Hobekuntza indartuko den iritzia nagusitu da Arabako enpresetan

Merkatuaren susperraldiak gora egingo duela diote konpainia gehienek, aurreko hilabeteetan izan den geldialdia atzean utzita.«Araba hazten ari da, baina oso motel», ohartarazi du SEA patronalak

Arabako enpresen baikortasuna handitu egin da hilabeteotan. Irudian, Mercedeseko lantegia. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2016ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ekonomia globalak izan duen urte hasiera korapilatsuak ez du itzali Arabako enpresen baikortasuna. SEA patronalak egindako inkesta bati erantzunez, berriro krisia gogortzeko arriskurik ez dute ikusten herrialdeko enpresek. Aldiz, gero eta gehiago dira uste dutenak merkatuaren susperraldia indartuko dela datozen hilabeteotan.

Industria barometroaren berri eman zuen atzo Arabako enpresaburuen elkarteak. Herrialdeko 300 enpresa inguruk emandako erantzunekin egindako azterketa da. Emaitzak joan den urtarrilean jaso zituzten. Giro aldaketa baten itxaropena nagusi da enpresetan. Inkestari erantzun ziotenean gehiengo batek —%57k, hain zuzen ere— merkatua atzeraldian edo geldirik ikusten zuten. Aldiz, %55ek espero du heldu den hilabeteotan suspertuko dela.

Emaitza baikor horiek zuhurtziaz interpretatu nahi izan ditu patronaleko idazkari nagusiak, Juan Ugartek. «Araba hazten ari da, baina oso motel», ohartarazi du. Enpresa askok merkatua geldirik ikusten dute. «Egoera ez da suspertzen ari denok nahiko genukeen energiarekin», Ugarteren hitzetan. Krisiaren kolpea inguruko lurraldeetan baino handiagoa izan da, baina gehiago kostatzen ari zaio Arabari irteera finkatzea.

Jarduera ekonomiko gehienetan islatu da susperraldiaren aldeko apustua. Metalgintzan, esaterako, enpresen %56k ikusten dute egoerak hobera egingo duela urtearen joanean, gaur egun baino hamar puntu gehiago. Zerbitzuetan eta kimikoetan ere indarra hartzen doa iritzi hori. Salbuespena da eraikuntza eta hari lotutako sektorea, zurgintza esaterako. Eraikuntzako enpresen erdiek merkatuan atzeraldi gogorra espero dute datozen hilabeteotan.

Fakturazioari erreparatuta ere krisiaren aldirik latzenak atzean geratu dira, behintzat inkestari erantzun dioten enpresen artean. Espainiari egindako salmentak handitu dituzte enpresen %47k. Aurreko urtean baino hamabi puntu gehiago dira. Esportzaileen egoera are hobeagoa da: %54k gehiago saldu dute, aurreko urteko emaitza 14 puntu handituta. Orotara, Arabako enpresen %53k urte bat lehenago izan zituzten emaitza ekonomikoak gainditu dituzte 2015ean.

Enpresen «konpromisoa»

Enpleguari eta inbertsioari buruzko emaitzak azpimarratu ditu SEAko idazkariak. Haren ustez, enpresek herrialdearekin duten «konpromisoa» islatzen da datu horietan. Soilik enpresen %6k aurreikusi dute lanpostuak gutxituko dituztela hurrengo urte erdian. Aldiz, %18 prest daude langile gehiago kontratatzeko. Joan den urteko emaitzekin alderatuta, enplegu gehiago sortu du enpresen %35ek. Hilabeteak aurrera egin ahala enplegua sortzeko joeraren gorakadak aurrera egin duela egiaztatutzat jo du SEAk.

Hobekuntzaren beste neurgailu bat litzateke produkzio gaitasunaren erabilera. Azken zazpi urteetan oso ehuneko apaletan egon da. Hau da, enpresek aukeran baino askoz gutxiago ekoizten aritu dira, baina egoera aldatzen hasi da. Hala, dagoeneko enpresen erdiak euren ahal- menaren %80tik gora ari dira erabiltzen. Metalgintzak oso igoera adierazgarria izan du aurreko inkestetatik hona.

SEAren arabera, hamar enpresarik bederatzi prest daude orain duten inbertsio mailari eusteko edo igotzeko. Aipagarria da kimika sektorearen egoera: lau enpresatik hiruk gehiago inbertitzeko borondatea dute aurten.

Ekonomiaren egoera, kezka

Kezka nagusiak zeintzuk diren galdetuta, erantzunek ere badute zer aztertu. Espainiako ekonomiaren ahulezia kezka iturri da %63rentzat. Aldiz, nazioarteko ekonomia %40k baino ez dute aipatu buruhauste modura. Txinako gainbehera, petrolioaren merkatzea, lehengai enpresen emaitza eskasa, altzairuaren krisia edo burtsa merkatuen zurrunbiloak eragin oso txikia izaten ari dira Arabako enpresaburuen animoan. SEAko idazkariaren ustez,kezkatzeko modukoak dira nazioarteko ekonomikoari lotutako arriskuak «Ez ahaztu oso herrialde esportatzailea garela», zehaztu du Ugartek.

Aurrera begirako baikortasun horri kontrajartzen zaio Confebaskek enpresen sorrerari buruz atzo emandako datua. Gizarte Segurantzan erroldatuta dauden enpresen kopuruak behera egin du otsailean, bigarren hilabetez jarraian. Jaitsierarik handiena Araban izan da, gainera. Autonomo kopuruak ere behera egin du.

Bi datu horiek ematen ari zen hobekuntzan «geldialdia» islatzen dutela uste du Confebaskek, eta galdutakoa berreskuratzeko atzeratzeko arriskua legoke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.