako Parlamentuko, Batzordeko eta 28 gobernuetako ordezkariek. Adostasunaren ke zuria atzo goizaldean lortu zuten. Eta ohi bezala, erdibideak irabazi du. EBko gobernuek defendatu dute energia berriztagarrien bidez sortutako energia kontsumoaren %27 izan behar dela 2030erako; Europarlamentuak, ostera, %35 eskatzen zuen. Azkenean, kontsumoaren %32 izango da energia zuzentarauan 2030. urterako ezarritako helburua.

Azken esprinta baino ez da izana bart gauekoa, hemezortzi hilabete luze baitaramatzate negoziatzen zuzentarau berria. Energiaren mundua trantsizioan dago, bereziki, 2016ko apirilean munduko potentziarik handienek Parisko Akordioa sinatu zutenetik.

Hain zuzen, akordio hori bete ahal izateko erabaki zuten zuzentarau berria egitea. EBren orain arteko helburua zen 2020an berriztagarriek energia kontsumo orokorrean %20ko pisua izatea; orain, helburua handitu eta atzeratu dute: %32, 2030erako.

Azken datuen arabera, iaz EBn kontsumitutako energiaren ia %17 izan zen energia berriztagarrien bidez sortua; beraz, handia izango da 2030era bitartean egin beharreko esfortzua. Herrialdez herrialde, nabarmenak dira aldeak. 2015eko datuei erreparatuz gero, Nafarroan kontsumitutako energiaren %18 izan zen energia berriztagarria, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %7 baino ez. Suediak kontsumitzen du energia berriztagarri gehien (kontsumo osoaren %42), baina energia nuklearraren erabilera ere oso handia du (%32). Bestalde, energia berriztagarri gutxien Luxenburgok eta Herbehereek kontsumitzen dute: %5.

2030erako helburu bat finkatzea bezain garrantzitsua izan da estatu kideek onartzea, 2023an zenbaki hori birpentsatzea, eta, gorago eramatea, baldin eta, ordurako, berrikuntza teknologikoek ahalbidetzen badute trantsizio energetikoa bizkortzea.

Lanpostuak eta faktura

Miguel Arias Cañete EBko klima komisarioak azpimarratu du «anbizio berri honi esker» Parisko Ituneko helburuak errazago beteko dituztela EBko herrialdeek. Arias Cañetek onura gehiago ere ikusten dizkio energia berriztagarrien langa igotzeari: «Lanpostu gehiago sortuko dira, energia fakturak merkatu egingo dira kontsumitzaileentzat, eta energia gutxiago inportatuko dugu».

Helburuak bete ahal izateko, hura lortzeko traba batzuk ezabatuko dituzte. Horrela, autokontsumoa sustatzeko, Bruselan adostu dute «eguzkiaren zerga» deiturikoa ezabatzea, gutxienez 2026ra arte. Herritarrek beraien energia berriztagarria ekoiztea, kontsumitzea eta biltegiratzea ahalbidetu nahi du Bruselak, teilatuetako eguzki plaken bidez, adibidez.

Gainera, energiari buruzko zuzentaraua berrituta, beste etxeko lan bat ere jarri dute 2030erako: EBko estatuen arteko interkonexio elektrikoa %15era arte handitu beharko da. Era berean, Bruselak adostu du garraio sektoreak ere energia berriztagarri gehiago erabiltzea 2030erako, kontsumoaren %14 hain justu. Ildo berean, ibilgailu elektrikoak sustatzeko,maiatzean Bruselak kamioien CO2 isuriak murriztea proposatu zuen, lehenengo aldiz: 2025erako, %25 apaldu nahi ditu emisioak, eta 2030erako, %30.

Bruselan atzo goizean onartutako beste neurrietako bat bioerregaiei buruzkoa izan da. Estatu kideek lehen belaunaldiko bioerregaiak sortuko dituzte aurrerantzean ere —etanola, esate baterako—, baina lortzen duten produkzio maila lortze dutela, 2020an izoztu egingo da kopuru hori. Bigarren belaunaldiko bioerregaien produkzioari, berriz, helburu zehatz bat jarri diote, %3,5ekoa. Elikatzeko ez den laborantzatik sortutako bioerregaiak dira bigarren belaunaldikoak, egurretik sortutakoak, kasu.

Elkarte ekologisten ustez, energia berriztagarriei buruzko akordioa motz geratu da. Greenpeacek, esaterako, bereziki gogor kritikatu du bioerregaien auzia, uste duelako «mehatxu bat dela Europako basoentzat, onartuko dutelako zuhaitz eta labore gehiago erretzea energia sortzeko». EBk neurri horiekin munduari ematen dion eredua «ikaragarria» da, Greenpeacen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.