EIren gorpuak, Kobanen usteltzen

Estatu Islamikoaren setioa sufritu ondotik, hilerri erraldoi bat bihurtu da Kobane. Hiru bat mila jihadista hil ziren borroketan, eta orain hilotzek osasun arazo larria sor dezakete hirian.

Aldirietan hobi komun batean lurperatzen dituzte jihadisten gorpuak. J.M. LOPEZ.
Kobane
2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Azer nolako kiratsa!», dio Mohamedek nazka aurpegiarekin, EI Estatu Islamikoko borrokalari baten gorpura hurbildu ahala. «Ez nituen sekula horren gertutik ikusi. Benetan da nazkagarria», baieztatu du gaztetxoak jihadista baten hanka zatiei so. Usaina okagarria da. Ikuspegia, izugarria. Baina 11 urteko Mohamedek ezin ditu begiak haragi usteldutik kendu.

Kobane hilerri erraldoi bat da, eta ehunka gorpu usteltzen daude eguzkitan edo koalizioko abiazioak txikitutako eraikinen hondarretan. Ustel eta herio kiratsa dario hiriari. Morteroek suntsitutako etxebizitza baten hondakinetan, hanka bat zintzilik. Burezur bat betoi zatietan ezkutaturik. Erdibitutako gorputz batean oraindik igar daiteke FC Bartzelonaren elastikoa. Ez da batere zaila EIko borrokalarien gorpuzkiekin topo egitea. Borroka gogorrenak izan diren lekuetan non zapaldu kontuz ibili beharra dago, gorpu asko erdi lurperaturik baitaude bonbardatutako eraikinen artean.

Kurduen arabera, 3.000 jihadistatik gertu hil dira borroketan. Ezinezkoa da kopurua zehatz kalkulatzea, hiria suntsituta baitago —gorpu asko hondakinen azpian daude—, eta beste asko aire erasoen ondorioz ezereztu dira. Hilotz batzuek hilabeteak daramate usteltzen, kasik muturreko islamisten erasoaldiaren hasieratik. «Jihadistek ez dute atsedenik hartu beren hildakoak lurperatzeko. Botata utzi zituzten kalearen erdian edo etxe inguruetan. Bost axola zitzaien», azaldu du Saber Damerrek, hiriko garbiketa brigadako zuzendariak.

1992. eta 2003, urteen artean preso egon zen Damer, Hafez al-Assaden erregimenari aurka egiteagatik. Orain zortzi laguneko talde bat gidatzen du, eta azken hilabetean ehunka borrokalariren hilotzak —edo haien hondarrak— jaso dituzte.

Jantzi bereziz, eskularruz, maskaz eta plastikozko betaurrekoz horniturik, Kobaneko kaleetan barrena dabiltza, eta aurkitzen duten edozer hondakin jasotzen dute. Sarritan, herritarrek beraiek deitzen diete. «Etxera itzultzen garenean dozenaka gorpu aurkitzen ditugu. Batzuk mantekin estaltzen ditugu, darien kiratsa arintzeko», azaldu du Ahmedek, auzoko bizilagunak. Brigada laguntzeko islamisten gorpuak markatzen ditu. «Infekzio eta osasun arrisku gunea da. Zer gertatuko da eguraldi ona eta beroa iristean?», galdetzen dio bere buruari Ahmedek.

Hori da, hain zuzen ere, Kobaneko herritarrek orain aurre egin behar dioten arazo nagusia. «Kaleetan eta hondakinen azpian ehunka gorpu usteltzen ari dira. Hilotzak larbaz beterik daude, eta, beroa hasitakoan, zabaldu eta Kobaneko herritarrei gaitzak kutsatzen hasiko dira. Hondakin azpiak fumigatu beharko genituzke epidemiari aurre egiteko, beranduegi izan baino lehen», ohartarazi du Mahmutek, garbiketa taldeko kide batek. Taldea gogotik lan egiteko prest badago ere, baliabide eskasia dute oztopo.

Kobaneko herritarrak mehatxatzen dituen epidemiei aurre egiteko laguntzaren esperoan, brigadak hilotzak jasotzen jarraitzen du. Ekialdean, borroken gogortasuna zutik geratzen diren etxeen bidez neurtzen da —kasik batere ez—, eta gorpuak kaleetan pilatzen dira.

Agiriak, dirua eta koranak

«Lehenengo, poltsikoak miatzen dizkiegu», azaldu du Mustafak, taldeko beste kide batek. Koranaren ale bat. Pasaporteak. Haien jaioterriko dirua. «Jordaniako pasaporteak eta Siriako nortasun agiriak topatu ditugu. Baina hain zen tamalgarria hilotzen egoera, ezen ezin izan baitugu baieztatu haiek zirela».

Marokoko txanponak, euroak edo Irakeko billeteak dira gorpuetatik jaso dituzten gauzetako batzuk. «Horrez gain, ez dakigu ezer gehiago haien jatorriari buruz. Ez familiaren argazkirik. Ez sakelako telefonorik», dio Mustafak gorputz enborrean hainbat bala zulo dituen EIko borrokalari baten gorpuari erdeinuz begiratzen diola.

«Destaina diet. Niregatik, eguzkitan usteltzen geratzea zeukaten, hiriko kaleetan barrena hara-hona dabiltzan zakurren bazka izan zitezen. Baina ez dugu haiek bezalakoak izan nahi. Guk hilotzak errespetatzen ditugu, eta lurperatu egiten ditugu. Finean, gizakiak dira, haien gizatasuna ezbaian geratu bada ere», argitu du garbitzaileak. Lanean zebilela, EIren kontrako borrokan hildako hainbat adiskideren gorpuak aurkitu ditu. «Jantziengatik edo aldean zeramatzaten gauzengatik ezagutu nituen... Ohore guztiekin lurperatu genituen».

Eta zer egiten dute jihadisten gorpuekin? Mahmut Sadeik bere traktore txikia gidatzen du hiriko kaleetan barrena. Gorpu ustel mordoa pilatzen da kaxan. Ingurukoen begirada kaxatik ateratzen diren eskuetan eta hanketan finkatzen da. Batzuek argazkiak ateratzen dituzte. Besteek Mahmut txalokatzen dute. Gutxik apartatzen dute begirada. «Kobaneko aldirietara eramaten ditut. Hobi komunak egin ditugu, eta denak batera lurperatzen ditugu. Erre egin behar al genituzke? Agian bai, baina soilik Alak du pertsonak erretzeko eskumena. Hark egin dezan utziko dugu», azaldu du egunean joan-etorri bidaia berbera hainbat aldiz egiten duen gidariak.

Hiriaren soslaia ebaki dute bonbek. Gerrak muturreko egoerara eraman du Kobane, baina, hala eta guztiz, Kurdistango martiri hirian bizitzak aurrera egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.