Kurduen babesarekin, Irakeko Parlamentuak gobernu berria onartu du

Al-Abadi lehen ministroak adierazi du prest dagoela kurduen autonomiarekin«erabaki gabe» dauzkaten auziak eztabaidatzeko
Kurdistango Eskualde Autonomoko peshmerga bat, Makhmur barrutian, Ninive probintzian, Iraken.
Kurdistango Eskualde Autonomoko peshmerga bat, Makhmur barrutian, Ninive probintzian, Iraken. MOHAMED MESSARA / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 9
Lau hilabete baino gehiagoren ondoren, Irakeko fakzioek gutxieneko adostasun bat egin, eta parlamentuak oniritzia eman dio gobernu berriari. IS Estatu Islamikoaren aurkako borrokan laguntzeko, AEBek ezinbertzeko baldintzatzat paratua zioten Iraki batasuneko gobernu bat eratzea lehenbailehen. Diputatu kurduen babesa falta zuen gobernuak, eta atzo iluntzean azken orduan egindako bozketan lortu zuen. «Irakeko Parlamentuan parte hartzea erabaki dugu, eta hiru hilabeteko epea emanen diogu gobernuari bi aldeei dagozkigun arazoak konpontzeko», adierazi zuen Hoxiar Zebari KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoko kide eta Irakeko Atzerri ministro ohiak. Dena den, Barne eta Defentsa ministroak izendatzeko ez dira ados paratu.

Kurdistango Rudaw kazetaren arabera, AEBetako diplomatikoek gogor presio egin diete diputatu kurduei, Irakeko gobernu berria babes zezaten. Barack Obama AEBetako presidenteak erabakigarritzat jo du Irakeko hiru fakzio nagusiek —arabiar xiitek, arabiar sunitek eta kurduek— onartuko duten gobernu bat eratzea, Irakeko indarrei ISren aurka laguntzeko —Obamak bihar azalduko du Iraken gauzatzekoa duen estrategia—. Horregatik, Etxe Zuria eragile erabakigarria izan da gobernu berria osatzeko. Inbasioaren bukaeran (2011), AEBek Nuri al-Maliki xiita utzi zuten agintean. Joan den apirilean hauteskundeak irabazi zituen, baina sunitek eta kurduek gogor kritikatu izan dute, «sektarioa» izatea egotzita. Hori dela eta, ISren erasoaldiaren ondoren AEBek ere presio egin zuten Al-Malikik kargua utz zezan. Duela hilabete bat eman zuen dimisioa, eta orain parlamentuak Haider al-Abadi hautatu du lehen ministro.

Al-Malikiren Dawa alderdikoa da Al-Abadi, eta lehen ministro ohia bezala, xiita da. «Kurdistango Eskualde Autonomoarekin erabaki gabe dauzkagun auziak eztabaidatzeko prest dago nire gobernua», adierazi du Al-Abadik. Auzi horiek, nagusiki, hiru dira: bata, lurraldetasuna —kurduek eskualde autonomotik kanpo lurraldeak dauzkate kontrolpean IS bidali ondotik—, petrolioa —bere kabuz saldu nahi du eskualde autonomoak— eta Arbilen arabera Bagdadek zor dion dirua.

NBEren deia nazioarteari

NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Goi Mandatari Zeid al-Husseinek esan du Irakeko eta Siriako gatazkek izan beharko luketela nazioartearen lehentasuna. Lehenik, «gutxiengo etniko eta erlijiosoak babestu beharko lituzke» IS Estatu Islamikoarengandik, eta ondoren gehiegikerien arduradunak justiziaren esku jarri. Horretarako, Al-Husseinek Iraki eskatu dio nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikzioa onartzeko. Arabiar Ligako kide diren herrialdeek, berriz, adierazi dute ISren aurkako neurriak aztertuko dituztela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna