Fernandezek paparra atera du

Kutxabank osatzen duten hiru banku fundazioen akzioak saltzen hasteko asmoa duela berretsi du Fernandezek.

Kutxak banku fundazio bihurtzeko eztabaidak «denbora galera» eragin duela dio
Mario Fernandez, atzo, Bilbon eman zuen prentsaurrekoan.
Mario Fernandez, atzo, Bilbon eman zuen prentsaurrekoan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2014ko urriak 29
Kutxabankeko akziodunek «erabakitzeko eskubidea» dutela oraindik ere; horixe Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak atzo azaldu zuena. Europako Banku Zentralak egindako estres azterketan lortutako emaitzek bultzatu du hori esatera. Baina, finean, duela hilabete batzuk aurreratutako asmoak berretsi besterik ez zituen egin: hiru banku fundazioek Kutxabanken dituzten akzioak saltzea. Saldutako akzioekin lortutako dirua inbertitu, eta haren etekina gizarte ekintza hornitzeko baliatzea defendatzen du formulak. Eta era horretan bermatuko luke etorkizuneko «gizarte ekintzaren finantzaketa». Hiru kutxak banku fundazio bihurtzeko prozesua amaitu ondoren bideratu nahi du Fernandezek hausnarketa prozesua. Edo berak adierazi bezala: «Handitan zer izan nahi dugun erabakitzea». Akzioen salmenta hori zein modutan egingo den erabakitzea falta da, ordea. «Oraindik inor ez da gurekin harremanetan jarri».

Hausnarketa prozesu berri horretan, aurrerantzean nola borrokatu beharko duten erabaki beharko dute Kutxabanken. Urte berriarekin batera Europako banku izango da Kutxabank, eta datorren asteartetik aurrera EBZ izango da euren ikuskatzaile berria. Horregatik, merkatu berri batean sartzen direla jakitun da Fernandez. Baina merkatu horretako borrokara indar gutxiagorekin iritsiko da bankua. «Pedaletako autoekin Ferrarien aurka lehiatzera joango bagina bezala goaz». Izan ere, Kutxabankek duen izaeragatik, gainerako bankuak baliabide gutxiagorekin irtengo dira lehiara. Horregatik, gainerako bankuek egiten dutena errepikatzeko nahia berretsi zuen beste behin ere: burtsan kotizatzea. Eta horretarako epe bat ere jarri zuen. «Hemendik hiru edo bost urtetara Kutxabank burtsan kotizatzen egongo dela ikusten dut».

Zabaltze hori banku fundazioentzako albiste «bikaina» izango litzatekeela nabarmendu zuen Fernandezek. Era horretan bankuaren irabaziak ez diren bestelako diru iturri bat bermatzea lortuko luketelako. «Txarra al da gizarte ekintza elikatzeko beste diru iturri bat izatea? Ez al da hobea papertxoak izateaz aparte [akzioak] inbertsioekin euroak irabaztea?», galdetu zuen.

Horrekin batera, sor litezkeen kritika eta beldurrak ere uxatu nahi izan zituen bankariak. «Ezin dugu baztertu kapital handitze bat egitea, gainerako bankuen maila berean jokatu behar dugulako. Egoera berrira egokituko gara, beste hainbat kutxek egin zuten bezala». Era horretan, ordea, lurraldeak artean ere bankuaren kontrola edukiko zuela azaldu zuen. «Caixabank ere burtsan kotizatzen hasi zen 2011n, eta gaur nork esan dezake kataluniar izateari utzi dionik?».

Hausnarketa, beranduegi

Abiatzera doan prozesu berriarekin, ordea, Kutxabankeko presidentea ez dago erabat konforme. Izan ere, hausnarketa prozesua «beranduegi» hasi dela salatu zuen, aurretik izandako bederatzi hilabeteko eztabaidaren eraginez. «Gurpila berrasmatzen ibili gara, azkenean aurreikusten zena egiteko». Kutxak banku fundazio bihurtzeko garaian egon den gatazkari erreferentzia egin zion horrela. «Xehetasunak gora behera, legeak dio kutxek banku fundazio bihurtu behar dutela. Eta horren inguruan alferrik eztabaidatzen ibili gara». Hitz horiekin EH Bildu eta Gipuzkoako Foru Aldundia izan zituen gogoan. «Diputazioak egindako azterketak ere zehazten du legeak argi eta garbi esaten duena: kutxek banku fundazio bihurtu behar dutela. Denbora galdu dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna